AKTUALITATEA


| 2026-01-29 14:39:00

Ostegun honetan onartu den neurria 2023ko martxoan iragarri zuen EAJ-PSEren Udal Gobernuak, eta orduan esandakoa berresten dugu EH Bildutik: ostatu erabilerei buruzko Hiria Antolatzeko Plan Orokorreko Aldaketaren behin betiko onarpena berandu dator eta ez da nahikoa.

Urtarrileko Osoko Bilkuran Markel Ormazabal zinegotziak defendatu duenez, «berandu dator turistifikazioak eta turismo-ostatuen hazkundeak jada atzera-bueltarik gabeko ondorioak eragin dituelako. Adibiderik adierazgarriena azken hamarkadan Parte Zaharrean, Antiguan edo Grosen izandako biztanleria-galera da. Hauek dira turismo-presio handiena jasaten duten auzoak». Eta diogu ez dela nahikoa hirian pisu turistiko berriak irekitzea debekatzen den arren, hotelekin ez delako gauza bera gertatzen.

Hortaz, gaurkoari begira jarri baino, aurrerantzean ezinbestean eta urjentziaz egin behar dugun horretan jarri behar dugu ahalegina eta borondate politikoa. Zehazki: hotel gehiago ez dugu nahi hirian, pisu turistikoen lizentziak iraungitzeko neurriak jarri behar dira martxan eta auzoetan leheneratzeko politikak aplikatu behar dira.

Turismo-ostatuz saturatutzat jotako auzoetan ere, Antiguan edo Grosen bezala, hotel berriak irekitzeko aukera ematen duten salbuespenak proposatzen dira. Grosen kasuan, adibidez, abian dira Mariaren Bihotza ikastola eta María Inmaculada komentua hotel bihurtzeko proiektuak. EH Bildutik salbuespenekin amaitu behar dela aldarrikatzen dugu.

Donostia, datuetan

Ukaezina da turismo-ostatuek etxebizitzan duten eragina, hirian bizi dugun larrialdiari areagotuz. Gutxienez hamar urte dira gobernuko bi alderdiak, EAJ eta PSE, horretaz ohartaraziak zeudela, baina nahiago izan dute entzungor egin. Are gehiago, arazoa ukatu ez ezik, sustatu ere egin dute.

2016an Donostiak 9.100 ostatu-plaza zituen. Zortzi urte beranduago, 2024an, 19.828 ziren. Hau da, 10.728 ostatu-plaza gehiago, % 119ko igoera 2016tik. Ez da kasualitatea, azken hamar urteotan 55 hotel baino gehiago ireki baitira, eta, gainera, 2018an malgutu egin zen etxebizitza turistikoen araua, egoera irregularrean zeuden ehunka pisu turistiko legeztatuz.

Eztabaidagai izan dugun proposamenak, baldin eta behar bezala ezartzen bada, Donostiak premiatzen duen turismo-politikari ekarpena egin diezaioke. Auzo edo eremu jakin bat saturatutzat jotzen da 100 biztanleko 10 turismo-plazako indizea gainditzen denean. Bada, 2024an, Donostia osoko batez bestekoa 9,91 turista zen 100 biztanleko. Gaur egun 19.828 ostatu-plaza daude hirian, hau da, 10,88 plaza 100 biztanleko. Hau da, Donostia osoa saturatutzat jo liteke.

Gainera, auzo batzuetan indizea oso gaindituta dago. Saturatutzat jotzen dira, bai, baina ezin dugu egoera hori ontzat eman. Neurriak behar dira egoera lehengoratzeko.