AKTUALITATEA


| 2026-03-11 14:47:00

Beste etxebizitza politika batzuk beharrezkoak dira donostiarren arazo nagusiari erantzuna emateko. Azken urteotako ereduak, egoera konpondu beharrean, larriagotu egin du; horregatik, EH Bildutik uste dugu etxebizitzaren arloko politikak ez ezik, hiriari begiratzeko modua ere aldatu behar dugula.

Premisa horretatik defendatzen dugu posible dela aukera berriak beste era batera sortzea. Helburua barrurantz haztea da, lurzoru gehiago okupatu beharrik gabe eta degradatutako eremuek duten potentziala aprobetxatuz.

Asteazken honetan hedabideen aurrean egindako agerraldian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak, Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran zinegotziekin batera, etxebizitza arloko ekintza planak jasotzen dituen ideietan sakondu du. Plan horretan bertan, gainera, babestutako etxebizitzen ehunekoa legeak baimentzen duen maximoetara handitzearen alde egiten da, eta esku-hartzeak planifikatzearen alde, auzoen artean dagoen desoreka murrizteko. «Donostia orekatu batean pentsatuz egin behar dugu hiria, eremu jakin batzuetan dauden gabeziak murrizteko lan egin behar dugu, eta auzo bat bizia eta bizigarria izateko behar diren ekipamenduak eta zerbitzuak bermatu behar ditugu».

Plan horrek jasotzen duen beste irizpide bat da hemen ere, Donostian, aplikatzea beste hiri askotan dagoeneko errealitate bat dena eta emaitza positiboak eta interesgarriak ematen ari dena: erabilera mistoak sustatzea, hau da, jarduera ekonomikoak bizitokietara eramatea eta etxebizitzak eraikitzea enpresa-guneetan edo gune teknologikoetan.

«Gaur gauden Miramongo parke teknologikoa adibide ona da», adierazi du Izagirrek. Hemen, Igarako enpresa-poloan bezala, benetako aukerak daude erabilera-mistoa sustatzeko. «Horrelako inguruneetan eraikitzeak baditu alderdi positiboak, operazioaren kostuak merkatzen dituztenak gainera, beharrezkoak diren oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu asko dagoeneko existitzen direlako, hala nola espaloiak, argiztapena edo kanalizazioak eta dagoeneko leku hauetatik ezarrita dagoen garraio publikoa. Eta ingurumenaren ikuspegitik, gainera, jasangarriagoa da, lurzoru gehiago ez okupatzean berdeguneak errespetatzen direlako».

Bozeramaileak defendatu duen moduan, hau guztia posible izan dadin, erakunde eta entitate ezberdinen arteko lankidetza eta elkarlana ezinbestekoa izango da. Kutxa Espazioaren inguru hauek aukera interesgarriak daudela gogorarazten digute, eta EH Bildutik aukera horiek kontuan hartzea eskatzen dugu. «Jakina da Kutxa Espazioa tokitik lekualdatzera doala, eta, hain zuzen ere, adibide ona da eskatzen dugun lankidetza aldarrikatzeko. Duela gutxi, Kutxa Fundazioaren baitan gehiengoak argi berdea eman dio Egian, Aldakoeneako lursaila saltzea etxebizitza publikoa eraikitzea premisa duen erakunde publiko bati, dela Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala edo funts publiko sozial bati. Kutxak gizarte gaien alde lan egiteko eta bere ondareari errentagarritasuna ateratzeko dituen interesek eta Donostiaren interes sozialek, hala nola etxebizitzak, bat egin dezakete hemen eta Aldakoenearen antzeko eragiketa bat egin», adierazi du Izagirrek.

Elkarrekin bateragarriak diren bi errealitate elkartzen dira, beraz. Borondatea baldin badago, posible da, eta donostiar guztiok irabazten dugu.