AKTUALITATEA


| 2026-02-12 12:34:00

Ia 4 milioi euroko zuzenketak aurkeztu dizkiegu udal aurrekontuei, helburu argi batekin: durangarren bizitzak hobetzea. Inbertsio zehatzak aztertu eta proposatu ditugu, gaur egun Durangok dituen erronka handienei erantzuteko: Zaintza, etxebizitza, krisi klimatikoa eta kirola.

Udalaren errealitate ekonomikoa ona da. Diru-sarrerek gora egin dute, gerakina handia da eta finantza-egoera sendoa. Horregatik, hain zuzen ere, uste dugu badela garaia parez pare ditugun erronkei heltzeko.

 

Dagoeneko onartuta eta gauzatu gabe dauden konpromisoak

Proposamen berriekin batera, ezinbestekotzat jotzen dugu gogoraraztea Udal Gobernu honek dagoeneko onartuta eta oraindik gauzatu gabe dauden konpromisoak dituela, horietako asko auzoen eta herritarren parte-hartzearekin hartutako erabakiei zuzenean lotuak.

Lehenik eta behin, lehentasunezkotzat jotzen dugu 2026an Kapitanenako gizarte-zentroaren proiektua berriz martxan jartzea eta gauzatzea, herritarrek egindako proposamenak erantsita. Horretarako, 1.000.000 euroko inbertsioa gauzatu beharra dago.

Era berean, beharrezkoa da Antsoestegiz kaleko birgaitzea behin betiko amaitzea, luzaroan espero den jarduketa, 1.613.441,10 euroko zuzkidurarekin.

Horrez gain, baratze ludikoen proiektuaren garapena bermatu behar da eta 238.000 euro onartuak daude horretarako.

Era berean, ezinbestekotzat jotzen dugu iaz parte batean gauzatu gabe geratu zen energia-komunitateentzako diru-laguntza berriztea, proiektu hori bidean gera ez dadin 73.000 euro bermatuz.

Gainera, ezin ditugu ahaztu aurreko ekitaldietako aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuak, oraindik gauzatzeke daudenak::

Kurutziagako iturria konpontzea: 100.000 €

Udalerrian zuhaitz gehiago landatzea: 100.000 €

Madalena haur-parkea hobetzea: 100.000 €

Kantxak eta frontoi irekiak: 200.000 €

Parke berde berria: 100.000 €

Konpromiso horiek betetzea ez da gai ekonomikoa soilik, erakundeen sinesgarritasuna eta herritarren parte-hartzea errespetatzea ere bada.

 

2026ko aurrekontuen zuzenketak

Orain arte adostutakoa betetzea ez da nahikoa, Durangok erronka berriak ditu aurretik. Gure ustez, Durangok 4 erronka handi ditu aurretik: zaintza krisia, etxebizitza larrialdia, clima aldaketa eta aisialdi eta kirol guneen kudeaketa.

 

Hobeto zaintzea, elkarrekin zaintzea: 285.000 €

Zaintzak ezinbestekoak dira bizitzari eusteko, hala ere, denbora luzeegian bigarren mailan geratu dira. Politika hori indartzeko 285.000 euro bideratzea proposatzen dugu, ikuspegi komunitario, feminista eta ekintzara bideratutakoa oinarri hartuta.

20.000 euro proposatzen ditugu Durangoko zainketen diagnostiko xehatu berri baterako, aholkularitza feministarekin baliatuz, herritarren benetako beharrak zorroztasunez ezagutu ahal izateko. Lan horretatik abiatuta, 45.000 euro proposatzen ditugu zainketen arloko ekintza-plan bat garatzeko eta neurri zehatzak abian jartzen hasteko.

Bi parketan makina bio osasungarriak instalatzea ere proposatzen dugu, bata San Fauston eta bestea Tabiran, 100.000 eurorekin, adineko pertsonek aire librean  ariketa egin ahal izan dezaten.

Era berean, Otamotzena parkean komun publiko bat jartzea proposatzen dugu 100.000 eurorekin.

