Josu Zabala Erasun gaztearen erailketaz 50 urte bete diren honetan, eta iragan uztailean Espainiako Estatuak biktima gisa aitortu duenean, EH Bilduk erakunde adierazpena erregistratu du Donostiako Udalean. Hain justu, gaur bertan hasiko den Zinemaldiaren 74. edizioak zentzu batean gertakari haiek ekarriko dizkigu gogora, izan ere urte hartako edizioa hastear zela gertatu zen heriotza, eta erailketak ekarri zuen soka luzearen ondorioz, ‘El desencanto’ filmaren lan taldeak luzemetraia Sail Ofizialetik erretiratzea erabaki zuen protesta gisa. Orain, bost hamarkada ondoren, Jaime Chavarriren lana ‘Klasikoak’ atalean proiektatuko da.
Guardia Zibilak Hondarribian tiroz hil zuen 24 urteko gaztea, Eduardo Morno Bergaretxe 'Pertur' donostiarraren desagerpena salatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zela. Irungoa zen eta Lesakako Laminaciones enpresan lan egiten zuen; CCOO sindikatuko ordezkaria zen.
Zabalaren hilketak eragin handia izan zuen euskal gizartean, baita Donostian ere, Zinemaldiaren 24. edizioa hastear zela. Gainera, jaialdiko zuzendaritzak gertaeraren aurrean eta polizia-indarkeriaren aurrean erakutsitako axolagabekeriak errakzio soka luzea ekarri zuen: besteak beste, Elias Querejeta ekoizleak eta ‘El desencanto’ filmaren lan taldeak, Jaime Chavarri zuzendaria buru zutela, luzemetraia Sail Ofizialetik kentzea erabaki zuten.
Espainiako Estatuak uda honetan bertan biktima gisa aitortu duenean zehaztu duenez, Zabalari “arrazoi politiko eta ideologikoengatik” jazarri zitzaizkion, eta, beraz, eskubidea du “bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko”.
Gauzak honela, EH Bilduren udal taldeak honako erakunde adierazpena aurkeztu dugu:
1.- Donostiako Udalak 1976an oraindik indarrean zeuden erregimen frankistaren egituren aurrean Josu Zabalari elkartasuna adierazo zioten pertsona eta erakunde guztiak aitortzen ditu.
2.- Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du. Zabalren familiaren eskaerarekin bat eginez, agintari eskudunei Zabala familiari dagokion justiziazko eta informaziorako eskubidea eskatzeko.
3.- Donostiako Udalak bat egiten du Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioan Josu Zabalaren hilketa eta ‘El desencanto’ filmaren egileen keinua oroitzeko antolatuko diren ekitaldiekin.
Bestetik, gogoratu nahi dugu Josu Zabalarena ez dela garai haietan Zinemaldiaren daten inguruan gertatu zen erailketa bakarra. Urtebete lehenago, 1975eko abuztuaren 31n, polizia batek Jesus Mari Garcia Ripalda 23 urteko gaztea tiro batez hil zuen Grosen, eta handik lau urtera, 1979ko irailaren 1ean, Iñaki Kijera Zelarain modu berean erail zuen Ijentea kalean 18 urte zituela.
Aurtengo udaran Estatu espainiarrak polizia-indarkeriaren biktimatzat aitortu ditu Zabala eta Kijera, ez ordea Garcia Ripalda. Argia piztu eta egia ezagutarazteko garaia da.