Emakumeen Etxeak etorkizunean izango duen kokapenari buruzko azken berriek hausnarketa egitera eta modu publikoan posizionatzera garamatza. Ez da lehenengo aldia EH Bilduk emakumeentzako zerbitzu integral hori aldarrikatzen duena, administrazio publikoetatik babestu, indartu eta bultzatu beharreko ardatz estrategiko gisa. Gauzatzen ari den prozesuak, forman eta mamian, Udal Gobernu honi gogoeta egitera bultzatu behar dio, bistan baitago ez dela funtzionatzen ari.
Berdintasuneko ordezkariari eskatzen diogu ez dezala pilota jarri zerbitzu hau erabiltzen duten emakumeen teilatuan, beren ezezkoak irisgarritasunean, ikusgarritasunean, zentraltasunean eta ordezkagarritasunean oinarritzen baitituzte. Gogoratu behar dugu, gainera, badela udal txosten tekniko bat, non zehazten den kokapen berri horrek zer baldintza bete behar dituen kalitatezko eta bermedun zerbitzu bat eskaintzeko.
Zentzu horretan, EH Bildutik Udal Gobernuari eskatzen diogu beste modu batera konprometitu dadila leku berri horren bilaketan.
Izar Hernando eta Itziar Iturri zinegotziek ostegun honetan eskainitako agerraldi batean, EH Bilduk Berdintasuneko zinegotziari eskatu dio “serioski azter dezala Emakumeen Etxea Bretxan kokatzeko aukera” bi aldagai uztartzeko ahalmena duelako. Batetik, Parte Zaharra bezalako auzo batek, gentrifikzioak kaltetuta dagoena eta saturatutzat jota dagoena, bere komunitate-ehuna berreskuratuko luke; bestetik, Emakumeen Etxeak berak dituen gabeziak bateratuko lituzke.
«Emakumeen Etxea elkartzeko espazio publikoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, emakumeen banakako zein taldeko arretarako izateaz gain, gizarte-premia jakin batzuei erantzuten dien espazioa izan behar du. Horregatik guztiagatik, uste dugu kokapenak modu interesgarrian elkarreragin dezakeela inguruan izango lituzkeen gainerako zerbitzu publikoekin. Gainera, Bretxa kokapen erreferentziala da, hiriko eraikin enblematiko bat denez, bertan kokatzean ikusgarritasuna eta zentralitatea ematen zaio, hain zuzen ere, berdintasunaren arloko politika publikoetarako EH Bildutik aldarrikatzen duguna», azaldu du Hernandok.
Alternatiba berri hau aztertzeko eskatzeak, suposatzen du, aldi berean, Udal Gobernuak hausnarketa egitea Bretxako lehen solairuan ezarri asmo duen gune gastronomikoaren kokapenari buruz. Auzoko aldarrikapenekin bat egiten dugu, bertako bizilagunek behin eta berriz adierazi baitute Parte Zaharrak ez duela ostalaritza gehiagorik behar, ezta gastronomia gehiagorik ere. «Auzoa ‘saturatu’ gisa katalogatuta dago. Badira alternatibak: proiektu hori bera hiriko beste eremu batera eramatea, elementu traktore bat izan dadin eta ingurua biziberritu dezan, formula interesgarria iruditzen zaigu, eta inpaktu atseginagoa eta positiboagoa izango luke», adierazi du Hernandok.
Bretxaren planteamendu honek hiri ereduaren ezatabaida jartzen digu parez pare, Arraindegia bezalako eraikin enblematiko batean zer kokatzen den garrantzitsua delako. Galdera da espazio publikoa, eta bereziki, horrelako zentralitatea duen espazio publikoa, nola bete nahi dugun eta norentzat nahi dugun.
Gure ustez, Emakumeen Etxeko erabiltzaileek nahikoa pazientzia eta malgutasun erakutsi dute denbora honetan guztian; gogoratu behar dugu Okendo kaleko egungo kokapenak behin-behinekoa izan behar zuela, eta 16 urte daramatzala dagoeneko bertan. Gogora dezagun, halaber, EAJren eta PSEren Gobernuak azken ekitaldietan jasotako aurrekontu-partidak ere ez direla exekutatu, iragarritako hobekuntzak ez gauzatuz.
Berdintasun sailak aztertzeko proposatzen dugun alternatiba bideragarria eta egingarria da. Zinegotzi ordezkariak berak du korapiloa askatzeko giltza, bera baita, aldi berean, Sustapeneko arduraduna, Bretxako gunea kudeatzeko ardura hartu duen erakunde publikoa