AKTUALITATEA


| 2021-06-23 10:26:00

Oposiziotik hainbatetan salatu dugun bezala, Getxoko Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorraren berriskupena atzerapen kezkagarriarekin gauzatzen ari da. Hamar urte baino gehiago igaro dira HAPO berriaren oinarriak jarri behar genituenetik, eta oraindik zaharkituta dauden planeamendu urbanistiko batzuk pairatu behar izaten ditugu.

Atzerapen horrek kalte handiak sortu ditu Getxoko auzokide guztiengan: gaur egungo gizartea ez da aurreko HAPO egin zeneko gizarte berbera, ez ditugu beharrizan berdinak, errealitate ekonomiko eta soziala ez da berbera eta, beraz, HAPO hori ez dago egokituta Getxok bizi duen egoerara. Azken urteetan Udalak behin-behineko aldaketak egin ditu planeamendu urbanistikoetan, hainbat sektore bultzatu ahal izateko eta orokorrean eraikuntza masiboarekin jarraitu ahal izateko, HAPO berriaren erredakzioari lehentasuna eman beharrean. Atzerapenak Getxoko etorkizuna, eta etorkizuneko hirigintza kolokan jartzen ditu.

Bada, atzerapen horrek ere bestelako albo-kalteak izan ditu beste auzokide batzuengan: Getxoko Andra Mari inguruan babestutako baserriak dituzten hainbat auzokidek ezin izan dituzte euren etxebizitzetan konponketarik egin, aurreko planeamendu urbanistikoek zehazten dituzten arauak direla eta. Esan gabe doa baserriak gure herriko ondarearen altxor nagusietakoak direla, eta erabat beharrezkoa dela eurak babestea eta zaintzea, euren nortasuna mantenduz. Gure herriko historiaren lekuko biziak dira, balore historiko, kulturak eta sinboliko handia dute baina, zoritxarrez, Getxon gero eta gutxiago geratzen zaizkigu, eraikuntza masibo eta espekulazioaren ondorioz.

HAPOaren atzerapen honek, beraz, hainbat traba sortu dizkie Andra Mari inguruko herritarrei: urteetan bertan bizitzen egon direnak, herentzia jaso dutenak, konponketa lanak egin nahi dituztenak... Horrek arrisku bizian jartzen ditu eraikin hauek eta euren bizigarritasuna. HAPOaren atzerapenak jarraitzen duen bitartean, auzokide hauek konponbideak behar dituzte, ezin dute Udalak dituen erritmo geldoaren menpe jarraitu. Euren etxebizitza eta denon ondarea diren baserriak daude arriskuan, eta, beraz, beharrezkoa da behin-behineko konponbide bat bilatzea eta moldaketa bat egitea: ez espekulazioa bultzatzen jarraitzeko, baizik eta kontrakoa, baserri hauek babestu eta zaintzeko.

Kontuan izan behar dugu egungo eta aurreko mendeetako bizi baldintzak, bizigaitasun eta irisgarritasun arauak edo bizi ohiturak ez direla berdinak, eta gaurkotze lanek eta egokitzapenek aldaketa batzuk dakartzatela (antzinako erabilera jadanik ez duten kortak edo ganbarak egokitzea eta eraikinen bizigaitasuna hobetzea, adibidez). Halako lan batzuek, ordea, ez dute nahikoa babes egun dagoen araubidean, zeinak asko zailtzen duen edozein aldaketa, hobekuntza bada ere.

Gainera, auzokideek euren baserriak eraberritzeko hamaika traba dituzten bitartean, herriko ondarea osatzen duten beste eraikin batzuetan eragin handiko lanak egiteko baimena ematen du Udalak, adibidez, Arriluze jauregian luxuzko hotela egiteko proiektua. Ez da zilegi monumentu kategoria duen jauregi batean halako lanei erraztasunak ematea, eta gero Andra Marin baserri batean oinarrizko bizi-baldintzak bermatzeko lanak ez onartzea.

 

Honegatik guztiagatik, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

HAPO onartu bitartean eta gehien jota hiru hilabeteko epemugan Getxoko Udalak behin-behineko prozedura antolatuko du Andra Mari inguruko baserri eta orube jabeen hirigintza beharrak, baserriak konpontzeko edo egokitzeko beharrak eta bestelako behar batzuk asetzeko erraztasunak jarriz. HAPOaren atzerapenak ezin baitizkie herritarrei kalteak ezarri. Prozedura hori arautzerakoa kaltetu eta afektatuen iritzia aintzat hartuko da.

Getxoko Udalak aldaketak egingo ditu indarrean dagoen HAPOan, Getxoko baserrietan bizigaitasuna hobetzea dakartzaten aldaketak egiteko aukera baimena emango du, dagokion arloaren txosten teknikoan arrazoituz, eta baserri horrek duen babes-kategoria kontuan hartuz.

Gure ondare diren baserriak bizigaitasun baldintzetara egokitzeko zein beharrezko segurtasun, osasun, begirune eta apaindura publikoko baldintza onetan egon daitezen, Udalak finantziazio-erraztasunak edo laguntzak ematea, beti ere Udalaren eskumenen barruan, legeak ezarritako mugetan eta onuradunaren ahalmen ekonomikoaren arabera.