AKTUALITATEA


| 2023-06-29 13:33:00

Datorren asteartean, uztailaren 4ean, ospatuko den osoko bilkuran Mireia Elkoroiribe (EAJ) Durangoko alkate berriak bere soldata %66 igoko duela salatu du Durangoko EH Bilduk. Informazio horren arabera, Elkoroiribe jeltzaleak 77.929 euro kobratuko ditu urtean, aurreko alkate zen Ima Garrastatxuk (EH Bildu) baino 30.929 euro gehiago. Koalizio subiranistaren arabera, “durangar guztiok bagenekien Elkoroiribek hartuko zuen lehen neurria soldata igotzea izango zela, eta horrela egingo du datorren asteartean, Alkatetzara heldu eta hiru astetara”.

Datu hauek datorren astearteko osoko bilkura prestatzeko dokumentazioaren artean bilatu dituela jakinarazi du EH Bilduk. Zentzu horretan, “isilpean eta herritarrak ez konturatzeko asmoarekin” egindako erabaki bat dela deitoratu dute koalizioko ordezkariek.

Durangoko EH Bilduren ustez, Elkoroiribe alkate jeltzalearen soldata igoera guztiz neurrigabea da. Azken urteetan Durangon politika ulertzeko bi eredu kontrajarri izan direla nabarmendu du EH Bilduk: “Garrastatxu (EH Bildu) alkate ohiaren lehen erabakia bere soldata %40 jaistea izan zen, eta Elkoroiriberen lehen erabakia, berriz, bere soldata 30.929 eurotara igotzea izan da, % 66 gehiago. Uste dugu horrelako erabakiek min egiten diotela Udalari, durangarrek ez dituztelako norberaren interes pertsonalerako erabaki hauek ulertzen. Jendeak benetazko arazo ekonomikoak pairatzen dituen bitartean, ez da zilegi alkateak bere soldata propioa %66 handitzea. Politikan denak ez du balio”.

Ez da lehen aldia Elkoroiribek horrelako erabaki bat hartzen duena. Aurreko legegintzaldian ere antzeko erabakia hartu zuelako Durangaldeko Amankomunazgoaren lehendakari izendatu zutenean. Duela lau urte ere bere soldata %13 igo zuela gogorarazi dute EH Bildutik.

Gainera, gainontzeko EAJk proposatutako erabakiaren ondorioz, alkateordeen soldatak ere nabarmen igoko dira, Horren ondorioz, legealdi honetan politikarien soldatetara 300.000 euro gehiago bideratuko direla salatu du koalizio subiranistak. “Gizarteari errespetua zor zaio, eta horrelako soldata igoera bat guztiz neurrigabea da”.

300.000 euroko soldata igoera horiek Durangoko hainbat proiektutara bideratzea proposatzen du EH Bilduk, “eta ez politikari gutxi batzuen poltsikoak betetzera”. Horregatik, datorren astearteko osoko bilkuran EAJk eginiko proposamen horren aurka bozkatuko duela iragarri du EH Bilduk, eta berdina egitea proposatu die gainontzeko alderdiei:

“Politikan zintzotasunez jokatu behar da, eta alkate baten lehen erabakia bere soldata %66 igotzea denean horrek ez du herritarrenaganako errespeturik erakusten. Gu ez gara politikara gure patrika betetzera etorri, baizik eta durangarren bizi kalitatea hobetzera, horregatik proposamen bidegabe horren aurka bozkatuko dugu”.