AKTUALITATEA


| 2021-07-13 10:33:00

Duela 84 urteko ekainaren 12an tropa frankista eta italiar bataloiak Gezi beltzak brigadetan antolatuta Getxon sartu ziren, sarraskia, txikizioa eta heriotza eraginez. Lau egun beranduago, 1937ko ekainaren 16an, faxistek Getxoko Udaletxeko liburuan euren lehen akta idatzi zuten, “Saludo a Franco-Arriba España” izenburupean. Autoritate faxista berriek udalerriaren kontrola hartu zutenean errepresioaren txanda izan zen.

1936 eta 1937. urte bitartean Getxo hainbatetan bonbardatua izan zen: 1936ko urriaren 21ean Areeta; 1937ko apirilaren 22tik ekainaren 13ra Areeta 6 aldiz izan zen bonbardatua: apirilaren 24, 29 eta 30ean zehazki; 1937ko maiatzaren 13 eta 26an Algorta eta Neguri bonbardatu zituzten.

Heriotza eta zauritu kopurua ezin zehazki jakin, momentu horretako iturriek datu ezberdinak adierazten baitituzte, baina ezin zalantzan jarri tropa frankistak gure herrira sartu eta momentu horretatik aurrera herritarren kontrako errepresioarekin hasi zirela. Errepresioa mota ezberdinetakoa izan zen, fusilamenduak, atxiloketak, kale izendegiak aldatzea, jazarpenak eta baita lan kaleratzeak ere. Gaur azken honetan jarri nahi dugu arreta.

1937ko uztailaren 17an udalbatzak erabaki zuen 42 udal langile kargugabetzea eta bajan ematea, eskubide oro kenduz. Preso egoteagatik, edo hilik beharbada, aurkeztu ezin izan ziren langile publiko guztiak kargugabetu zituzten. Beste guztiak militarizatuta geratu ziren agindutako zerbitzuetan eta 48 ordu zituzten euren itzulera eskatzeko. Eskaera hauek F.E.T y de las J.O.N.S.-en informeengatik filtratuak ziren, itzulera onartu edo ez erabakiz.

Gaur Getxon faxisten sarrera gogoratzen dugu eta hamarkada luzez luzatu zen terrore erregimena. Ez dugu ahaztu nahi. Faxismoaren menpe eroritako getxoztar guztion memoria aldarrikatzen dugu, askatasuna borrokatu zuten herrikide guztiena, altxamendu frankistan, 36ko gerran eta diktadurako urte guztietan eraildako pertsona guztiak oroitu nahi ditugu. Euren lanpostuetan errepresaliatuak izan ziren langileak, beste herrialde batzuetara eraman ziren haurrak, umezurtz geratu ziren umeak, erbestera ihes egin behar izan zutenak edota deportatuak izan ziren pertsonak gogoratu nahi ditugu.

Baina gogoratu nahiko genuke ere beste hainbat herrikideren historia: ikastolen sorreran egondakoena, auzo elkarteetan biltzen zirenena, intsumisoena, mugimendu ekologistan aritu zirenena, borroka feministako emakumeena…

Oroimenik gabeko herria etorkizunik gabeko herria delako, historiak 84 urte atzera egitera behartzen gaitu 1937ko data ilun hartara, faxistak gure herriko kaleak odolez busti eta herritarrak zapaltzen hasi ziren garaira.

Gure herriko memoria eta historia ahaztu ez dadin zera eskatuko Getxoko osoko bilkurari:

- 1937an frankistek kargugabetutako langile publikoen omenez udaletxean plaka bat jartzea.

- Getxoko memoria historikoa lantzeko ikerketa bekak martxan jartzea, urtean behin publikatuko direnak.

- Getxoko Udalak aitortza eta erreparazioa egiteko ekitaldi publikoa antolatuko du urtero, errepresaliatu horiek jaso zutena salatzeko eta gogoratzeko.