AKTUALITATEA


| 2023-12-15 08:38:00

Pertsonen ahalduntzean sinesten dugu, auzoetako elkarteak bultzatzearen alde gaude, elkargune espazioak eta bizitza komunitarioa sortu eta hedatzeko eta, horri esker, auzoak berak bere beharrei erantzuteko gaitasuna gara dezan, udal administrazioari bere proiektuak garatzeko elkarlana galdeginez.

Gizarte osasuntsu, konprometitu eta aktibo baten alde egiten dugu, eta hori lortzeko modu onena herritarrei tresnak ematea da. Gure ustez, gizarte-etxeak elkartzeko, sinergiak sortzeko, jendea partaide bihurtzeko, ahalduntzeko eta, finean, gizarte parekide bat eraikitzeko tresnak dira.

Auzoetako espazio horiek guztiak ezabatzen saiatzen direnak Durangozentrismoaren alde egiten dutenak dira; urte batzuk lehenago jada ezagutu dugun Durangozentrismoa, non auzoak ahaztuta geratzen diren, lagapen guztiak bulego itxietan egiten diren eta alderdiko adiskidekeriari eta entxufismoari erantzuten dioten.

San Faustotik hasi dira: gezurra esan diete eta auzo elkarteen hitzak desitxuratu dituzte. Era berean, orain, Muruetatorre, Ibaizabal eta Landako auzoetako elkarteen txanda heldu da:

Ibaizabal sortu berri den auzo elkarte batekin; Muruetatorre, espazio nimiño alokatu batekin; eta Landako, elkarte bat sortzeko laguntza eta bitartekoak eskaini ahal zaizkion auzo bat izanik, elkarte aurrekari solido bat izan baitzuen. Ez dugu ahaztu behar Landako Eskolako Guraso Elkartea, haiek ere erabiltzen baitzuten orain arte Durangoko bigarren auzogunea izan den eta izaten jarraitzea nahi duguna.

Bien bitartean, Juan de Itziarrentzat berreskuratutako espazio xumearekin zer gertatuko den galdetzen diogu geure buruari.

Bistan da pertsonak, auzoak, elkarteak, plataformak edo beste edozein kolektibo ahalduntzearekin zerikusia duen guztia EAJren interesen aurkakoa dela, urduritu egiten baita norbaitek ahots propioa duen bakoitzean.

Amaitzeko, EH Bildutik argitu nahi dugu gure helburua aurreko legegintzaldian hasitako proiektuei jarraipena ematea dela, eta horregatik, Murueta Torre eraikinaren erabilera berriak kaltetutako auzoetako bizilagunekin eta elkarteekin biltzen jarraituko dugula, erabilera berriak ekarriko duen aldaketari buruz duten iritzia jakiteko.