AKTUALITATEA


| 2021-06-17 09:56:00

Ekainaren 28a ate joka daukagu. Urtero bezala, sexu-aniztasunaren aldeko aldarria ozen entzungo da Euskal Herriko kaleetan eta mundu zabalean. Izan ere, askotan kontrakoa zabaltzen den arren, oraindik orain badago asko borrokatzeko eta aldarrikatzeko: eraso homofoboak, maitasun lesbikoaren ikusgaitasuna, lumafobia, serofobia, intersexualitatearen inguruko ezjakintasuna, trans pertsonen eskubideen kontrako erasoak, LGTBI+ nagusien ikusgaitasuna, pinkwashing edo "gay kapitalismoaren" erabilera politiko eta ekonomikoa...

Zoritxarrez, Basaurin gertatutako azken erasoak agerian utzi du LGTBI+ fobia oraindik oso presente dagoela gure gizartean, baita gazteen artean ere. Askotan Basaurin gertatutako eraso zuzenak gertatzen dira, beste batzuetan zeharka pairatzen ditugu: imajinario kolektiboan sendo ezarrita dauden baina, hala ere, erasoak eta diskriminazioak sortzeari utzi ez dioten portaerei erantzunez.

2019an, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen gorroto-delituak % 8,6 areagotu ziren espainiar estatuan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hirugarren postuan gaude, Andaluzia eta Madrilen atzetik. Datu horien arabera, ez dago zalantzarik: erakundeek parte-hartze aktiboagoa izan behar dute LGTBI herritarren eskubideen defentsan.

Horregatik, EH Bilduren ustez, premiazkoa da Getxoko Udalak LGTBI+ politiketan parte-hartze aktiboagoa izatea. Ez da nahikoa urtean birritan adierazpen bat kaleratzearekin, edota ekimen sinboliko bat egitearekin. Beharrezkoak ditugu politika integralak, sentsibilizazio kanpainak: ikastetxetan, gaztelekuan, kultur arloan, kalean, hedabideetan... urte osoan zehar, eragile ezberdinekin harremanetan.

Horrek guztiak eskatzen du Udalaren aldetik baliabideak handitzea eta Berdintasun Zerbitzuaren gainean gain-kargarik ez sortzea. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu sexu-aniztasunarekin lotutako zerbitzu bat sortzea Getxon, Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan egongo dena.

Gure inguruan zerbitzu edo behatoki hauen hainbat adibide topa ditzakegu. Gasteizen, esate baterako, LGTBIfobiaren kontrako behatokia sortu zuten, LGTBI+ pertsonenganako gorrotoaren diskurtsoen aurka jarduteko, zoritxarrez areagotu egin baitira azken urteotan.

EH Bildutik uste dugu Getxok ere baduela biztanleria eta tamaina nahikoa halako zerbitzu bat sortzeko. Zalantzarik gabe LGTBI+ politikak gure lehentasunen barruan kokatu behar ditugu, eta ez mugatu egutegian hiru datetara. Horregatik guztiagatik, honakoa proposatzen dugu:

Getxoko Udaleko Osoko Bilkurak Gobernu Taldeari eskatzen dio abian jar dezala  LGTBI+ politikak aurrera eramateko udal zerbitzua, Berdintasun Zerbitzuarekin harremenatean egongo dena, beharrezkoak diren baliabideekin. Bere helburua, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio- eta indarkeria-egoerak antzematea izango da,  eta horren aurrean sentsibilizatzeko eta jarduteko ekintzak egingo ditu, ikerketaren, prebentzioaren eta salaketaren bidez, Getxoko eragileekin batera.