Gaur, Urriak 22, Durangoko Etxebizitza Larrialdiari aurre egiteko plana aurkeztu dugu EH Bilduko kideok, San Agustineko ospitale zaharraren aurrean.
EH Bildutik argi diogu Etxebizitza Larrialdi egoeran gaudela Durangon. Uste dugu gauzei beren izenez deitu behar zaiela, eta hau benetako larrialdia da.
Durangoko udalaren etxebizitza politika eredu neoliberalaren inertziak kudeatzera mugatu da azken hamarkadetan eta, modu aktiboan edo pasiboan, kudeaketaren ardura merkatuaren eskuetan utzi da. Ima Garrastatxuk aurkezpenean adierazi duenez: “Bestela esateko, eraikuntza enpresen mesedetara jarri dira etxebizitzaren politika publikoak, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzera bideratu beharrean.”
Eskala anitzeko arazoa da etxebizitzarena, izan ere, egungo gure estatus juridikoan, partekatua da etxebizitza-politikaren eskumena. Etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzeko hartu daitezkeen egiturazko neurriak ez daude denak udalen esku, baina, hala ere, Ima Garrastatxuk azpimarratu du: “udalek, dituzten ahalmenekin, paper garrantzitsua dute gai honetan”
Ima Garrastatxu: “Gai honetan ezer egin gabe edo neurri kosmetikoak hartzen jarraitzea ez da aukera bat, bitartean gure gazteak etxetik joan ezinda daudenean”. Egoera honi buelta emateko neurri ausartak hartu beharko dira, eta denboran iraungo dutenak. Hau da, neurriak lehenbailehen hartu behar diren arren, epe luzeko begiradarekin jokatu behar da. Horretarako ahalik adostasun zabalena lortu behar da, eta herritarren parte hartzea bultzatu beharko da.
EH Bildutik 10 neurri proposatu ditugu, lehenbailehen martxan jarri daitezkeenak, egoerari buelta ematen hasteko. Etxebizitza mahaian gainontzeko alderdiekin adostasunak bilatzen saiatuko gara, eta lehenbailehen martxan jartzen.