AKTUALITATEA


| 2023-06-17 10:30:00

Hauteskunde gauen esan genuen bezala, eskertuta eta pozik gaude jasotako babesarekin. 5.434 bozka eskuratu genituen maiatzaren 28an. Abstentzioak alderdi guztiei eragin dien hauteskunde hauetan gure orain arteko jarduna saritua izan da eta hori ez da makala. Ez dago sobera beraz, berriz ere gugan jarritako konfiantzagatik eskerrak ematea. Durangoko lehenengo indar politikoa gara eta hau ez da kasualitatea.

Aldaketa politiko eta kultural baten seinale da hauteskunde hauetan gertatutakoa. Durangon hasi dugun bideak gehiengo zabal baten babesa du eta gehiengo honen bultzadarekin aurrera goaz.

Osoko bilkuran ere aipatu dut, duela lau urte gure hitza eman genuela. Hitza eman geniela Durangar guztiei, baita geure buruari ere. Udaletxeko alfonbrak astindu eta leihoak eta ateak irekiko genituela esan genuen eta hori egin dugu. Udala ilunetik argitara atera dugu, bulegoetatik plazara.

Ez naiz zerrendatzen hasiko legegintzaldi honetan egindako lan guztia, baina gure gobernantza eredua irudikatzeko adibide bi jarriko ditut.

Lehenengoa: Herritarrei ahotsa eman diegu. Honen adierazle argiena herri kontsulta izan da. Zementuan eta espekulazio inmobiliarioan oinarritutako proiektu batetik irtetea lortu eta Durangoko herritar guztien ongizatea bermatuko duen proiektu baterako oinarriak jarri genituen herritarren parte hartzearekin. Durangok inoiz izan duen erronka urbanistiko handiena ezin delako bulego itxietako negozioa izan.

Eta bigarrena: Auzo guztiak beharrezko azpiegiturez hornitu ditugu eta espazio publikoak gaitu. Ez delako justua orain arte egon den auzoen arteko ezberdintasuna.

Urteetan, lehen eta bigarren mailako herritarrak egon dira Durangon. “Los nobles y leales a la corona real”, eta gainontzekoak. Batzuk pribilegiatuak eta gainontzekoak baztertuak.

Egoera honi buelta ematen aritu gara, eta uste dugu asko dagoela egiteko oraindik, baina norabide egokian goaz.

Gaurko osoko bilkuraren ostean, esan dezakegu hasitako bide hau ezingo dugula nahiko genukeen bezala jarraitu. EAJk eta PPk lotutako akordioari esker, PPko ordezkaria Bilbotik etorri da eta EAJko hautagaia bozkatu du. Alkate berriak bidelagunik txarrenak aukeratu ditu kargura heldu ahal izateko.

EH Bildun printzipioak ditugu, eta herritarrekin zintzotasunez jokatu dugu uneoro. Uste dugu hori dela herritarrek eskatzen digutena. Eta horretan jarraituko dugu, Durangoren eta durangar guztien alde lanean.

Eskerrik asko!