AKTUALITATEA


| 2022-01-26 12:56:00

Bestalde, EH Bilduren proposamena da erabateko dedikazioa (edo lanaldi erdia, hala badagokio) duten zinegotziak hauteskundeetan lortutako emaitzekiko proportzionalki banatzea, une honetan EAJk dagozkion liberazio gehiago baititu, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren kalterako.

Soldatei dagokienez, koalizio soberanistak proposatu du alkatearen soldata %20an murriztea (urtean 23.000 euro aurreztea esan nahi du), eta dedikazioa duten zinegotzien ordainsariak aldatzea: Gobernu-erantzukizunak dituzten zinegotzien edo bozeramaileen eta ardurarik gabeko zinegotzien arteko soldata-bereizketa ezabatzea (gaur egun lehenengoek 70.000 euro urtean kobratzen dituzte, ardurarik gabekoek 55.000 euro urtean), eta 50.000 euroko soldata ezartzea denentzat. Horretaz aparte, %10eko gehigarria edukitzea kudeaketa erantzukizuneko zinegotziek. Proposamen honekin 260.000 euro urtean aurreztuko lituzke Udalak.

Era berean, aholkularien kopurua murriztea proposatzen du (gure ustez, ez da beharrezkoa Gobernuak halakorik izatea, udal plantilla bere esku daukalako), eta hauen soldata %20an murriztea (urteko soldata 47.000 eurotan ezarriz). Proposamen honek urtean 187.500 euro aurreztea dakar udal kutxetan.

Azkenik, EH Bilduk proposatzen du osoko bilkuretara eta batzordeetara joateagatik udal-soldatarik ez duten zinegotzien dietak %20an murriztea, eta urtean 12.000 euroko muga kentzea, hau oposiziorako oztopo den heinean taldeen auto-antolaketarako. Guztira, Euskal Herria Bilduren proposamenek urteko 470.500 euroko aurrezkia dakarkiete udal kutxei; gainerako taldeek onartuko dutena, berriz, urtean 60.000 euro baino gehiagoko gastua.

 

PP eta Elkarrekin Podemos saritzen dituen jokaldia

Orain arte Getxoko PPko bozeramaile izan den Eduardo Andradek uko egin dio Udalean duen liberazioari, Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaile izateko (70.000 euro kobratzetik 89.500 euro kobratzera igaroko da).

PPk gaur egun dituen 5 zinegotzietatik 3 ditu liberatuta, beraz Andradek uzten duen liberazioa liberatu gabeko bati eman diezaioke. Hala ere, EAJk eta PSEk beste aholkulari postu bat "oparituko" diote PPri, eta horrek gastua ekarriko dio Udalari (aholkulari bakoitzak 58.000 eurotik gorako soldata du).

Erabaki hori justifikatzeko, EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak proposatu du Andraderen liberazioa EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen artean banatzea, liberazio erdia bakoitzarentzat. Elkarrekin Podemosek onartu du, baina EH Bilduk ez.

Gure iritziz, Elkarrekin Podemosi lanaldi erdiko beste liberazio bat dagokio (eta EH Bilduri beste liberazio oso bat), liberazioen banaketa lortutako ordezkaritzarekiko proportzionala izan balitz. Amatasun-baimenagatik ere euren bozemailea ordezkatua izan zedin eskubidea zuten, nahiz eta hau EAJk ukatu egin dien. Baina alde handia dago eskubideak erreklamatzearen eta PPren onerako jokoan sartzearen artean.

Koalizio soberanistaren iritziz, benetako salerosketa alderdikoia da, eta alderdi bakoitza ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen ari da, hori guztia zergadunen kontura. Azken batean, Udalak handitu egingo du politikarien gehiegizko gastua PPrentzat beste aholkulari bat jarriz, horretara behartuta ez zegoenean. Erabaki horrek, bestalde, legezkotasunari buruzko zalantzak sortzen ditu, Udalaren txosten teknikoek adierazten duten bezala.