AKTUALITATEA


| 2026-09-03 09:58:00

Jon Insausti alkateak KAS debekatu zuenetik hilabete baino gehiago igaro da eta gaur gaurkoz Udal Gobernu honek ez du martxan jarri inolako mahairik egoerari irtenbide bat bilatzeko. Aldebakartasunez hartu zuen erabakiaren aurrean, EH Bilduk adierazi zuena berresten du oraingo honetan ere, hau da, mahai bat sortzeko premia eta bertan Udaleko sail desberdinak eta hirugarren sektoreko ordezkariak egoteko ezinbestekotasuna, KAS barne, jakina. Uste dugu ez dela berandu egoera honi irtenbide adostuak bilatzeko eta gaian adituak zein arituak direnei entzuteko.

Debekuaren berri izan genuen unetik salatu genuen erabakia, eta eskatu genuen bestelako irtenbideak bilatu bitartean KASen jarduna baimendu beharra zegoela. Eskaera berriro luzatzen diogu alkateari.

Sei urte hauetan KASen jardunaren beharra desagertu baino handitu izanak, instituzioetatik martxan jarritako baliabideen gabeziak parez-pare mahai-gaineratzen dizkigu. Donostia gainditzen duen eta ardatz ugarik zeharkatzen duten errealitate hau onbidean jarriko badugu, garbi dago irtenbidea begirada luzekoa eta integrala izan behar dela. Begirada luze horrek, baina, ezin gaitu aldendu orain eta hemen eman beharreko urratsetatik. Horregatik guztiagatik, beti uste izan dugu KAS ekimen herritar eta solidarioa aliatua izan dela Donostiako Udaletxearentzat, eta pena da PNV-PSEren Udal Gobernuak hala ulertu ez izana.

Egoerari, ordea, irtenbide bat emateko borondatea du EH Bilduk. Zentzu honetan, Insausti alkatea interpelatuko dugu datozen udal batzordeetan azalpenak eman ditzan, besteak beste, inolako mahairik sortu ez izanaren arrazoien inguruan. Era berean, gai hau lantzeko martxan diren erakundearteko markoen egoera zein den jakin nahi dugu.

‘Otorduak II’ programaren inguruan, nolako zabalpena duen argitu nahi dugu, hala nola iragarri ziren 100 otorduak noiz hasi diren jasotzen beharra duten pertsonek. Gogoratu nahi dugu, KASen hitzetan, debekuaren ondorioz alternatibarik gabe utzi direla pertsonetako asko, itxaron zerrendak direla medio edota udal zerbitzuetan jarritako baldintzak oraindik betetzen ez dituztelako.