AKTUALITATEA


| 2025-04-11 13:47:00

EH Bilduren ustez, San Bartolomeren proiektua gelditzea albiste ona da hiriarentzat. Orain, ikusi beharko da zehazki zer suposatuko duen aurrerantzean irekiko diren negoziazioek Donostiarentzat. Gogoan izan behar da Udala, 2011n, kiebra egiteko arriskua zuen eragiketaren aurrean zegoela eta, honenbestez, San Bartolome Muinoa SL sozietateak proiektu hau burutzeko banketxeekin sinatu zuen 100 milioiko abalak udal diru-kutxetan izango zuen eraginaren aurrean. Proiektuak, ezin ahaztu, desadostasunak eragin zituen hiritarren artean.

Testuinguru horretan, Juan Karlos Izagirreren Udal Gobernuak hainbat bilera egin zituen herritarrekin, merkatariekin, muinoaren defentsarako plataformarekin eta oposizioko alderdi politikoekin, oinordetzan jasotako operazio hori ahalik eta adostasun handienarekin bideratzeko. Aho batez erabaki eta onartu zen orduan Plan Orokorraren lehen aldaketa egitea 2014an baina beti San Bartolomeko muinoa eta Bainu Etxea defendatuz eta gerora hotel bihurtu zen komentuari babesa emanez.

Gaur egun merkataritza-gune eta parkingerako den partzelari dagokionez, Bilduk hirugarren sektoreko erabilera bat defendatu zuen prozesu hartan, erabilera mota gehiago ere aurreikusten zirelarik (bulegoak, gimnasioa...). Zentzu horretan, tertziario osoa komertziala izateko erabakia geroagoko erabakia izan zen. Plan Orokorraren aldaketaren behin betiko onarpena eman zenean, EH Bildu oposizioan zela, behin betiko onespena eman zitzaion San Bartolomeko proiektuari, gaur egun konfiguratuta dagoen bezala. Merkataritza-guneak mugatzen saiatu ginen orduan, gainerako taldeen behar adinako botorik izan ez zuen zuzenketa baten bidez; eta, beraz, ez genuen aldatze-proposamena babestu. Berriki, EH Bilduren udal taldeak txosten juridiko bat ere eskatu dugu merkatal-gunea legediari egokitzen zaion edo ez argitzeko.

Dena den, hiriarentzako albiste positibo baten aurrean gaudela uste dugu. Hiri proiektu baten aurrean gaude eta EH Bildutik eskua luzatua dugu Udal Gobernuarekin batera Donostiaren eta bere herritarren interesen aldeko akordioaren alde egiteko, adostasunik zabalena bilatu eta elkarlanean aritzeko.