AKTUALITATEA


| 2026-02-26 13:03:00

EAJ berriz ere PPrekin bakarrik geratu da atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzeko aldebakarreko erabakian. EH Bilduk kontrol mozioa aurkeztu du ostegun honetan alkateari atzera egin zezan eskatzeko, eta gehiengo aurrerakoiaren babesarekin atera da aurrera gaur. Puntu honetara iritsita, EH Bildutik zuzenean galdetzen diogu Jon Insausti alkateari zer egingo duen orain. Aldebakartasunaren bidetik jarraitu eta ultra eskuinaren agenda elikatu, ala gai honetan dagoen adostasun zabalarekin bat egin, ahots adituek bermatua gainera. Argitzea eskatzen dugu.

Bere hitzartzean, Izar Hernando zinegotziak gogorarazi du EAJk, eta zehazki Insaustik ezustean iragarritako erabakiak hautsi egiten duela Donostian zein Euskal Herrian ematen den adostasunarekin; Gobernuko bazkideen artean ere arrakala berri bat sortu du. «Donostiako gizarteak ontzat jotzen du datuak jatorriaren arabera ez argitaratzeko informazio-politika. Horrelako eragina duen erabaki batean eskatzen den gutxienekoa, are gehiago aldebakarrez hartzen denean, zorroztasuna eta zuhurtzia da», eskatu du Hernandok.

Zinegotziak ostegun honetako osoko bilkuran azaldu duenez, Insaustik ez du oraindik erabaki hori justifikatzen duen arrazoi objektiborik eman. Ez eman dituen elkarrizketa ugarietan, ezta gaiaz zuzenean galdetu zaion batzordeetan ere. Besterik gabe, ez dugu pisuzko argudiorik entzun. Zehazki, zertan hobetuko da donostiarren segurtasuna?

Oraindik ez dakigu zertan bereizten diren Donostia Bilbotik, Gasteiztik edo Iruñeatik, Donostia hiriburu bakarra izan dadin kontrakoa egiten. Oraingoz, EAJko alkateak emandako argudio bakarrak hauek izan dira: donostiarrak segurtasunarekin kezkatuta daudela eta gizartea bat datorrela Insaustik ‘Euskal Polizia’ deitzen duen ereduarekin. «Batekin edo bestarekin ados egon gaitezke, baina honek ez du zerikusirik pertsonen jatorria argitaratzeko arrazoiarekin. Arazo garrantzitsuei ezin zaie erantzun hutsalik eman, hori egiten baitu, hain zuzen ere, eskuin muturrak», zehaztu du.

EH Bildutik argi eta garbi esaten dugu: ez dago hartutako erabakia bermatzen edo justifikatzen duen polizia- edo segurtasun-arrazoirik. Ez du delituen tasa murrizten lagunduko, noski ez duela biktimen errekuperazio prozesua arinduko, eta noski ez duela gizarteak immigrazioarekiko duen pertzepzioa hobetuko. Atxilotuen jatorriak gutxitan ematen du delituari buruzko informazio garrantzitsurik; izan ere, adituen arabera, jokabide indibidual bat segurtasun-arazo bihurtu baino ez du egiten, eta jokabide jakin batzuk delinkuentziarekin lotzen ditu automatikoki, estereotipo negatiboak iraunaraziz.

«Hitz egin dezagun segurtasunaz -defendatu du Hernandok-. Zer egin dezakegu herritarrak seguruago senti daitezen? Argiteria, hirigintza, berdintasuna, sare komunitarioa, poliziaren esku-hartzea eta beste hainbat parametro hartuz. Galdera hauek egokiak dira, are gehiago, beharrezkoak dira, baina adostasun politiko eta sozialetik erantzun behar diegu, suposatzen duen erronkagatik». EAJk badaki atxilotuen jatorriak argitaratzeak susmagarritzat jo ditzakeela talde osoak? EAJk badaki eskuin muturrak ez duela gardentasunik nahi, zarata gehiago baizik, bere diskurtso arrazista eta xenofoboa elikatzen jarraitzeko?

Sobera dakigu gai honetan datuak ez duela kontakizunik eraisten. Joko eremua oso mediatizatua eta manipulatua dago eta ez da neutrala. Eskuin muturrari ez zaio axola atxilotuak asko ala gutxi diren datu horiek erabiltzen jarraitzeko, orain arte egin duen bezala. Eta axola beharko ligukeena da zuhurtziaz eta arduraz jokatzea.

EH Bildutik beldur gara EAJ erabat jabetu arren irizpide aldaketa horrek dakarren arriskuaz, hala eta guztiz ere aurrera jarraitzea. Orduan, galdera nagusia honako hau da: zergatik orain arte onargarria ez zena, Insausti orain beharrezko bezala saltzen ari da? Zer aldatu da?

Osoko bilkura honen gehiengoak, EH Bilduren ekimenez, alkateari eskatu dio atzera egin dezala hartutako erabakian eta ultraeskuinaren agenda elikatzeari utz diezaiola. Horregatik, atxilotutako pertsonen jatorria ez argitaratzeko eskatzen diogu zuzenean.