AKTUALITATEA


| 2026-03-27 14:17:00

Benta Berriko etxebizitza babestuetan bizi diren bizilagunen ziurgabetasuna handituz doa, bereziki azken asteetan familia horietako batzuek jaso dituzten burofaxen ondotik, urtebeteko epean beren etxeak utzi beharko dituztela jakinaraziz. EH Bildutik publikoki adierazi nahi dugu egoerak kezkatzen gaituela eta ekimen bana erregistratu dugula, bai Gasteizko Legebiltzarrean, bai Donostiako Udalean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailari behin betiko irtenbideak emateko eta aldi baterako erantzunak alde batera uzteko eskatzeko.

Guztira, 510 etxebizitza dira, Resurreccion Maria de Azcue eta Bertsolari Xalbador kaleetan eta Jose Maria Sert plazan kokatuak. Denak, 1998. urtean esleitu ziren. Eta komeni da nabarmentzea data horretan ez zela aplikagarria orain etxebizitza babestu guztiek duten kalifikazio iraunkorra.

Metrovacesa eta Vallehermoso enpresei eman zien Eusko Jaurlaritzak 510 etxebizitza babestu horiek eraikitzeko azalera-eskubidearen lagapena, 75 urterako. Ondoren, Testa Residencial sozietatearekin bat egin zuten bi enpresa horiek, eta Testa Residencial-i eskualdatu zioten haiek zeukaten azalera eskubidea gero. Testa Homes da gaur egun sozietate hura, eta Blackstone funtsaren parte da.

Ricardo Burutaran zinegotziak gogora ekarri duenez, «ez dugu ahaztu behar Babes Publikoko Etxebizitza (BPE) kalifikazioa daukatela etxebizitza horiek oraindik ere, eta edozein jabetza aldaketa egitea, Eusko Jaurlaritzaren Administrazioak lehentasunez erosteko eskubideen mende dagoela, hura baita lurzoruaren eskubidearen titularra, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren Aginduan adierazitako prezioan erosi ere».

Zentzu horretan, arauak ezartzen du etxebizitza horien titulartasunaren edozein eskualdaketa Eusko Jaurlaritzari jakinarazi behar zaiola aurrena, etxebizitza horiek lehentasunez eskuratzeko eskubideak baliatu ahal izan ditzan hark, hala irizten badio. «Guk dakigula, ez da araudiak agintzen duen jakinarazpen hori egin, eta, beraz, administrazio jarduleak lehentasunezko eskuratze-eskubide hori baliatzeko aukera ere ez da izan».

Azken asteetan sortu diren titularrez harago, EH Bildutik exijitzen dugu zenbait kontu argitu daitezela eta behin betiko irtenbideak eman daitezela. Horretarako, mozio arrunt bat aurkeztu dugu, zeinetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun azter ditzala eta, hala badagokio, ekin diezaiola, Benta Berriko 510 etxebizitza babestu horien gaineko lehentasunezko eskuratze-eskubidea gauzatu ahal izateko lege-ekintza egokiak.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu etxebizitza horiek erosi ondoren, babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatu daitezela behin betiko, deklarazio horri dagozkion prezio-mugekin. Era berean, exekutiboari eskatzen diogu Benta Berri ‘Alokairu’ maizterren/bizilagunen elkarteari eta pertsona interesdunei etxebizitza horien inguruan egiten dituen ekintza guztien berri eman diezaion puntualki. Mozioa talde guztiek babestu dute eta, hortaz, aurrera atera da EH Bilduren proposamena.

Zentzu horretan, arretaz jarraituko du Benta Berriko bizilagunek Gasteizko Legebiltzarrean egin duten agerraldia. Modu paraleloan, foro berean, EH Bildutik galdera sorta bat erregistratu dugu hurrengo puntuak argitu eta informazio hau lortzeko:

1.- Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuak egiteko azalera eskubideak eman zituenean ezarri zituen baldintzak eta kudeaketa horrekin lotutako dokumentazio guztia eskatzen da: eskritura publikoak eta bestelako dokumentazioa.

2.- Etxebizitza babestu horien eskualdaketa burutu denean, Jaurlaritzak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea aplikatzeari begira jakinarazpen ofizialik jaso duen, eta hala bada noiz jaso duen.

3. Jakinarazpen ofizial hori jaso badu, zergatik Jaurlaritzak ez duen lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatu.

4. Jaurlaritzak ez badu jakinarazpen ofizialik jaso, ea eskualdaketa burutu den jakitun den.

5. Jaurlaritzak ez badu jakinarazpen ofizialik jaso, ea uste duen gertatutako eskualdaketak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideen menpeko diren.