AKTUALITATEA


| 2021-09-16 11:29:00

Gaur hasiko da Getxoko Mugikortasunaren Astea, eta urtero bezala Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu "mugikortasun jasangarria" bultzatzeko: bizikleta irteerak, umeentzako jarduerak, "Autorik gabeko eguna"... Astebetez Udalak ekologismo eta jasangarritasunaren diskurtsoa hartuko du, baina benetako konpromiso zehatzik hartu gabe.

EH Bildutik hainbatetan aldarrikatu dugu beharrezkoa dela trantsizio ekologikorako urratsak ematea. Osasun-krisi batean bizi garela, baina ezin dugula ahaztu aspaldi bizi garela krisi klimatiko eta ekologiko larri batean, eta hil ala bizikoa dela krisi honi aurre egitea orain, beranduegi izan baino lehen.

Baina noski, gaur egungo erakundeak (Udala, Aldundia, Jaurlaritza...) ez daude norabide horretan. Egun zehatzetan adierazpenak kaleratzen dituzte bai, baina itxurakeria eta propaganda hutsa baino ez dira, atzean ez dagoelako benetako asmorik urratsak ematen hasteko, edo are gehiago egoera iraultzeko.

Herritarrei dei egiten diete uraren txorrota itxi edo hondakinak birziklatzeko, baina ez dituzte euren ardurak eta erantzukizunak euren gain hartzen. "Autorik gabeko eguna" antolatzen dute, baina errepide erraldoiak, makrotunelak eta pasabideak eraikitzen jarraitzen dute, inguru naturalak txikituz eta autoen erabilera bultzatuz.

Bada, Getxon ere hipokresia honen hainbat adibide ditugu. Azken urteetan EH Bildutik hamaika proposamen egin ditugu gure herrian mugikortasun jasangarria sustatu eta apurka-apurka egoera iraultzeko. Proposamen gehienen kontra agertu da PNV eta PSEren gobernua. Eta onartu dituzten apurrak ez dituzte martxan jarri.

Horren adibiderik argiena Getxobusa da, baina gauza bera gertatu da auzo-taxi zerbitzuarekin, bidegorri sarea handitzearekin (Areetako Kale Nagusian bi norabideko bidegorria sortzea, Sarrikobason, Maidaganen edo Errotatxun bidegorria luzatzea...) edota oinezkoen guneak handitzearekin (Mimenagako padura berreskuratu, Algortako Etorbidean oinezkoen espazioa handitu...).

Azkorrik bizi duen egoera ere oso argigarria da: herri-mugimendua mobilizatu behar izan da Udala mugitu eta kotxeen joan-etorriari mugak jartzeko. Hori bai, Udala ez da gai izan oraindik inolako alternatibarik proposatzeko (legez kanpoko biribilgune bat eraikitzeaz gain, noski). Bizkaibuseko maiztasuna handitu, Getxobizi zerbitzua Azkorriraino luzatu... EH Bildutik proposamena aurkeztuko dugu iraileko osoko bilkuran, besteak beste, doako lanzadera zerbitzua sortzeko hutsik dagoen Ibarbengoako aparkalekutik Azkorriraino. Ikusiko dugu Udal Gobernuak zer egiten duen, baina ez dugu sorpresa handirik espero.

Ibarbengoa ere bada Udal Gobernu honen jarreraren adierazgarri. Urtebete igaro da eraiki zenetik, eta denok bagenekiena bete egin da: inork gutxik erabili du aparkaleku hau. Landa txikitu zuten, dirutza xahutu zuten (ia 4 milioi euro) inolako erabilerarik ez duen aparkalekua eraikitzeko. Tamalez, ez da bakarra: antzeko zerbait gertatu da Txiki Otaegi azpiko aparkalekuarekin. Plaza hondatu zen, nortasuna kendu zioten, herriaren erdigunean aparkaleku bat eraiki zen (kotxeak erabiltzea sustatuz Algorta erdigunetik)... baina gero auzokideek ez diote erabilerarik ikusi.

Eta hau da EAJ eta PSEren errezeta: eraiki eta bota, errepideak eraikitzen jarraitu, inguru-naturala txikitu, aparkalekuak han eta hemen eraiki... eta irailean, urtean behin, "Autorik gabeko eguna" antolatu. Gainontzeko 364 egunetan, hori bai, autoarekin.