AKTUALITATEA


| 2021-10-21 10:14:00

Indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituretan dago, eta guztiok hartu behar dugu eraso sexisten gaineko ardura. Emakumeok* ahalduntzeko bideak aurkitu behar ditugu, baina horrez gain, instituzioek indarkeria matxista errotik mozteko moduak asmatu behar dituzte, hezkuntza eremuan txiki-txikitatik landu behar dugu gaia, herri moduan heldu behar diogu gaiari. Eta jendarte hau osatzen dugun guztiok konpromiso hori hartu behar dugu. Eta batez ere erakunde publikoetan gaudenok. Hitzetatik ekintzetarako jauzia eginez.

 

Aldi berean, azpimarratu nahi dugu gizonek kontu honetan duten erantzukizuna. Aztertu zuen jarrerak, interpelatu zuen lagunak, jarri zalantzan zuen jokatzeko moduak. Asko ikasi dugu azken urteotan publikoki esan behar dugunaren inguruan, baina eremu pribatuan emakumeon* askatasuna ukatzen duzue askok eta askok.

Ez dugu onartzen gure gorputzen eta bizitzen aurkako erasorik. Ez dugu onartzen horren ardura gure gain jartzea, gaia morboz tratatzea edota gertatzen ari denari garrantzia kentzea, ezta gure askatasunari mugarik jartzea ere. Ez dugu adi bizi nahi, aske izan nahi dugu.

Horregatik, gaur bi proposamen zehatz dakarzkigu, erasorik gabeko herria bihurtzeko norabidean ekarpena egin dezaketenak, biak prebentzioan oinarrituta.

Azaroaren 25a edo martxoaren 8a bezalako egunetan kalera ateratzen gara aldarrikapenak egitera, eraso sexistaren bat gertatzen denean ere protokoloak aktibatzen ditugu mezu argiak adieraziz. Gaurko proposamena aldarri horiek modu permanentean gure udalerriko sarreretan egotea da; mezua behin betikotzea, jarrera irmo eta iraunkorra adieraztea, gure herritik atera eta sartzen garen bakoitzean gogoratzea herri honek ez duela erasorik onartzen eta erasotzaileek sentitu dezatela birritan pentsatu beharko dutela. Ikusten ez dena ez dela existitzen esaten da askotan eta gu gaurkoan horretan oinarrituko gara. Ikusarazi dezagun zein den gure jarrera.

Bigarrenak gure gaztetxoetan jartzen du arreta. Ikastetxe eta institutuetan eduki asko eta asko barneratzen dituzte, baina “kurrikulum ezkutua” deitzen denak berebiziko garrantzia hartzen du. “Kurrikulum ezkutua” kurrikulu formalak esplizitatu edo zehatz adierazten ez dituen alderdi inplizituen multzoa da, jarrera, balio, ohitura eta sinesmenak txertatzen dituena ikasleengan. Beste modu batean esanda, kurrikulum morala da. Kurrikulum ezkutuaren alderdietako batek generoarekin du zerikusia, eta ikasleengan sexuen arteko desberdintasunak bultzatzen ditu. Horri aurre egiteko eskolatik bertatik lan egin behar da, horregatik gai honen garrantziaz jabetuta, udalaren eta herriko zentroen arteko elkarlana bultzatu nahi dugu, bien artean egitasmo hauek aurrera eramateko. Duela urte batzuk, bi urtez “Haziak” Algortako neska gazte feministen taldea San Nikolas, Aixerrota eta Getxo 1en ibili zen feminismoaren oinarriak azaltzeko tailer batzuk antolatzen. Jarrai dezagun eredu hori eta inplikatu gaitezen gure herriko gazteen hezkuntzan.

 

Azaroaren 25a laster helduko da eta berriro zabalduko ditugu mezuak, bozeramale batzordean adierazpen bat edo beste onartuko da eta horrela beste urte batez gure kontzientzia arinduko dugu. Has gaitezen konpromiso zehatzak hartzen.

 

Hau guztia dela eta, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

 

-       Herriko sarreretan “Getxon ez dugu eraso sexistarik onartzen” leloa duten kartelak jarriko dira.

 

-       Herriko ikastetxeekin jarriko gara harremanetan gai honekiko egiten duten lanketa ezagutzeko eta “feminismo tailerrak” emateko proposamen-eskaria egingo diegu, behar dituzten baliabide material, pertsonal edo teknikoak eskainiz.