AKTUALITATEA


| 2024-06-26 10:12:00

Tokiko memoria historikoa funtsezkoa da oraina ulertzeko eta etorkizun justuagoa eta baketsuagoa eraikitzeko. Getxon, 1937ko ekainaren 12an eta aurreko eta ondorengo egunetan gertatutako gertaerak memoria hori bizirik mantentzeko beharraren adibide garbia dira. Faxistek Udalaren kontrola hartu zuten eta errepresioari ekin zioten, fusilamenduek, atxiloketek eta kale-izendegian bortxaz egindako aldaketek markatuta. 1936an eta 1937an, hainbat aldiz bonbardatu zuten Getxo, eta eraso esanguratsuak izan ziren Areetan eta Algortan. Errepresioaren ondorioz, ehundaka pertsona kargugabetu eta kaleratu zituzten, besteak beste udal langileak, fabrika eta eskoletako langileak... Tropa frankisten sarrerak, kaleetan egindako desfileak eta ondorengo errepresioak aztarna ezabaezina utzi zuten komunitatean, eta gogoratu eta aztertu beharreko suntsipen, heriotza eta sufrimendu garaia markatu zuten.

Urtero, otsailean, Gerra Zibilaren eta aurreko gatazken biktimen omenez  Getxon egiten den oroitzapen-ekitaldiak gertaera historikoak behar bezala izendatzearen eta aitortzearen garrantzia nabarmentzen du. Estatu-kolpe faxista salatzea eta biktimei aitorpen zintzoa ematea ezinbestekoa da justizia historikoarentzat. Jazarri, torturatu, lapurtu eta erail zituztenen oroimena ez da lausotu edo ahaztu behar, beren herriaren askatasunaren eta duintasunaren alde borrokatu baitziren. Frankismoak sarraskitutako bizilagunak eta ondorengo gerra zibilean sufritu eta borrokatu zutenak gogoratzea guztion betebeharra da, memoriarik gabeko herria etorkizunik gabeko herria baita.

Tokiko memoria historikoaren ikerketak eta azterketak aukera ematen dute gertaerak argitzeko, biktimei eta haien familiei ahotsa emateko, eta narratiba bidezkoa eta egiazkoa eraikitzeko. Horrek iraganeko zauriak sendatzen laguntzeaz gain, etorkizunerako oinarriak ezartzen ditu, bakea eta justizia guztiontzako errealitate izan daitezen. Getxoko historiak eta frankismoak eragindako sufrimenduak oroitzera, salatzera eta memoria kolektibo baten alde borrokatzera behartzen gaitu, gizarte gisa aurrera egin ahal izateko.

Baina, ikerketaren eta azterketen helburua ezin da izan izen zerrenda bat osatzea; aitortza eta erreparazioarekin batera zabalkundea, partekatzea, memoria kolektiboa eraikitzea… izan behar du helburu. Getxon, 14 bonbardaketa eman ziren, 11 ospitale sortu ziren, atxilotze zentro bat egon zen, Areetako nazioarteko gunea sortu zen… hainbat leku esanguratsu daude ikerketa sakona eskatzen dutenak eta gure herrian gertatutakoak zabaltzeko balioko luketenak memoriaren ibilbide bat eratzerako bidean.

Honegatik guztiagatik, Getxoko Osoko Bilkurak hurrengoa eskatzen dio Udal gobernuari:

1.         Memoria historikoa berreskuratzeko urteroko ikerketa-bekak abian jartzea.

2.         Memoriaren ibilbidea sortzea Getxoko leku esanguratsuetan plaka eta informazio-panelak jarriz, bertan gertatutakoak azaltzeko eta memoria historikoa gordetzeko.

3.         Hezkuntza-programak eta hitzaldiak antolatzea Getxoko ikastetxe eta kultur etxeetan Gerra Zibilaren eta frankismoaren inguruko ikastaroekin, hitzaldi eta tailerrak antolatuz, belaunaldi gazteenei iraganaren berri emateko eta memoriaren garrantzia azpimarratzeko.

4.         Dokumentazio zentro bat sortzea, Getxoko memoria historikoaren dokumentazioa eta ikerketa gordeko duena, ikertzaile eta herritarren eskura jarriz.

Argazkia: Memorias de Getxo.