AKTUALITATEA


| 2026-08-12 07:58:00

EH Bilduk kezka eta harridura agertu nahi du Udal Gobernuak Auditz Akularreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari lotutako prozedura abuztuaren 11n, Aste Nagusiaren erdian, iragartzeko zuen nahiaren eta asmoaren aurrean.

Jon Insausti alkateak iragarri zuen Tokiko Gobernu Batzarrean Auditz Akularreko HAPOaren aldaketa lantzeko laguntza teknikoa kontratatzeko baldintza-agiriak onartuko zirela, gaur, abuztuaren 11n, Aste Nagusiaren erdian hain zuzen. Hala ere, asmo hori iragarri eta prozesua abian jartzeko asmoa azaldu duten arren, prozedura mahai gainean geratu da, eta, horrenbestez, prozesua ez da oraindik abian jarriko.

Udal Gobernuak, ordea, publikoki iragarri zuen gaur bertan onartuko zela prozedura hori abiarazteko lehen urratsa. Horregatik, galdera zuzena egin nahi diogu Udal Gobernuari: Donostiarren alde eta Donostiari begira lanean ari zaretela esaten duzuen honetan, egokia al da horrelako gai estrategiko bat abuztuaren 11n, Aste Nagusiaren erdian, aurkeztea?

Ez dugu ulertzen zergatik aukeratu den, hain zuzen ere, herritarrak jai giroan eta oporraldian dauden unea, donostiarrentzat eta hiriaren etorkizunarentzat hain garrantzitsua den prozedura bati buruzko lehen urratsak iragartzeko.

EH Bilduren ustez, ez da hutsala horrelako gai estrategiko bat noiz eta nola iragartzen den, eta are gutxiago iragarritakoa gauzatu ezin denean. Auditz Akularreko etorkizunak eragin zuzena izango du Donostian eta donostiar guztiengan, eta, bereziki, Altzan, azken urteotan auzoan izandako eraldaketa sakonak eta egin diren garapen urbanistiko eta esku-hartze ugariak kontuan hartuta. Izan ere, azken urteetako hirigintza-erabakiek eta azpiegitura- eta urbanizazio-lanek eragin nabarmena izan dute auzoaren konfigurazioan; horregatik, etorkizunari buruzko edozein erabaki ezin da testuinguru horretatik bereizita ulertu. Ez gara edozein hirigintza-eragiketaz ari: milaka etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen prozedura batez ari gara. Gainera, Udal Gobernua herritarren iritzia kontuan hartu gabe ari da Auditz Akularren etorkizuna definitzen, eta erabaki horien erdigunean donostiarren ongizatea jarri beharrean, hirigintza-garapen jakin bat lehenesten ari da. Horrelako erabaki batek hiriaren etorkizuna baldintzatuko du, eta ezin da herritarren parte-hartzea eta iritzia bigarren mailan utzi.

Horregatik, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio argitu dezala zer dela-eta izan duen horrelako presa prozedura gaur bertan onartuko zela iragartzeko, eta zergatik ezin izan duen iragarritako bete, onarpena mahai gainean utziz.

Herritarren parte-hartzea eta HAPOaren prozesua errespetatu behar dira

Auditz Akularren proiektua ez da hutsetik sortzen. Urteak daramatzagu prozesuarekin lanean, eta denbora horretan herritarrek eta eragileek parte hartu dute, iritzia eman dute eta beren ekarpenak eta gogoetak egiteko espazioak izan dituzte.

Horregatik, bereziki garrantzitsua da prozesu horrekiko errespetua, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzea.

Donostiaren etorkizunaz ari gara, eta gai honek ez du komunikazio estrategiaren menpe egon behar. Herritarrek informazio osoa eta behar besteko denbora behar dute proposamen baten ondorioak ezagutzeko eta eztabaida publikoan parte hartzeko.

EH Bilduren iritziz, Auditz Akularren moduko proiektu estrategiko baten inguruan gardentasunez, zorroztasunez eta herritarren iritzia aintzat hartuta jokatu behar du Udal Gobernuak. Are gehiago, HAPOan aurreikusitako etxebizitza kopurua gaindituko duen garapen baten aurrean gaudenean.

Donostian etxebizitza gehiago eraikitzeak ez du zertan lur gehiago okupatzea esan nahi

EH Bilduren ustez, Auditz Akularren inguruko eztabaida ezin da mugatu zenbat etxebizitza eraikiko diren erabakitzera. Donostiaren hirigintza-ereduaz eta hiriaren etorkizunaz ari gara.

Donostian etxebizitzak eraikitzeko erakundeek orain arte jarraitu duten eredua zaharkituta dagoela uste dugu, eta frogatu da ez dituela behar diren emaitzak eman. Aitzitik, desorekak eta asimetriak sortu ditu hirian eta auzoen artean.

Horren adibide argia da Altza. Orain arteko hirigintza-garapenak eraikuntza handia ekarri du, baina ez ditu bermatu beharrezko arnasguneak, zerbitzuak eta ekipamenduak.

Horregatik, EH Bildurentzat lur gehiago okupatu gabe hazteko garaia da.

Altzako plangintzan lehentasuna eman behar zaio akats historiko hori zuzentzeari: beharrezko zerbitzu, ekipamendu eta jarduera ekonomikoez hornitu behar da auzoa, eta oraindik geratzen zaizkion berdeguneak errespetatu behar dira.

EH Bilduren proposamena: Auditz Akular babestea eta alternatibak mahai gainean jartzea da.

EH Bildu Auditz Akular eremu naturalaren aldekoa da, eta horretarako proposamen zehatza du.

Alde batetik, Auditz Akular eremu naturala izendatzea proposatzen dugu, eremuaren balio naturalak babesteko. Bestetik, Antondegi desklasifikatzea proposatzen dugu, HAPOaren aurrerapenak berak gomendatzen duen bezala. EH Bilduren ustez, Antondegin eta Auditz Akularren aurreikusitako etxebizitzak beste eremu batzuetan egin daitezke, lur gehiago okupatu gabe eta beste modu batera antolatuta.

Alternatibaren norabidea argia da: lur gehiago ez okupatzea, epe ertainera lurraren erabilera mistoaren alde egitea eta kalifikazio-formulak erabiltzea, etxebizitza-premiei erantzuteko eta, aldi berean, hiriaren lurralde- eta auzo-oreka bermatzeko.