AKTUALITATEA


| 2024-10-25 08:36:00

Berdintasunaren arloan egindako lanak gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko oinarria jartzen du, eta Getxoko udalerrian horrek berebiziko garrantzia du. Genero-berdintasuna sustatzea eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzea ezinbestekoak dira pertsona guztiek, jatorria, generoa, arraza edo bestelako ezaugarriak alde batera utzita, bizitza baldintza duinak izan ditzaten. Berdintasunak gizarte kohesioa indartzen du, elkarbizitza hobetuz eta gatazkak murriztuz, gizarte justuago eta anitzago baterako bidea irekiz. Irakaspen ugari eman dizkigu mugimendu feministak horretaz.

Emakundek eta berdintasun legeek (1/2023 legegintzako dekretua, martxoaren 16koa) oinarriak eskaintzen dute erakunde guztietan berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko. Udalean berdintasun arloa egotea ezinbestekoa da, gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat lortzeko bidean. Arlo honek udalerri bakoitzaren errealitateari egokitutako politika zehatzak garatzeko aukera ematen du, genero-arrakalak identifikatuz eta horiei aurre egiteko estrategiak sortuz. Halaber, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko ekimenak bultzatzen ditu, eta berdintasunaren ikuspegia udal politiketan txertatzea bermatzen du, udalerriko herritar guztien ongizatea eta eskubideen errespetua hobetuz. 

Udal gobernuak, legegintzaldi planean, 8.garren erronka “Benetako berdintasun eraginkorra lortzea, baita ahalduntzea eta emakumeak nahiz LGTBIQ+ pertsonak herritar osoak izatea bultzatzea ere” aurkeztu zuen. Horrekin batera, proiektu eta ekintza ezberdinak planteatzen ziren:  Emakumeen Etxearen (GURARI Etxea) sorrera eta kudeaketa, V. Berdintasun Plana ezartzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta psikologiko eta juridikoa emateko zerbitzuak indartzea…

Proiektu horiek ez dute bakarrik planifikazioa eta gainbegiratzea eskatzen, baizik eta etengabeko kudeaketa pertsonalizatua ere bai, eta hori ezin da modu eraginkorrean egin berdintasun arloko teknikari bakarrarekin.

Emakunderen jarraibideen arabera, EAEko udalek giza baliabide nahikoak eta egokiak izan behar dituzte tokiko eremuan genero-berdintasuna benetan eta eraginkortasunez ezartzen dela bermatzeko. Hortaz, premiazkoa da arlo horretara bideratutako langileak eta baliabideak gehitzea, berdintasun-politiken plangintza eta koordinazio eraginkorra ziurtatzeko. Inbertsio gehigarri hori gabe, oso zaila izango da genero-indarkeriaren, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen sustapenaren eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren aldeko borrokaren erronkei erantzutea, udalak hartutako konpromisoetan eta Emakunderen gomendioetan jasotzen den bezala.

Hau guztiagatik, honako mozio proposamena aurkezten diogu Getxoko Osoko Bilkurari:

1. Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du Berdintasun Teknikari plaza berri bat sortzeko behar diren urratsak lehenbailehen ematea.

2. Plaza berri horren bideragarritasuna ziurtatzeko, Getxoko Udalak 2025.eko aurrekontuetan beharrezkoa den diru partida gordeko du.