AKTUALITATEA


| 2021-09-22 10:30:00

Gure herriko ondare historikoarekin lotutako mozio-proposamena ekarri dugu berriro ere osoko bilkura honetara. Azken urteetan hainbat proposamen aurkeztu ditugu gai honekin lotuta, zoritxarrez, Getxoko Udalaren jarrerak bere horretan jarraitzen duelako: gure udalerriko eraikin historikoak edo arkitektonikoki bereziak diren eraikinak babestu beharrean, euren eraistea ahalbidetzen duelako.

Zerrenda luzeegia da, tamalez: Arrigunagako jaitsieran dauden eraikinak, Atxekolandeta inguruan, Ollarretxe, Andra Mari, Iturribarri, Romoko Nagusien Etxea eraisteko asmoa... Azken adibidea Algorta erdigunean topatu dugu. Udal Gobernuak baimena eman du Villa Amparo eta Villa Fernanda eraikin historikoak eraisteko, Haurtegiaren egoitza izan zena, bertan luxuzko etxebizitzak egiteko. Begi bistakoa da Andikoetxe kalean dagoen eraikin horrek duen balio arkitektoniko eta sinboliko handia, gaur gaurkoz balio hori babes legalean isladarik izan ez arren.

Haurtegia botatzeko baimena eman du Getxoko Udal Gobernuak, baina gogoratu behar dugu 2014. urtean Eusko Jaurlaritzak eraikin hau babestea proposatu zuela Getxoko HAPOaren errebisiorako Ingurumen Inpakturako Ebaluzioaren espedientearen baitan. Are gehiago, Jaurlaritzak ez zuen proposatu oinarrizko babesa ematea, baizik eta EAEko monumentu-multzo edo monumentu modura izendatzea proposatzen zuen, beste hainbat eraikinekin batera.

HAPO berria oraindik ez da onartu, eta, beraz, zerrenda hori ez da eguneratu, eta Getxoko eraikin historiko ugari ezbaian daude, ez dutelako dagokien babes legala. HAPO berrian ere hori ez dago bermatuta, ez dagoelako zehaztuta oraindik ea Jaurlaritzak proposatutakoa gutxienez onartuko den.

Hori dela eta, gaur egungo egoera honakoa da: arkitektonikoki eta historikoki balioa duten eraikinak eraisten ari dira Getxon, Udal Gobernuaren baimenarekin, eta gure herriko historia eta nortasuna galtzen ari gara. Bereziak diren eraikinak botatzen ari dira, edozein lekutan topa daitezkeen eraikinak eraikitzeko.

Egoera honi behin-behineko konponbidea emateko asmoz, eta ondareak gure herrian bizi duen arrisku larria ikusita, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

- Getxoko Udalak babestutako ondarearen katalogoa handituko du eta bertan, gutxienez, Eusko Jaurlaritzak 2014. urtean egindako HAPOaren errebisiorako Ingurumen Inpakturako Ebaluazioaren espedientean agertzen den ondarearen zerrenda barnebilduko du.