AKTUALITATEA


| 2023-07-19 11:57:00

Azken urteetan mugikortasun jasangarriak gero eta garrantzi handiagoa hartu du instituzio publikoen kudeaketan eta eztabaida politikoan. Autoak gure herriko kale eta espazio publikoaren jaun eta jabe izan dira hamarkadetan, eta apurka-apurka udalerri askotan euren nagusitasuna eta erabilera gutxitzeko neurriak hartu dira: oinezkoentzako gune berriak egokitu, herriguneetan autoen sarrera eragotzi, bidegorri-sare eraginkorra sortu, garraio publikoaren bidez alternatiba errealak eskaini eta abar.

 

Getxoko kasuan, garraio publikoa erabiltzeko hainbat alternatiba ditugu: gure herria zeharkatzen duen metroaren ibilbidea, Bizkaibuseko hainbat linea... Herriguneetan bizi diren auzokideei zerbitzua ematen dien arren, badira gure udalerriko hainbat auzo lotura barik geratzen direnak hainbat zerbitzuetatik (osasun-zentroak, kultur ekipamenduak, hondartzak eta abar). Horren adibide dira Andra Mari, Azkorri, Zubileta, Salsidu, Fadura, Larrañazubi...

 

Gure inguruko hainbat herritan ere, nahiz eta metro geltokiak izan, martxan jarri dituzte herri-busak, Leioa, Erandio edo Sopela kasu. Gainera, kontuan hartu behar dugu, gurea Bizkaiko herririk nagusienetakoa dela adinari dagokionez, getxoztarren %25 baino gehiago 65 urte baino gehiago dituelako (Eustat, 2022). Horrek egiten du mugikortasunagaz lotutako beharrak handiagoak izatea, are gehiago Algorta bezalako gune aldapatsuetan.

 

Getxobus horren maiztasunak, geralekuak eta abar herritarrekin batera ere adostu daitezke, batik bat mugikortasun behar bereziak dituztenekin, denon beharrizanak asetuak izateko ahalegina egiteko. Esan gabe doa, autobus hau elektrikoa izango litzateke, co2 emisioak ahalik eta gehien gutxitzeko.

 

Hau guztia kontuan hartuta, EH Bildutik uste dugu badela garaia herribusa-martxan jartzeko, adostasun zabala egon daitekeelako gai honen inguruan. Hala adierazi digute herriko merkataritza elkarteek ere, herri barruko mugikortasuna areagotu dezakeelako, eta horrek onurak ekarri ahal dizkielako herriko dendari txikiei ere. Autobus honek, beraz, herri egiten eta Getxori bizia ematen lagun dezake.

 

Honegatik guztiagatik, honako akordio proposamena aurkeztu dugu osoko bilkura honetan:

 

- 2024. urteko aurrekontuetan Getxobusa proba-pilotu modura martxan jartzeko diru-partida bat gordetzeko konpromisoa hartzea.

- Auzokideekin batera prozesu partehartzaile bat abiatzea herribus horren maiztasun, geraleku eta bestelakoak adosteko.