Bigarren aldiz ari gara 2027rako Udal Gobernuak zergei eta tasen inguruan egindako proposamena eztabaidatzen. Izan ere, duela bi hilabete eztabaidatu genuen proposamen hartan, Insaustiren gobernuak ezin izan zituen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zerga turistikoa eta zaborren tasa barne hartu.
Orduan, arduragabea zela genioen, ez baitzuen itxaron ordenantzak oinarri hartu behar zituen foru-arauak onartu arte. Korrika eta presaka, inprobisazioz eta behar besteko plangintzarik gabe jardun zuela ere salatu genuen.
Era berean, zerga turistikoak izan zezakeen eragina ez zuela behar bezala aintzat hartu genion. Insaustik ahalegin fiskala donostiarren gain jarri du; hori esan genuen orduan, eta berriro diogu orain.
Alde batera utzi da zerga honen eragina. orduan, zergatik hainbesteko presa onartu zedin zerga turistikoa arautzeko Foru araua? Izan ere, ondoren ez da kontuan hartu Donostiarrengan eduki zezakeen eragina (tasa eta zerga gutxiago ordaintzea) eta, gainera, Donostia da EAEko hiriburuetan prozedura hori abiarazi duen azkena.
Kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundearen bideragarritasuna bermatzea eta ahalegin fiskala modu bidezkoan banatuz pertsonei lehentasuna ematea dira EH Bilduren fiskalitatearen oinarriak. Horrez gain, diru-sarrera txikienak dituzten kolektiboei hobariak aplikatuz, progresibotasuna bermatzea ere bada EH Bilduren proposamenaren funtsezko ardatzetako bat.
Esan genuen bezala, beste behin ere, EAJk eta PSEk ez dute inolako aurrerapenik egin progresibitatearen arloan. Gobernu honek, gainera, beste behin ere, esaten duena ez du egin, nahiz eta araua argia izan tasei eta zergei dagokienez: gaitasun ekonomikoa ezartzen du hobariak ezartzeko irizpidetzat.
Esan genuen bezala, herritar guztiei eta, beraz, haien ekonomiari zuzenean eragiten dieten tasa eta zergei dagokienez, horiek izoztea proposatzen dugu. Era berean, aurten, arau-proposamen bidez, zerbitzu horien ordainketan ahalmen ekonomikoaren printzipioa kontuan har dadin berretsi dugu, funtsezkoa baita hobariak ezartzeko.
Ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu behar, hazkunde ekonomikoak desberdintasunaren hazkundea ere badakarrela zoritxarrez. Gure ustez, zailtasun ekonomiko gehien pairatzen ari direnek aukera izan behar dute zerga-politika horiei lasaiago aurre egiteko.
Orain eztabaidatuko diren zergei (OHZri (IBI), zerga turistikoari eta zaborren tasari) zazpi zuzenketa aurkeztu dizkiegu: hiru OHZri, hiru zerga turistikoari eta bat zaborren tasari.
Hauek dira nabarmendu nahi ditugun alderdiak:
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)
Hiru emendakin sartu ditugu:
Aplikatzen diren hobarietan muga gehiago proposatu ditugu:
Etxebizitza ohikoaren katastro-balioaren eta jabetzan dagoen etxebizitza-kopuruaren arabera, familia ugariarentzako hobariak aplikatzeko mugak.
Foru Arauak, eta Udal Ordenantzak ere hala jasotzen du, hobariak subjektu pasiboen ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta aplikatu behar direla ezartzen du. Hala ere, Udal Ordenantzarako proposamenarekin ez da ildo horretako aurrerapenik egiten. Horregatik, hainbat hobekuntza proposatzen ditugu:
Halaber, eta Foru Arauarekin bat etorriz, genero-indarkeriaren biktimei ere zabaltzen dizkiegu hobariak, haien zaurgarritasun-egoera aintzat hartuta; kasu honetan ere, subjektu pasiboen ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta.
Azkenik, «monomarentala» terminoa txertatu dugu, «monoparental» terminoa baino agertzen ez zen lekuetan. Familia-eredu horren zaurgarritasun-egoera hobeto islatzen duelako eta errealitate feminizatu bati berezko izena ematea ezinbestekoa da arazoa ikusarazteko. "Gurasobakar" (edo gaztelaniazko monoparental) hitzak errealitate horren atzean dauden emakumeak ez dituela ikusarazten.
