AKTUALITATEA


| 2025-01-31 21:26:00

EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeok Udalbatzako Idazkaritza Nagusiari txosten juridiko bat egiteko eskatu diogu, San Bartolome muinoan merkataritza-gune bat eta lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko lizentzia legearen araberakoa den zehazteko eta argitzeko.

EAJ-PSEren Udal Gobernuak 2024ko irailaren 10ean Obra Handiko Lizentzia eman zion New San Bartolomé S.L. enpresari proiektu horri ekiteko. Ordea, hirigintzako estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan xedatutakoa behar bezala interpretatzeari buruzko zalantzak direla-eta, aipatu eskaera erregistratu dugu.

Dekretu horrek zuzkidura-zerbitzu publikoetarako egon behar duten ratioak ezartzen ditu. Hain zuzen, berriki, EAE-ko Auzitegi Nagusiak dekretu honetaz egin duen irakurketak eragin du Illarrako etxebizitza promozioari buruzko ebazpena. 6. artikuluak dioenez, bizitegitarako hiri-lurzoru finkatugabeko eremuetan, San Bartolome 5. HEAko b.20.2 lurzatian kasu, zuzkidura-eremuaren edo jarduketaren azalera osoaren % 15 bideratu behar da gutxienez, berdeguneetarako eta espazio libreetarako sistema orokorrak alde batera utzita.

Era berean, dekretu beraren 6.5 artikuluak honako hau xedatzen du: “tokiko zuzkiduren estandarrek eragindako lurzoru-azalera gisa zenbatu ahal izango dira titulartasun publikoko eraikinetan ibilgarriak diren estalkiak, betiere horiek erabilerakoak eta sarbide publikoetakoak izan badaitezke eta, beraz, legezko
estandarraren berezko helburua betetzen badute
”.

Hala ere, eremuan Espazio Libreen Tokiko Sistemetarako (SLEL) erreserbatzen diren 15.126 m²etatik, 10.665m² aprobetxamendu pribatuko lurpean dauden azalerei dagozkie, zehazki merkataritza-guneari eta aparkalekuari. Eta aipatutako dekretuaren 6.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, zalantzan jar liteke azalera horiek espazio libreen tokiko sistema gisa zenbatu daitezkeen ala ez. Izan ere, azalera horiek konputagarri gisa baztertuz gero, Espazio Libreen Tokiko Sistemen zuzkidura 4.461 m²-tan geratuko litzateke, 7.198 m²-ko nahitaezko gutxieneko estandarra baino nabarmen gutxiago.

EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak alderdiek egindako eskaera honek zalantza bat argitzea du helburu: berdegune eta gune libreetarako espazioaren azpian, irabazi ekonomiko helburu duen espazio bat eraiki ote daitekeen. Badirudi dekretuak hori galarazi dezakeela, eta hori horrela bada, ezin da merkataritza- gunerik edo aparkalekurik egin. Baliteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, epai berriaren ondorioz, dekretuari beste interpretazio bat ematea, eta argitu beharra dago.

Laburbilduz, espedientearen onarpenean emandako interpretazio juridikoa Hirigintza-estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan berdeguneetarako eta espazio libreetarako gutxieneko zuzkidurari buruz xedatutakoarekin bat datorren argitzeko, beharrezkoa da juridikoki aztertzea ea Tokiko Gobernu Batzarrak izapidetutako proiektuak behar bezala betetzen duen aplikatzekoa den hirigintza-araudian xedatutakoa, eta, bereziki, honako alderdi hauek aztertzea:

1. Betetzen al da jarduketa horretan eta Obra Handiko 48/2023 Lizentzian indarrean dagoen hirigintza-araudian xedatutakoa eta, bereziki, hirigintza-estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan xedatutakoa, eremu libre eta berdeguneetarako gutxieneko zuzkidurari dagokionez?

2. Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, legezkoa al da espazio libre gisa zenbatzea irabazizko aprobetxamendu pribatuak dituzten eremuak, hala nola merkataritza-gunea eta lurpeko aparkalekua, uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren arabera? Nola interpretatu behar da dekretu horren 6.5 eta 6.6 artikuluetan xedatutakoa?

3. Eremu libreak eta berdeguneak betetzeari buruz espedientean emandako interpretazioa zuzentzat jotzen ez bada, zer neurri hartu beharko lituzke Udalak?