AKTUALITATEA


| 2024-07-16 08:45:00

EH Bilduk salatu du Getxoko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) espekulazio inmobiliarioari eta erakuntza masiboari ateak irekiko dizkiola. Plana uztailaren 26an onartuko da behin-behinean, ez-ohiko osoko bilkuran. Koalizio abertzalearentzat, plana "aukera galdu bat da" ez diolako aurre egiten Getxok dituen erronka nagusiei: "errezeta zaharrak jarraitzen ditu, bat egiten du lo egiteko herriaren ereduarekin eta pelotazo urbanisitikoak baimenduko ditu".

Lehenik eta behin, EH Bilduk salatu du plana onartzeko prozesuan egon den gardentasun eta parte-hartze falta: "2022an auzokideek 3 hilabete izan zituzten bakarrik dokumentazio guztia aztertu eta alegazioak aurkezteko. EH Bildutik eskatu genuen epea luzatzea, enpatia handiagoa izatea kaltetutako getxoztarrekin, baina ez zuten nahi izan. Udal Gobernuak 18 hilabete hartu zituen alegazioak erantzuteko, eta orain plana onartu nahi dute ariniketan, uda bete-betean, eta herritarren parte-hartzea sustatu barik".

Plana uztailaren 26an onartuko da, Udal Gobernuaren eta PPren babesaz: "Udal aurrekontuetan gertatu den bezala, EAJk eta PSEk PP aukeratu dute aliatu modura, hau da, porlana eta adreiluaren lagunak, plana onartzeko". EH Bildu uneoro egon da prest negoziatzeko eta akordio puntuak bilatzeko, baina EAJ eta PSE ez dira gai izan EH Bildurekin batzeko eta akordioren bat lortzen saiatzeko: "Argi dago proiektu berbera konpartitzen dutela. Gogora dezagun PPren hipokresia, hauteskundeen aurretik HAPOren kontrako manifestazioetan parte hartu zutelako, baina orain HAPOren alde egingo du interes batzuen truke. Eta hau guztiak herritarrei benetan kontatu barik zer egiten ari diren, udaletxeko bulegoetan hartutako akordio ilunen bidez".

HAPOk hainbat aldaketa jaso ditu fase honetan, batez ere "zuzkidura jarduketa" eta Trinitarios, Zubileta eta Martiturri sektoreei dagokionez. Edozelan ere, espekulazioak jarraitzen du izaten plan honen izaera eta ardatz nagusia: "Bere helburua ez da herri atseginagoa sortzea, auzo biziekin, etxebizitza eskuragarriagoarekin eta zerbitzu duinekin". Planak 4000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du, eta Udal Gobernuak "saldu" arren etxebizitza sozialei lehentasuna emango dietelea, horren atzean "tranpa" bat badago: "Lurzoru urbanoan, hau da, Algorta, Romo eta Areetako herriguneetan etxebizitza gehienak libreak izango dira, hau da, kontuan hartuta gaur egungo prezioak Getxon, luxuzkoak. Lurzoru urbanoan 1354 etxebizitza eraikiko dira: 1006 libreak izango dira eta 164 bakarrik alokairu sozialekoak". Horrek eragingo du etxebizitzaren prezioek gora egitea etengabe, gaur egungo Estatuko seigarren herririk garestiena garenean.

Etxebizitza sozialak lurzoru urbanizagarrian egingo dira, hau da, herriguneetatik eta zerbitzu gehienetatik urrun, Tosu, Muru edota Peña Santa Marina sektoreetan: "Legeak ezarritako gutxiengora mugatzen dira. Alokairuari %20 gorde behar badiote, Getxoko HAPOk %21 gordeko du. Hori bai, erdigunetik urrun eta lehentasuna emanez etxebizitza sozialei".

Planak ere eragingo du Getxon espazio berde eta naturalak galtzea, batez ere Andra Marin; eta baita ere baserri eta eraikin historikoak eraistea: "Jarraituko dugu azken urteetako ibilbide tristearekin, gure herriko ondare historikoa galtzen segituko dugulako, nahiz eta baserri eta eraikin historiko ugari babestuta egon, euren balio historiko eta arkitektonikoagatik". Euretariko asko, gainera, ez daude hutsik, eta bertan bizi diren auzokideak etxegabetzearen mehatxuarekin bizi dira".

Hainbat familia getxoztar mehatxu horrekin bizi diren bitartean, beste askok plana aprobetxatuko dute euren interes pertsonaletarako, Horren adibide dira herrigunean egingo diren "zuzkidura jarduketak", legez ez daudelako behartuta etxebizitza sozialen gutxieneko ehunekoa eraikitzera. Horrelako hainbat adibide ditugu, baina baita bestelakoak ere: "Pelotazorik argiena Algortako batzokiaren patioan egingo da, bertan etxebizitza libreak egingo direlako. HAPOk jaso dituen azken aldaketekin, etxebizitza libreak ere eraikiko dira Sener enpresaren lurretan; Telefonikak dituen eraikinetan Gaztelumendi eta Ibaigane kaleetan; Lezama-Legizamonen lurretan luxuzko beste hotel bat...".

Udal Gobernuak, ostera, ez ditu aintzat hartu EH Bilduk aurkeztutako alegazioak, egingarriak ziren arren. Portu Zaharrean pisu turistikoak debekatzearen alegazioa kenduta, beste proposamen guztiak atzera bota dituzte: Mimenagako padura berreskuratzea, erdigunean etxebizitza sozialei lehentasuna ematea, bidegorri-sarea handitzea, metroaren ibilbidea lurperatzeko lehenengo urratsak ematea, babestutako eraikin historikoen katalogoa handitzea, baserrien eraisketak geldiaraztea, Tosu, Muru edota Martiturri bezalako sektoreak ez urbanizagarri izendatzea...