AKTUALITATEA


| 2024-01-17 10:42:00

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabileran datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu.

Hori dela eta, Getxo herri jasangarriagoa bihurtzeko helburuarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, estrategikotzat jotzen dugu legealdi honetan trantsizio energetikoaren aldeko urratsak egitea. Kasu honetan, Udalak energia berriztagarrien sorkuntza proiektuak aurrera eramango ditu, horretarako bideragarriak diren espazio publikoetan; instalazio fotovoltaikoak edo eguzki energia termikoarenak jarriko ditu udal eraikinetan.

Udal-eraikinetan energia berriztagarriak jartzeak berez zentzua du, baina, gainera, funtsezkoa da eredugarria delako. Ez da batere koherentea administrazio publikoek energia berriztagarriak sustatzeko kanpainak egitea udalerriko biztanleen artean, eta, era berean, beraiek ez egitea energia berriztagarrien aldeko apustu irmorik.

Honegatik guztiagatik, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

- Energia jasangarrirako Ekintza Plana egitea 8 hilabeteko epean, Bizkaiko Foru Aldundiaren 219/2023 FORU DEKRETUA abenduaren 28an argitaratu zituzten dirulaguntzekin finantzatu ahal izateko. 

- Planean adierazitako ekintzak gauzatzeko kronograma bat egitea 2025eko aurrekontuetan kontua izateko eta ekintzak udal finantzaketarekin egiteko. 

- Dirulaguntzen partida bat sortzea udalerriko etxebizitza eta enpresetan energia berriztagarriak instalatzeko, eta Getxoko Udalak egin ditzakeen hobari fiskalak sustatzea, lege esparruaren barruan noski.