AKTUALITATEA


| 2023-12-01 18:38:00

EH Bildu-n politika egiteko eta ulertzeko beste modu bat daukagu eta marko horretan kokatzen da ostiral honetan Martutenen aurkeztu eta abiatu dugun dinamika berria. Plazatik, auzotik udalera Donostia saretzen proiektua auzolanean, entzuketa aktiboan eta parte hartze zuzenean oinarritzen den egitasmoa dugu.

 

Gure hiria osatzen duten auzo bakoitzak ematen dio, nork beretik, aletxoa osotasunari, baina, era berean, auzo eta auzune bakoitzak asko dauka esateko. Eta EH Bildu-n, hanka bat Udalean dugun neurrian, asko dugu laguntzeko eta sustatzeko, bertatik bertara jaso eta bueltan emateko. Baina hori baino gehiago beharrezkoa da, hain zuzen, kalea egon, jendea entzun. Hor dauka EH Bildu-k beste hanka, kalean, herritarrekin. Jendeak esateko duena jaso, eta modu zintzoan eta arduratsuan horri bidea eman.

 

Plazatik dinamika legealdi honetan eman nahi dugun jauzi kualitatiboa da, baina begirada luzekoa da, izan ere, gure lan sisteman txertatua izan eta irauteko anbizioarekin jaio da, eguneroko lan tresna izango da bai udal taldea osatzen duten zortzi zinegotzientzat, baita ere auzoetako bizilagun, eragile eta norbanakoentzat.

 

Juan Karlos Izagirre bozeramaileak zinegotziez lagunduta Martutenen eman duen agerraldian adierazi duenez, «izan alkate, izan zinegotzi, Gobernuan egon edo oposizioan, EH Bilduk lan egiten du hanka bat erakundean duela, baina beste kalean, plazan. Horrela ulertzen dugulako politika: herritarrekin eta eragileekin batera, gertutasunetik eta gardentasunez. Zintzoki».

 

Kalean egiten den politika «ondo ezagutzen dugun lan modua da», erantsi du Izagirrek. Ordea, dinamikak modu ordenatuan egingo du, bi norabideetan sortuko den informazioa eta komunikazioa eraginkorra izan dadin. Metodologia zehatza diseinatu dugu horretarako: auzoz auzoz, plazaz plaza egingo dugu lan, lekuak beratik bertara bisitatauz. «Ez dugu Donostia bizi bat ulertzen auzo bizirik gabe. Eta auzo biziak ulertzen ditugu auzotar aktibatu eta antolatuekin», berretsi du.

 

Auzo bakoitzak, erreferentziazko zinegotzi bat

 

Plazatik dinamikari dagokionez, bi ezaugarri nagusi ditu. Batetik, Donostiako auzo guztiak bisitatuko ditugu eta bertan bilduko gara tokiko eragile, talde, elkarte zein sektore ekonomikoarekin. Muina unean uneko errealitatea ezagutzea da, kezkak entzun eta proposamenak jasotzea. Egun osoko bisitak izango dira, gaur Martutenen egin dugun bezala. Goizean goiz hasi, bertan bazkaldu, eta arratsaldez aldez aurretik lotutako bisita eta bilerekin segituko dugu.

 

Bestetik, Plazatik egitasmoak badu beste ezaugarri bat, antolamenduari dagokionez. Bide eraginkorragoak bilatu asmoz, auzo bakoitzak EH Bilduko udal taldeko arduradun bat izango du, erreferentziazko eta konfiantzazko pertsona izango dena. Hala, zinegotzi bakoitzak ardura finkoak eta zehatzak izango ditu. Herritarrak zinegotziekin kontaktuan modu zuzenean jarri ahal izango dira eta honek behin kezkak, proposamenak edo arazoak ezagututa, jaso egingo ditu eta dagokion departamentuari igorriko dizkio.

 

Hurrenez hurren, hauek dira zinegotziak eta bakoitzak entzungo dituen auzoak: Garbiñe Alkizak, Bidebieta, Altza, Intxaurrondo eta Marrutxipi; Markel Ormazabalek, Parte Zaharra, Erdialdea, Antigua, Ibaeta, Zubieta eta Igeldo; Jabi Vitoriak, Amara eta Morlans; Olaia Duartek, Amara Berri eta Erriberak; Itziar Iturrik, Aiete eta Añorga; Ricardo Burutaranek, Loiola, Martutene eta Txomin eta Izar Hernandok, Gros, Ulia eta Egia.

 

Modu telematikoz egiteaz gain, auzoko birak hilabetero egingo direnez, aukera ona izango dira lehen pertsonan harreman horiek egin eta proposamenak helarazteko.

 

«Martutenen hasi gara, eta ez da kasualitatea, guretzat Urumea ibarreko auzo honek sinbolismo berezia duelako. 2011an EH Bilduk demostratu zuelako, jaio berritan, nola egin daitezkeen gauzak borondate politikoa badago: herritarrak erabaki guneetara gonbidatuz eta herritarrekin kalean lan eginez, bulegoak irekiz auzotarrei eta katiuskak jantziz jantzi behar direnean. Harro eta lotsarik gabe. Gertutasunetik eta haserrearen aurrean aurpegia emanez, ezkutatu gabe. Eta entzunez eta hitz eginez, adostasunaren bitartez soluzioak bilatuz», aldarrikatu du.

 

Lehen bisita honetan, hainbat gune bisitatu ditugu: 27. poligonoko erabiltzaileak eta hainbat enpresa, kirol elkartea, hala nola Martuteneko hainbat leku, geltokia eta Okendotegi, kasu. Bizilagunekin egoteko eta inpresioak partekatzeko aukera ere bermatu dugu. Egunaren bigarren atalean Auzo Elkartearekin eta bere baitan diharduten eragileekin egongo gara.

 

«Entzute-ariketa izan da, lehen urratsa. Aurrerantzean denbora izango dugu, modu antolatuan, entzundakoarekin elkarrekin lan egiteko. Herritarrekin lan egin nahi denean, entzutea delako abiapuntua», esan du alkate ohiak.

 

Plazatik dinamika hasi baino ez den arren, iragarriko dugu hurrengo bisita Altzara izango dela, Martutenek bezela gabeziak eta beharrak dituena.