Merkatu plazako kantxa funtzio anitzeko espazio atsegina bihurtzea ahalbidetuko duen aurreproiektua idazteko 20.000 euro proposatzen ditugu, topagune bihurtu dadin.

 

Etxebizitza larrialdiari aurre egitea: 2.530.000€ Durangon bizitzeko eskubidea bermatzeko

Etxebizitza larrialdia, gazteentzat ez ezik, sektore askoren kezka nagusietako bat bihurtu da.

80.000 euro proposatzen ditugu etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura ateratzea bultzatzeko, eta 20.000 euro etxebizitza hutsen inbentarioa eguneratzeko. Adinekoengan pentsatuta, 50.000 euro bideratuko ditugu San Agustin ospitale zaharra egokitutako etxebizitza bihurtzeko aurreproiektu batera.

Gainera, 80.000 euro proposatzen ditugu Udal Etxebizitza Bulegoa sortzeko, kalean bertan, hurbil eta irisgarri. Etxebizitza Bulegoa berriak, herritarrei aholkularitza egiteaz gain, etxebizitza-plan berri bat pentsatu eta gauzatzeko ardura izango du.

Ardatz nagusia etxebizitzaren udal-parke publikoa handitzea da, 2.000.000 eurorekin, formula kooperatiboen eta erabilera-lagapenaren aldeko apustua eginez. Durangoko Udalak 16 etxebizitza baino ez ditu jabetzan, laster aterako direnak alokairuan. Parke publiko gehiago behar da alokairuaren eskaerari erantzuteko eta merkatu libretik kanpo beste aukera bat eskaintzeko.

Horri 300.000 euro gehitu behar zaizkio auzo eta ingurune degradatuak hobetzeko laguntza-lerro berri baterako.

 

Durango krisi klimatikoari aurre egiteko prestatzea: 735.000€ egokitzapenerako eta jasangarritasunerako

Krisi klimatikoak ageriko ondorioak ditu jada, eta tokiko erantzunak eskatzen ditu. 100.000 euro proposatzen ditugu saneamendu-sareak egokitzeko eta espazio publikoetan bero boladen ugaritzeak duen eraginari buruzko azterketa egiteko.

Horri 400.000 euro gehitu behar zaizkio Taduko aparkalekuan eguzki-plakak jartzeko; 135.000 euro udalerriko auzoetan bizikletaeentzako aparkaleku estali seguruak jartzeko, eta 100.000 euro espazio publikoetan aterpe klimatikoak sortzeko.

 

Kirola eta espazio publikoak: 400.000€ instalazio duin eta irisgarrietarako

100.000 euro proposatzen ditugu Ezkurdiko pilotalekuko aldagelak berritzeko, espazio egokiak bermatuz; 100.000 euro Landako IIko aldagelak hobetzeko; eta 200.000 euro kantxa eta frontoi irekiak, publikoak eta doakoak sortzeko.

Premiazko neurriak une erabakigarri baterako

Inbertsio horien zati handi bat posible egiteko, Udalak 3.200.000 euroko kreditua eskatzea proposatzen dugu. Gaur egun, Durangoko Udalak ez du zorrik eta egoera ekonomiko sendoa du, zailtasunik gabe zorpetzea ahalbidetuko liokeena.

Ez litzateke erabaki berria: aurreko etapetan Udalak berak zenbateko handiagoko maileguei aurre egin die bere finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe. Tresna hori orain erabiltzeak beharrezko inbertsioak aurreratzea eta premia larriei benetako erantzunak ematea ahalbidetuko luke

 

Bizitzak hobetzeko aurrekontuak

Zuzenketa hauek ia 4 milioi euro batzen dituzte helburu bererako: Durangarren bizi-kalitatea hobetzea. Proposamen bideragarriak dira, herritarren benetako kezkei erantzuteko finantzatuak eta pentsatuak.

EH Bilduren ustez, egoera ekonomikoa ona denean, arduraz gobernatzeak apustu sendoak egitea esan nahi du, baliabide publikoak pertsonen, auzoen eta herriaren etorkizunaren zerbitzura jarriz.