AKTUALITATEA


| 2023-01-02 10:04:00

Tamalez, Udal Gobernuaren HAPO errezeta zaharrenetan oinarrituta dago. Aurreko HAPOren jarraipena da, helmuga katastrofiko (zentzu guztietan) berbera baitu norabide.

 

Ia orain dela hogei urteko politikek, eta horiek sortutako HAPOk ekarri gaitu egungo eszenatokira, egungo errealitatera:

 

Gazteen exodo esanguratsua gertatu da azken hamarkadan; eurentzako etxebizitza eskuratzea ezinezkoa delako, ez baitago merkatu libreari mugak ezarriko dizkion eskaintza publiko nahikoa, ezta etxebizitza politika integralik ere.
Gure herrian naturalguneen defizit nabarmena dago.
Auzoen arteko mugikortasuna jasangarritik urrun jarraitzen dugu. Izan ere, gero eta auzo gehiago daude lo egitera bideratuta daudenak, auzoko bizitzarik gabekoak, merkataritzara edota auzo-bizitzara bideratuta ez daudenak, eta hirigunearekin mugikortasun loturarik ez dutenak.
Herri-ondarearen galera nabarmena izan da urte huaetan guztietan; izan ere, azken urteotan Getxok hamaika eraikin historiko galdu ditu; etxe esanguratsuak, gure paisaia eta kulturaren elementu arkitektonikoak. 

 

Etxebizitzari dagokionez, azken urteotan udal-gobernuak behin baino gehiagotan onartu du gazteen exodoa gertatu dela. Kafkianoa dena zera da: arazo bat onartzea, eta hura sorrarazi duten politikak sustatzen jarraitzea.

 

Oraingo HAPOn, 1512 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusten da. Horrelako etxebizitza eraikuntzaren bidez daukagun arazoari aurre egingo bagenio bezala.  Baina, gertakariek adierazten diguten etxebizitza libreek etxebizitza arazoa txarragotu baino ez dutela egiten. Babes ofizialeko etxebizitzak gutxi aurreikusten dira, legeak ezartzen dituen minimoak bete baino ez da egiten. Gainera, hiri-erdiguneetatik oso urrun kokatu dituzte, orain arte sustatu duten ereduaren adierazgarri, lo egiteko etxebizitzarena, hain zuzen ere. Etxebizitza babestu horien artean ez dute Alokairuzko etxebizitza babestuen aldeko apusturik egin. Horietako askotan zehaztugabeko erregimena azaltzen zaigu, baita etxebizitza tasatuak, etxebizitza sozial gisa gabezi nabarmenak dituen etxebizitza.

 

Getxoko etxebizitza arazoari aurre egiteko askotariko neurriak behar ditugu. EH Bildutik hauek proposatu ditugu azken urteotan, besteak beste: alokairurako erreferentzia indize publikoa, alokairurako bitartekaritza udal-zerbitzua, etxebizitza hutsak mobilizatzeko plana, gazteentzako etxebizitza kolaboratiboak, gazte eta edadetuen arteko etxebizitza lagunkoiak, alokairuaren neurri fiskalak, alokairurako bideratzeko etxebizitza konpontzeko diru-laguntzak, alokairuan jartzeko etxebizitzak erosi, etxebizitza hutsei  HOZ gainkarga ezarri, alokairu etxebizitza indizea ezarri... eta politika horiek guztiak bideratzeko ETXEBIZITZA UDAL-ERAKUNDEA sortzea.

 

Eraikuntza hutsean oinarritutako plana ez da inoiz izango ETXEBIZITZA PLANA, hori berau beste modu batera deitzen dugu: PLAN ESPEKULATIBOA.

 

Aipatu eraikuntza masibo horrek eragin zuzena dauka gure herrian eskasak diren eremu berdeetan, naturalguneetan. Eta horien aldeko apustua egin beharrean, herritarren eskura egon daitezen, espazio natural eta bizien alde egin beharrean, horiek zementura kondenatzen dituzte: Dendariena ingurua, Dilizgoikoa, Arteaga... herritarrek bizi ditzaketen espazio berde eta naturalak sustatu beharrean, edota bertan  jarduera ekonomiko jasangarriak aurreikusi beharrean.

 

EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du gure eremu naturalak berreskuratzea eta sustatzea, horiek herritarren eskura jartzeko, bizitzeko, gozatzeko.. Horregatik, eraztun berde bat sortzea proposatu izan dugu. Bai, Getxon geratzen zaizkigun inguru berde eta natural urriak babestu eta sustatu nahi ditugu. Azkorri-Mimenaga-Bolue lotuz. Horrela, Mimenaga ekologikoki berreskuratu, Boluen esku-hartzea egin, Andra Marin plan berezia gauzatu...jarduera jasangarriak  ardatz izango dutenak. Eraztun berde bat, azken finean.

 

Horrez gain, ezin dugu ulertu, MUGIKORTASUN jasangarriaren alde omen dagoen udal-gobernu batek LO EGITEKO AUZOAK sustatzen jarraitzea, ITURRIBARRI dugu eredu horren eredurik eta beldurgarriena. Aipatu, aipatu egiten da mugikortasuna baina ez dute horren aldeko neurri konkretu bakar bat ere proposatu.