2.Karga-tasen proposamena aldatzeko zuzenketa
3. Aldaketa-zuzenketa (epigrafe bat idaztea)
ZERGA TURISTIKOA
Donostiako udalerrian egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen Ordenantzari hiru zuzenketa sartu dizkiogu.
Itsas bidaia turistikoak zergaren mende jarri behar dira. Ordenantzak ezartzen du zerga Donostiako portuan «amarratzen» diren itsas bidaiei kobratuko zaiela. Hala ere, kontuan hartu behar da itsas bidaietako ontziak ez direla Donostiako portura sartzen, baizik eta portuaren inguruan ainguratuta geratzen direla. Hori dela eta, gure proposamenean zehaztasun hori jaso dugu.
Donostiak ez du itsas bidaia handientzako porturik, eta, ondorioz, ontzi horiek ez dira portuan sartzen. Dena den, badira Donostia parean ainguratuta geratzen diren itsas bidaietako ontziak. Kasu horietan, turistek Donostiako portuan egiten dute check-in-a. Iaz horrelako bi kasu izan genituen, adibidez.
Beraz, proposamenean egoera hori berariaz jasotzea eskatzen dugu, tasaren aplikazioan zalantzarik egon ez dadin.
Bestetik, alojamendu turistikoei aplikatuko zaizkien zergei %50eko errekargua ezartzeko aukera dago. Udal Gobernuaren proposamenak ez du errekargu hori aurreikusten. Guk, ordea, apartamentu eta etxebizitza turistikoei, luxuzko hotelei (5 izarrekoei) eta itsas bidaiei %50eko errekargua aplikatzea proposatu dugu.
Neurri hori Donostian bizi den bizitegi-larrialdiaren aurrean eta luxuzko turismoari mugak jartzeko helburuarekin planteatu dugu.
“Turismoko beste ostatu establezimendu batzuk. jartzen duen epigrafean: udaran eta opor garaietan ostatu zerbitzua ematen duten ikasle erresidentziak gehitzea proposatu dugu.
ZABORREN ZERGA
Gure proposamena etxeko zaborraren zerga kuota ez igotzea da.
Alde batetik, Europako Zuzentarauak sortutako hondakinen kopurua murriztea eskatzen du gaikako bilketa areagotuz (% 55 gaikako bilketan), beraz, gaur egun dauden bilketa kopuruak ezin dira mantendu. Horregatik, gure proposamena hondakinak ibltzeko tasa igotzera bideratzen da. Tarifa orekatzeko eta 7/2022 Legean aurreikusitako araudia betetzeko, gaikako bilketa handituz. Bide hau hartu beharko litzatekeela uste dugu.
Zerbitzuan sortutako gehiegizko gastua xurgatzeko Udal Gobernuak planteatzen duen % 6,58eko igoera orokorraren aurrean, EH Bildu udal taldeak igoera jardueretara mugatzea proposatzen du (jarduerak eta sortzaile handiak).
Kostu honen igoeraren zati handi bat GHK-k gainerako zatikiaren prezioa igotzearen ondorio da. Horrela, gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin eta Europako Zuzentarauarekin bat etorriz, neurririk hartzen ari ez diren udalak zigortzen dira, hala nola Donostia; izan ere, errefusaren bilketaren aurreikuspena murriztu beharrean, handitu egiten du. 2027an, beharrezkoa da gaikako bilketan aurrera egitea. Legezko betebeharra izateaz gain, zerbitzuaren kostua murrizten lagunduko lukeelako.
Gainera, diru-sarrera posibleak zenbatzerako orduan, ez dira kontuan hartu 2027ko urtarriletik aurrera turismo-zerga ezartzetik eratorriko diren diru-sarrerak. Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga bat onartzean, tasa bat ez bada ere, ulertzen da, besteak beste, gizartea konpentsatzeko helburuarekin egiten dela; jarduera turistikoak dakarren ingurumen- eta gizarte-kostuen gehikuntzagatik. Beraz, zerga turistikoak hondakinak biltzeko zerbitzuan dauden kostuen konpentsazioan ere parte hartu beharko lukeela uste dugu.