Durangoko historiako soldatarik altuena eta Euskal Herriko altuenetarikoa duen alkatea izango da Mireia Elkoroiribe. EH Bilduk alkate berriaren intentzioak zeintzuk ziren publiko egin eta bost egunetara onartu dute soldata igoera, soilik EAJ eta PSEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak kontra bozkatu dute. Gainera, udaleko arduradun teknikoen txostenen arabera, urtean 110.000€ gehiago bideratu beharko dira aurten soldatetara aurrekontuetako beste partida batzuetatik.
EAJko bozeramaileak udal gobernuaren gardentasun falta erakutsi du soldata igoerei dagozkien datuak ematerakoan, informazio faltsua eta manipulatua erakutsiz. Taula fiktizioak sortu dituzte eta konparagarriak ez diren datuak alderatu, herritarrengan nahasmena sortzeko helburuarekin. EH Bilduk adierazi du EAJk aurkeztutako 2029-2023 epealdiko udal gobernuaren gastuen taula ez dela egiazkoa, eta zuzenketa publikoa eskatu du. Gainera, ez da egia, EAJk adierazi bezala, Mireia Elkoroiribek aurreko lanean zuen soldata bera jasoko duela, Mankomunitatean baino 20.000€ gehiago irabaziko baititu. Gezurra esatea ez da zilegia, ez politikan ez bizitzako beste esparruetan ere.
Datu gordinek argi uzten duten gauza bakarra da gobernu hau garestiago aterako zaiela durangarrei, eta bi pertsona gutxiago izango dituela lanean. Udal gobernu batek gardentasunez eman behar ditu datuak, eta hori exijitzen jarraituko dugu.
Azkenik, EH Bilduk oso larritzat jo du udal gobernuak oposizioaren proposamenari betoa jarri izana, ez baitute EH Bildu eta Herriaren Eskubideak egindako proposamena bozkatzen utzi. Juridikoki zalantzagarria den erabakia hartu du alkate berriak bozketa galarazita, eta legegintzaldiko lehen plenoa errepikatu beharko litzateke kriterio juridikoek hala ebazten badute. Inposizioz eta gardentasun faltarekin hasi du legegintzaldia gobernu berri honek.