AKTUALITATEA


| 2026-03-11 08:36:00

Etxebizitza Larrialdia da durangarren arazo nagusia. Ondorio hori eman zuen ekainean Durangoko Udalak egindako inkestak. Horren harira, adierazpen instituzional bat bultzatu zuten EH Bildutik, zeinetan alderdi guztiak konprometitu ziren egoerari buelta emateko neurri eraginkorrak proposatu eta aurkeztera.

EH Bilduk urrian aurkeztu zuen “Etxebizitza Larrialdiari aurre egiteko neurrien dekalogoa”. Bertan, Durangoren egoera sakon aztertu ondoren, eta hiru ondorio atera zituzten:

  1. Durangon 2099 eskatzaile daude Etxebiden izena emanda, horietatik gehienak alokairurako.
  2. Durangon 1405 etxebizitza hutsik daude, etxebizitza guztien %10, eta gehienak 2 urtez baino gehiagoz.
  3. Udalerriko alokairu eskaintza oso txikia da, eta ez dago alokairu babestuko eskaintzarik.

Honen aurrean, 10 neurri proposatu zituen EH Bilduk, “gaur eta hemen martxan jarri daitezkeenak, gainontzeko administrazioei itxaroten egon barik”.  Eta bi helburu nagusi jarri zituzten: datozen 4 urteetan 300 etxebizitza huts mobilizatzea, eta udalaren parke publikoa bikoiztea. Beste neurri batzuk ere proposatzen zituzten, Etxebizitza Bulegoa sortzea edo goi solairuetako bulegoak etxebizitza bihurtzea, adibidez.

Neurriok etxebizitza mahaira eraman zituen koalizio subiranistak, eta beste alderdi batzuekin partekatu dituzte. Gerora, alderdi bakoitzak bere neurri alternatiboak planteatu ditu. Baina EH Bilduk adierazi duenez “Udal Gobernuko alderdiak eztabaida saihesten ahalegindu dira, neurriak martxan jarri ez daitezen”.

Orain, eztabaida osoko bilkurara eramatea proposatzen du EH Bilduk, “eztabaida publikoa izan dadin eta alderdi bakoitzak neurririk egokienak herritarren aurrean aurkezteko aukera izan dezan”.

“Ausardia eta zintzotasuna eskatzen dizkiegu gainontzeko alderdiei, hitz hutsetatik, argazkietatik eta promesetatik harago, neurri ausartak eta egiturazkoak hartu behar dira orain eta hemen Etxebizitza Larrialdiari aurre egiteko.”