AKTUALITATEA


| 2023-05-24 08:51:00

Txibitena inguruan aire zabaleko kirol instalazio berriak jartzea proposatu du Ima Garrastatxu EH Bilduren alkategaiak. Garrastatxuk azaldu duenez, OPEN gimnasio zaharraren ondoan zenbait kantxa balioaniztun eta doakoak joango lirateke, eta horiei pilotaleku bat gehituko litzaieke. Proiektua inguru horretan eraikitzen ari diren urbanizazio berriarekin batera garatuko litzateke, eta bizilagunekin lankidetzan egingo litzateke.

Alkatearen hitzetan, “Durangoko EH Bildun kirolaren eta bizitza osasungarriaren aldeko apustua egiten dugu. Horregatik, aire zabaleko kirol instalazio berriak eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu, durangarren eskura jartzeko”.

Erabilera anitzeko eta doako kantxa horiek aukera gehiago emango dituzte herritarrek aire zabaleko kiro jarduerez goza dezaten, bizimodu aktibo eta osasungarria sustatuz.

Gainera, Garrastatxuk azpimarratu du koalizioa horrelako kantxak beste espazio batzuetan ere gaitzeko aukera aztertzen ari dela, San Roken, esaterako. Duela gutxi bertako auzo elkartearekin egindako bilera batean, proposamen hori planteatu zen, haren bideragarritasuna eta balizko onurak aztertzeko. Alkateak gogorarazi du koalizioak konpromiso argia duela herritar guztiek erabiltzeko moduko kirol azpiegiturak garatzeko.

Garrastatxuren arabera, “legegintzaldi honetan hainbat kirol instalazio hobetzeko ahalegina egin dugu, hala nola Ezkurdiko pilotalekua edo Txibitenako skate park-a, azken hau kantxa berriak kokatuko liratekeen tokiaren ondoan dagoena. Orain, lanean jarraitu behar dugu durangarrei bizitza osasungarria izateko aukera emateko, eta pista horiek lagungarri izan daitezke norabide horretan”.