AKTUALITATEA


| 2021-12-01 08:30:00

Getxoko EH Bilduk 26 zuzenketa aurkeztuko dizkio Getxoko Udal Gobernuak 2022. urterako aurkeztutako aurrekontu proposamenari. Zuzenketak hainbar arlorekin lotuta egongo dira, besteak beste: larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak, herri-kultura bultzatzeko, ondarea babesteko, alokairuzko etxebizitza sustatzeko...

 

"Bestelako herri-eredu bat posible da. Gure herriko inguru naturala babesten duena, mugikortasun jasangarriaren alde egiten duena, espekulazioaren gainetik etxebizitzaren-arazoari aurre egiten diona, herriko jai batzordeak eta kultur elkarteak sustatzen dituena, dendari txikien alde neurri eraginkorrak hartzen dituztenak... Hori guztia gure zuzenketetan islatu gura izan dugu". EH Bildu prest agertu da Udal Gobernuarekin negoziatzeko eta akordioa lortzeko; horren erakusgarri da osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana: "Beste behin ere argi adierazi nahi dugu negoziaketa eta akordiorako prest gaudela, ikusiko dugu ea benetan Udal Gobernua akordio zabalak lortzeko prest dagoen".

 

EH Bilduren 26 zuzenketek arlo ezberdinak lantzen dituzte. Garrantzitsuenetako bat ingurumenagaz lotuta dago. Besteak beste, larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak proposatzen ditu Getxoko EH Bilduk: energia berriztagarriak bultzatzeko udal eraikinetan edo kirol azpiegituretan eta abar, eguzki-plaken bidez, adibidez. Horrez gain, Getxo eta Berango artean dagoen Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzeko proposamena ere aurkeztu du EH Bilduk: gaur egun lurzoru hori utzita dago eta espazio berde berri bat irabazi ahalko litzateke Getxo eta Berangorentzat.

 

Mugikortasun jasangarriarekin lotuta ere zuzenketak aurkeztu ditu koalizio abertzaleak. Besteak beste, Getxoko auzoak lotuko dituen herri-busa edo Getxobusa martxan jartzea; bidegorri-sarea handitzea Algortako Sarrikobaso kaletik; edota irisgarritasuna hobetzea Algortako Etorbidea kalean, udaletxea eta Alangoren artean.

 

Kulturari bultzada ematea izango da EH Bilduren beste lehentasunetako bat. Horren adibide dira arlo honekin aurkeztutako bost zuzenketak: herriko jai batzordeei diru-laguntzak igotzea; Gaurik Laburrena berriro antolatzeko diru-saila gordetzea; Komiki Azoka antolatzeko partida igotzea; Muxikebarrin eta Kultur Etxean azpikontratazioen gainetik kontratazio zuzena bultzatzea; eta Algortako San Martin eraikinean kultur ekipamendu berri bat sortzea, bertan ludoteka berri bat sortu ahal izateko.

 

Kiroletan ere ez da proposamenik falta EH Bilduren zuzenketetan. Besteak beste, Fadura kiroldegian boulder estali bat sortzea proposatu du EH Bilduk; eta Andra Mari kiroldegian konponketak egitea, Udalak azpiegitura hori erabat ahaztuta duelako.

 

Herriko azpiegiturekin lotuta ere hainbat zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk. Adibidez, Alangoko gasolindegian herriko artistentzako gune autogestionatu bat sortzea; Malakate inguruko Ortzadar parkean konponketak egitea euririk ez sartzeko (albo bat estaltzea); edota txakurrak aske izateko guneak sortzea. Ondarea ere EH Bilduren kezka nagusietako bat da: erabat utzita eta egoera kaskarrean dauden malakateak eta Galeako gotorlekua konpontzea ere proposatu du. Algorta eta Bidezabal arteko metroaren ibilbidea ere estaltzeko aurre-proiektua egitea proposatu du EH Bilduk, bertan oinezkoentzako gune berriak irabazteko aukera egon daitekeelako.

 

Etxebizitza da Getxok duen arazo handienetako bat, Euskal Herriko preziorik garestienak gure herrian ditugulako. Horren aurrean, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu: Udalari dagokion lursail publikoa ez saltzea eta alokairu sozialerako bideratzea; gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak handitzea; edota udal etxebizitza bulegoa sortzea, etxebizitzarekin lotutako proiektuak bultzatu eta herriari egokitutako plangintza estrategikoak sortzeko.

 

Merkataritzari dagokionez ere, Getxoko EH Bilduk azken urteetan hainbatetan proposatutako proiektua aurkeztu du: Getxoztarra fidelizazio txartela sortzea, dendari txikietan erosketak egitea bultzatzeko asmoz, beste herri askotan egin duten bezalaxe. Horrez gain, lehenengo sektorearekin lotuta, hileroko merkatu edo Azoka sortzea proposatu du EH Bilduk, bertako baserritarren ortuariekin.

 

Azaroan bertan Getxoko Udalak herritarren parte-hartzea mugatzea erabaki zuen, udal batzordeak streaming bidez eskaintzeari uztea erabaki zuelako. Horren aurrean, EH Bilduk zuzenketa aurkeztu du, aurrerantzean ere udal batzordeetan gertatzen dena udal webgunearen bidez zuzenean eskaintzeko zerbitzua emateko, gardentasuna bultzatzeko asmoz.

 

Azkenik, zinegotzi, aholkulari eta politikarien soldatak jaisteko zuzenketa ere aurkeztu du EH Bilduk. Izan ere, koalizioaren arabera, lotsagarria da Getxoko Udalean dauden neurriz kanpoko soldatak: 70.000 euro baino gehiago zinegotzi bozeramaileentzat, 55.000 euro baino gehiago aholkularien kasuan.