AKTUALITATEA


| 2021-04-29 13:41:00

Urrunketaren eraginez presoen senideek pairatutako sufrimenduarekin aitortzeko mozioa. Getxoko osoko bilkurak onartutakoa:

24 urte betetzen dira gure bizilaguna zen Antxoni Hernandez, euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren ondorioz hil zela.

1997-03-14an Almeriako espetxera bidean, preso zegoen bere senidea Anjel Figueroa Fernandez bisitatzera zihoazela, herri honetako auzotarra zen, Antxoni Fernandezek, bizia galdu zuen errepidean jasandako istripu batean.          

Heriotza hau ez zen kasualitatea izan. Berrogei minutuko bisita egin ahal izateko, 413 kilometroko bidaia egin beharko zuen espetxera iristeko, eta beste 413 kilometro etxera itzultzeko; bidai luzeak egitea aukera bakarra dute presoen senide eta lagunek bisita eskubidea bermatzeko,  duela hiru hamarkada frantziar eta espainiar estatuetako gobernuek euskal presoen aurkako urruntze politika martxan jarri zutenetik.

Geroztik, beraien senide eta lagunek milaka kilometro egiten dituzte astero errepidean. Oraingoz, dokumentuekin egiaztatutako 344 kotxe-istripu gertatu dira; urrunketak 1.000  kaltetu eta zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu.

Oroimen ariketa egitea guztiz beharrezkoa dela uste dugu, antzinako espetxe politika hau atzean uzteko garaia da, ezinbestekoak diren oinarriak behin betiko sendotzearekin batera, horrelakorik berriro ez gertatzeko aitortza ariketa egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

 

Hori dela eta, hurrengo puntuak adostea eskatzen diogu udal honi:

1.- Angel Figueroa espetxean urrunduta zegoen presoa bisitatzera zihoanean, urrunketa politikak eragindako trafiko istripu batean hil zen Antxoni Hernandez-en senideek pairatutako sufrimendua aitortzen du erakunde honek.

2.- Espetxeko Lege Orokorraren birgizarteratze printzipioak jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko urrunketaren espetxe politikarekin desadostasuna adierazten du udaletxe honek, eta era berean, ETAren desagerpenak ekarritako garai berriekin bat eginez, espetxe politika berri baten beharra ikusten du, zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbidetzen duena, horrela haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak babestuz, haien ongizatea bermatzeko.  

3.- Preso dauden pertsonak urruntzea haien senide eta lagunei ezarritako zigor gehigarritzat hartzen dugu. Hori dela eta, espetxe politika honekin premiaz amaitzeko eskaera egiten dugu, Antxoni Hernandezen heriotza bezalako gertaerak berriz ere gerta ez daitezen.

4.- Legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen problematikari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko ekarpen garrantzitsua litzatekeela uste du udaletxe honek.