‘Plazatik’ dinamika legealdi honetan Donostiako EH Bildutik eman dugun jauzi kualitatiboa izan da. Zer dago oinarrian? Auzo bakoitzari merezi duen protagonismoa ematea eta ahots horiek guztiek esateko dutena entzutea. Interes orokorra partikularren gainetik jarri, Donostia osatzen duten auzo eta auzuneei erreparatu eta entzuketa aktibotik horri bide eman. ‘Plazatik’ dinamikak bi urte bete ditu eta dena abiatu zen plazara itzuli gara gaur: Martutenera.
Martutenen hasi izana ez zen kasualitatea izan, Urumeako ibarrak EH Bildurentzat sinbolismo berezia duelako. Urumea ibaiaren ardatzean demostratu genuen, alkatetzarara ailegatu berritan, nola egin daitezkeen gauzak borondate politikoa badago: herritarrak erabaki guneetara gonbidatuz eta herritarrekin kalean lan eginez, bulegoak irekiz. Eta denbora honetan guztian eredu berbera aplikatuz aritu gara, konpromisoz eta ardura osoz.
Bi urte hauetan ‘Plazatik’ dinamikarekin markatu genituen helburu nagusiak bete ditugu. Auzo guztiak bisitatu ditugu, eta ehundik gora eragile, elkarte eta bizilagunekin elkarrizketatu gara. Kezkak eta iradokizunak jasota, donostiarren bizitzak hobetzeko ahalegina egin dugu. Mugikortasuna, tokiko merkataritza, irisgarritasuna, eskola bideetako segurtasuna eta ekipamendu publikoen gabezia izan dira auzoetatik bizilagunek transmititu dizkiguten gaietako batzuk, besteak beste. Eta nola ez, bizilagunak auzoetan errotu, bizi eta bertan zahartu ahal izateko etxebizitza larrialdiak suposatzen duen arazoa izan da kezka konpartitua.
Ilusioz eta indartuta, ostiral honetan Martutenera egin dugun bigarren bisitarekin EH Bildutik abiapuntua eman diogu ‘Plazatik’ ekimenaren edizio berrituari. Nola eragin dezakegu gehiago? Nola sakondu daiteke gobernantza kolaboratiboan? Galdera hauek eta beste batzuk buruan, ahalik eta ahots anitzenak jasotzea dugu helburu, haien beharrak lurreratu eta arazoak irtenbidearen norabidean jartzeko. Edizio honek batzar irekiak izango ditu auzo guztietan eta, bertan, edozein herritarrek bere ekarpenak egiteko aukera izango du. Horretarako borondatea eta bokazioa dugu.