AKTUALITATEA


| 2024-10-16 08:40:00

EH Bilduk Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) dokumentazioa aztertzen jarraitzen du, EAJk, PPk eta PSEk aurtengo uztailean behin-behinean onartu zutena. Azken hilabeteotan planaren hainbat alderdi salatu ditugu: planak espekulazioa eta eraikuntza masiboa bultzatzen jarraituko du herriko hainbat gunetan (Tosu, Muru, Salsidu, Arteaga...); Andra Mari edo Algortako baserri eta eraikin historikoen eraispena; Algortako batzokiko patioko hirigintza-operazioa, luxuzko hotela Lezama Leguizamonen, luxuzko etxebizitzak Senerren lurzoruan, etab.


Planaren alderdi ezezagunenetako bat Faduraren handitzea da, "La Palmera" izeneko eremuan, Fadura eta Bolueko hezegunearen artean. EH Bilduk salatu nahi du HAPOk kirol-ekipamendua handitzea proposatzen duela akuiferoen kutsadurarekiko "kalteberatasun handia" duen eremu batean, eta, beraz, ez duela betetzen EAEko Hezeguneen LPSk (Lurraldearen Plangintza Sektoriala) ezarritakoa, ez baitu baimentzen horrelako eremuetan kirol-instalazioak jartzea.


Zehazki, Fadurako handitzeak 44.566 m2-ko azalera hartzen du (lau futbol-zelai baino gehiagoren baliokidea) lurzoru urbanizaezinean, eta kategoria hauetan katalogatuta dauden lurretan planteatzen da: Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabala, Ekosistemak Hobetzeko Eremua eta berreskuratu beharreko Eremu Degradatua. 2022an, Eusko Jaurlaritzak Getxoko Udalari eskatu zion HAPOn aurreikusitako eremua berriro mugatzeko, edo, eremu horri eutsiz gero, ingurumen-azterketak LPSak ezarritako erabileren erregulazioarekiko bateragarritasuna aztertzeko eskatu zion. Bada, uztailean behin-behinean onartutako HAPOk ez du eremuan aurreikusitakoa eraldatzen (berdin mantentzen du), ezta LPSarekiko bateragarritasuna aztertzen ere, eta ez dio kasurik egiten Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren errekerimenduari.


EH Bildutik ohartarazi nahi dugu Getxoko HAPOa, beraz, ez dela bateragarria Hezeguneen LPSak ezarritakoarekin, eta Fadurako zabalpena aldatu beharko duela aurreikusitako eremuetan, horrek dakarren guztiarekin. Gobernu Taldearen "kudeaketa negargarri" berri bat, PPren laguntzarekin, plana birplanteatzea eragin dezakeena, gutxienez zonalde horiei dagokienez. EH Bilduren ustez, Gobernu Taldearen jarduna "harroputza" da, Eusko Jaurlaritza bezalako goi-erakundeek ezarritakoa bete ere ez duelako egiten, eta, jakina, ingurumen-inpaktuarekin lotutako eskakizunak alde batera uzten dituelako. "Zoritxarrez, adibide gehiegi ditugu, eta Getxoko Udalak eraikuntza eta zementua lehenesten ditu, gure ingurune naturalean izan ditzakeen inpaktuak baloratu edo neurtu ere egin gabe". Izan ere, 2022ko txosten berean, Eusko Jaurlaritzak Udalari gomendatu zion "kontuan hartuta udalerrian dauden landaredi naturaleko eremu urriak eta lurzoru urbanizaezinak azalera txikia duela, oso interesgarria izango litzatekeela HAPOk ildo horretan ahalegina egitea". Zoritxarrez, ahalegina kontrako noranzkoan doa.


Akatsez eta inkoherentziaz betetako HAPOaren beste adibide bat, azkar eta korrika onartua, urteetako atzerapenarekin iritsi ondoren, eta higiezinen sustatzaileen interesak lehenesten dituena getxoztarren interesen gainetik.