AKTUALITATEA


| 2022-05-19 10:48:00

2015. urteko apirilean, Getxoko EH Bildutik proposamena aurkeztu genuen, lantzen ari zen Getxoko Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorrarekin (HAPO) herri-kontsulta antolatzeko, getxoztarren iritzia ezagutzeko, herritarrak aktibatzeko eta prozesu osoari zilegitasuna emateko.

Zazpi urte igaro dira ordutik, eta HAPOren onarpen prozesuak atzerapen handia izan ostean, hurrengo hilabeteetan helduko da Getxoko HAPOren aurrerapenaren onarpena Getxoko osoko bilkurara. Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokor guztietan bezala, bertan gure herriko etorkizunaren hainbat arlo diseinatu eta erabakiko dira: herri-eredua, eraikuntza berriak, etxebizitza, mugikortasuna, lurren kalifikazioa... Zalantzarik gabe, HAPO erremintarik garrantzitsuena da tokiko erakundeetan, gure herriko etorkizuna baldintzatzen  eta zehazten duelako.

HAPO honen lanketaren hasierako urteetan, hainbat lantalde aritu ziren plan berri honen ezaugarriak lantzen. Eta bertan proposatu zen bezala, HAPOren onarpena ezin da mugatu bulego barruetan hartzen diren erabakietara, BAOn argitaratzen diren dokumentuetara edo alegazioak aurkezteko epeetara. Benetako parte-hartze prozesua gauzatu beharko genuke HAPO sozializatzeko eta herritarrek benetan plan honek dituen alde guztiak ezagutzeko eta onartzeko.

HAPOko lantalde horietan parte hartu zuten talde askok herri galdeketa eskatu zuten, eta eskari honen berri izan zuen osoko bilkurak.

Lantalde haietan egin zen lana behin eta berriro entzun dugu gaur egun HAPO aurkeztu dizkiguten arduradun politikoen ahotan, baina gauza batzuk kontuan hartu behar dira. Nahiz eta esan lantaldeetatik ateratako proposamen batzuk bere egin dituela HAPO proposamen honek, ez da horrela izan. Are gehiago, inork ez daki zehazki zeintzuk diren onartu diren proposamenak eta zeintzuk izan diren horretarako irizpideak.

Bestalde, ezin ahaztu, lantaldeen lana 2014. urtean bukatu zela, hots, zortzi urte pasatu direla geroztik. Zortzi urte horietan HAPOren aldaketa partzial asko bultzatu ditu Udal Gobernuak, gure herrian hainbat eraldaketa nabarmen sortuz, Iturribarrin ikus daitekeenez, esaterako.

Lantaldeen lana aintzat hartzea eta balorean jartzea, igaro den denbora, eta batez ere gure herriaren etorkizuna herritar guztion kontua delako, herri kontsulta edo galdeketa antolatzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, ea herritarrek EAJ-PSEk proposatutako herri eredua egokia ikusten duten ala ez jakiteko.

Jakin badakigu Getxoko Udala ez dagoela behartuta herri-kontsulta antolatzera HAPO onartzeko; baina jakin badakigu ere legeak ez duela horretarako trabarik jartzen, horretarako atea ere irekitzen duela. Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.

Herri-kontsultak antolatzea parte-hartze ariketarik gorena da. Herritarrek hauteskundeetan erabakitzen dute zein alderdi eta zein programa bozkatu; baina plan honetan agertuko diren alde gehienak ez dira alderdi politikoen programetan agertzen, herritarrek ez dute honen inguruan euren iritzia emateko aukerarik izan. Ez dezagun beldurrik izan herriaren hitzari; ahaldundu ditzagun getxoztarrak eta udal politikagintzan parte aktiboa bihurtu. HAPOren onarpena aukera bikaina da horretarako.

Honegatik guztiagatik, Getxoko Udaleko Osoko Bilkurari honako puntua onartzea proposatuko diogu:

- Getxoko Udalak, herri-kontsulta antolatuko du Getxoko Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorra onartzeko, eta galdeketa horretan jasotako emaitza errespetatuko du.