 

Ez dugu lo egiteko herri bat nahi. Gure ustez, HAPOk herriguneak eta auzoak hobetu behar ditu, ez bakarrik promozio urbanistikoak sustatu. Horregatik, metroa lurperatzeko urratsak ematea proposatu dugu, oinezkoentzako gune berriak izango genituzkeelako, bidegorri sarea handituz, Algorta eta Bidezabal artean ingurun berri eta bizigarria eraikitzeko.

 

Baina, HAPO honetan non daude, Areeta eta Romoko auzoak? Non daude inguru horretako herritarren bizi-kalitatea, bizi-eremua hobetzeko proposamenak? Jakin badakigu bertan ez dagoela eraikitzeko lursail librerik, eta ikusita eredu hau ERAIKUNTZA soilean oinarritzen duzuela, ez dago zer egiterik, ezta?

 

Algortan, alde batetik, San Nikolaseko parkinetik gertu beste azpiko parking bat eraikitzea aurreikusten da. Hiri erdigunean beste parking bat eraikitzea, hau bai mugikortasun jasangarria! Hutsik dagoen eta erabilgarritasunik gabeko parkinaren ondoan beste bat eraiki.

 

Baina hori gutxi balitz bezala, Batzokiko patioan “pelotazo urbanistikoa” ikus dezakegu. Etxebizitza libreak eraikiko dituzte erdigunean, baina ez dituzte Algortako gazteentzako babes ofizialeko etxebizitzak irudikatu...

 

Ondarea dela eta, HAPO honetan jauregiak babesten dira bai, baina baserri ugari eraistea aurreikusten dute Zubiletan, Tosun, Martiturrin, Murun... XVII.mendekoak barne. Herri ondarea suntsitzen dute, jagon barik, hura berrerabili barik, gaur egungo beharretara egokitu gabe. Herri paisajea suntsitzen dute, balio paisajistikoa galtzera eramaten gaituzte, izaera bat...

 

Aipatu ildo guztiek gure herria irudikatzen dute, gure jendartea irudikatzen dute, gure harremanak sostengatzen dituzte. Gure begirada  sortzen dute, eta mundu honetan orain eta hemen kokatzen gaituzte. Politika batzuek herri hila (merkataritzarik gabekoa, bizitasunik gabekoa, naturarik gabekoa, identitaterik gabekoa) sortzen dute; beste batzuek, aldiz, herri bizia (sozialki eta ekonomikoki), natura eremuak integratuta dituena, identitateduna (aiurri baten erakusgarria dena).

 

Guk argi daukagu gure eredua bigarrena dela; horregatik beste hiri antolamendurako politika batzuk ezinbestekoak iruditzen zaizkigu. HORREGATIK, HAPO HONI EZ EZ eta EZ esango diogu.

 

HAPO honen prozedurari dagokionez, 13 urteko prozedura luzea izan da, luze-luzea. Esan bezala, herritarren parte hartzea urria izan da, lantaldeen prozesura mugatu da, eta denborak aintzat hartuta ez da egon parte hartzerik 2014 urtetik aurrera. Ezinbestekoa iruditzen zaigu horrelako garrantzia duen plan batean herritarren parte hartzea handiagoa izatea, eta horretarako, denborak/epeak arintzearekin batera, etengabeko lanketa ezinbestekoa da, herritarrei hitza emateko, herritarren beharrizanak aintzat hartzeko.

 

Herritar askok ez dakite zer den proposatzen dena euren herrirako, zer herri eredua sustatuko den datozen urteotan, Eta hori gutxi balitz bezala, askok ez dute jakin euren etxea eraitsiko zutenik ere. Salsiduko bizilagunen kasuan, esaterako. Edota euren baserriaren etorkizuna ezagutzen ez dutenak ere baditugu. Alderdi batzuek interes espekualtiboen mesedetan plana filtratu dute; eta beste bizilagun batzuei oinarrizko informazioa ukatu zaie: euren etxearekin zer gertatuko den jakitea.

 

Orain herritarrek euren helegiteak egiteko 3 hilabeteko epea izango dute bakarrik. Horrek dakarren guztiarekin. Dokumentua aztertzeko  eta helegitea egiteko aholkularitza teknikoa beharko dute, eta uste dugu hiru hilabete ez direla nahikoa prozesua demokratikoa  eta gardena dela bermatzeko. Eta kontsultaren aspektuari dagokionez, uste dugu benetako prozesu parte hartzailean herri-kontsulta egon behar dela. Baina kasu honetan ere, borondaterik ez.

 

Esan bezala, aurre egiteko bidea oztopoz beteta dago. Hala ere, oso garrantzitsua da herritarrok gure desadostasuna adieraztea. Helegiteak egiteko bi modu daude: telematikoa eta aurrez aurrekoa (Herritarren Arretarako Bulegoan aurretiaz hitzordua eskatuz). Urtarrilaren 15a izango da honetarako epea. Bestalde, Adi Hapo! Plataforma sortu dute Getxoko hainbat auzokidek, haserrea antolatu eta bide emateko (Twitter: @AdiHapo eta Instagram: @hapopgou_).

 

 

Bestelako herri eredua posible delako, HAPO HONI EZ!