AKTUALITATEA


| 2024-02-23 11:21:00

Jakina da tokiko merkataritza gainbeheran dagoela. Arrazoiak ugariak dira. Esaterako internet bidezko salerosketen indartzea, merkatalgune handien sorrera, ohituren aldaketa, krisi ekonomikoa… Baina ondorioa bat eta bakarra da: herrietako denda txikiak ixten ari dira, auzoak basamortu bilakatuz eta herrian bertan sortutako lanpostuak galduz.

Arazoaren larritasuna ezin dugu ezkutatu, ondorioak arlo askotan pairatzen ditugulako. Getxon sortzen den aberastasuna galtzen ari gara. Arlo ekonomikoan zerga bidez udaletxeak jasotzen duena, getxoztarrek soldatapeko lanaren bidez eskuratzen dutena… Arlo sozialean dendek sortzen duten bizitzak ematen duen ongizatea, eta honi lotuta hutsik ez dauden kaleek ematen duten segurtasuna.

Honen aurrean, tokiko merkataritzari lotutako ordainketa sistema berri baten ezarpena proposatzen dugu. Ordainketa sistema hau beharrezkoa ikusten baitugu gure herriaren ekonomiaren garapenean. 

Asmoa da tokiko txanponaren filosofiaren ezaugarriekin ordainketa sistema berria ezartzea, egun garatua dagoena; adibidez, Ekhilurrek bultzatzen duena. Sistema hau Udalak bultzatzea nahi dugu.  Hernanin ari dira horrekin, Bilbon edo Bristolen ere bai, Bristolekoa funtzionatzen duen eredua da, abia gaitezen gu ere. 

Udalak boterea eta indarra dauka horrelako ekimenak martxan jartzeko. Tokiko merkataritza sustatzeko bide interesgarria izan daiteke, eta aldi berean getxoztarron artean komunitate sentimendua indartzeko bide bat. Herri eta komunitate bezala, eta ekonomikoki aurrera egiteko aukera ezin hobea ikusten dugu.

Getxoztar txartela da proiektu honi eman diogun izena, baina txartel hitzak ez dio zuzenean txartel fisikoari egiten erreferentzia, ordainketa sistema propioari baizik. Getxoko Bizuma bezalako sistema bat, bai Getxoko denda txikiei bai erosleei mesede egingo diena. 

Argi dagoena da formula magikorik ez dagoela, eta beraz hiru urteetan garatu behar den proiektu pilotu bat proposatzen ari gara. Zalantzarik gabe, horrelako proiektu batean udalaren babesa izatea ezinbestekoa da sinesgarritasuna eta indarra emateko.

Hori dela eta Getxoko Osoko Bilkurak hurrengoa eskatzen dio Udal gobernuari:

Ekhilurrekin harremana ezarri eta proiektuaren bideragarritasuna aztertuko duen Azterketa egin. Ondoren oztopoak identifikatu eta gainditzeko bideak proposatuz.

Dendariekin harremanetan jarri proiektuaren inguruko lan bilerak eginez. Bide berdinetik Proiektuaren jarraipen batzordea osatuko da, bertan teknikariak eta sinatzaileon ordezkari bana egongo da. Batzorde honen lana Teknikoa izango da.

2025 aurrekontuetan 100.000 euro gorde proiektua abian jartzeko eta publizitate kanpaina plana sortzeko.