AKTUALITATEA


| 2023-12-12 09:16:00

Getxon etxebizitzaren arazoa bistakoa da eta inork ez du zalantzan jartzen. Azken aldi honetan merkatua erabat gelditu da, ez da etxebizitzarik ateratzen merkatura, gobernuak dio etxebizitza plana landuko dela HAPO onartzen denean, baina HAPO ez da onartu eta atzeratuta dago. Bestalde, logikoena litzateke, gure ustez, etxebizitza planak HAPO baldintzatzea eta ez aldrebes.

Argi dagoena da arazoa gaur gaurkoa dela, eta HAPOak edo ustezko Etxebizitza Planak ekar ditzakeen konponbideak ez direla berehalakoak izango, urteak pasa beharko dira balizko konponbide horien eraginkortasuna ikusteko. Baina, bitartean, gurean badago gazte, eta ez hain gazte etxebizitza topatzen ez duena.

Duela urte batzuk eginiko azterketa batek esaten zuen Getxon 900 etxe huts merkaturagarriak baino gehiago zeudela. Etxe huts horiek mobilizatzeko plangintza oso bat proposatzera gatoz, hainbat neurri uztartzen dituena.

Gure ustez alokatzaileari segurtasuna eman behar zaio, hori baita euren kezka nagusia, segurtasun ekonomiko, juridiko eta teknikoa horregatik arlo guzti horiek landuko dituen zerbitzu berria sortzea proposatzen dugu.

Baina etxe hutsen jabeek, balizko alokatzaileak izan daitezkeenak, gizartearekiko ardura bat ere badute, beraz, zerga hobariak eta zerga gainkargak uztartu behar direla uste dugu.

Diru laguntzak ere erabili beharko ditugu baina diru laguntza horiek alokairu prezioak finkatzeko baliagarriak izan behar dira, beraz, Udala Alokairu Indize Gidaria sortzea proposatzen dugu eta aldi berean etxebizitzak merkaturatzeko diru laguntzak ezarri.

Baina maizterrak ere babesa behar du, horregatik proposatzen dugu Alokairurako Laguntza Bulegoa sortzea eta horrekin batera alokatzaile eta maizterren arteko bitartekaritza zerbitzua jartzea.

Jakin badakigu proposatzen duguna ez dela behin betiko konponbidea, konponbidearen pausu bat besterik ez, baina dugun premiari erantzunez ezarri daitezkeen neurriak direlakoan gaude.

Beraz osoko bilkura honi akordiorako honako puntu hauek proposatzen dizkiogu.

- 6 hilabeteko epean Udalak alokatzaileentzako laguntza zerbitzua ezarriko du zeinak segurtasun juridiko, ekonomiko eta teknikoan lagunduko diena eta alokatzaileen egoera erraztuko duena.

- Etxe hutsak alokairuan jartzeko udal zerga sistemak baimentzen dituen hobari guztiak aztertu eta ezarriko dira 6 hilabeteko epean.

- 2024. HOZean Udalak maiatzaren 18ko 4/2016 arau foralak bere 10.artikuluaren 9.puntuan aurreikusten den %50eko gainkarga ezarriko da aipatu artikuluak ezartzen duen baldintzetan.

- Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitza Legeak bere 57.artikuluan aurreikusten duen etxe hutsei kanona ezarriko da 6 hilabeteko epean.

- Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitza Legeak ematen dituen aukera guztiak arakatu eta ezarriko dira.

- Etxebizitzak konpontzeko eta alokairuan jartzeko diru laguntzak ezarriko dira, 6 hilabeteko epean.

- Etxebizitza handiak zatitzeko eta, gutxienez bat, alokairuan jartzeko diru laguntzak ezarriko dira 6 hilabeteko epean.

- Higiezinen ondasuneko agentziak, maizterren elkarteak eta gazte erakundeak entzun eta gero Udalak Alokairu Udal Indize gidaria ezarriko du zeinak diru laguntza guztiak baldintzatuko dituen.

- Alokairuaren Bulegoa sortuko da maizterrak laguntzeko eta aholkatzeko, baita alokatzaileak laguntzeko eta aldi bien arteko bitartekaritza lana egiteko ere.

- Higiezinen agentzia, maizterren elkarte, gazte eragile eta beste eragile sozialekin batera Etxebizitza Udal Kontseilua eratuko da, alderdi politiko guztien parte hartzearekin.