Atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzeko erabakiaz galdetuta, Jon Insausti alkateak Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean azalpenak eman ditu. Ordea, horiek entzun ondoren are eta kezkatuago gaude EH Bildun, izan ere garbi gelditu da EAJk bere egiten duela PPren eta Vox-en diskurtsoa. Gainontzeko alderdi politiko guztiak, PSE bere Gobernu kidea barne, neurri honen aurka azaldu gara.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan ohartarazi duenez, azken hamarkadetako kontsentsua hautsi du Donostiako alkateak erabaki honekin. EAJren erabaki honen ustezko ‘onurak’ zertan oinarritzen diren galdetuta, Insausti ez da gai izan ezer argitzeko eta berriro nahastu ditu migrazioa eta segurtasuna, alor honetan lan egiten duten aditu, eragile eta erakunde guztien iritzi eta gomendioen kontrako norabidean eginez. Hauen arabera, eta EH Bildutik ere hala babesten dugu, halako erabakiek estigmatizazioan eta arrazismoan sakontzen dute.
Irizpide aldaketa hau babesten duen ebidentzia zientifikorik ez dago eta agerian gelditzen dena da EAJren inprobisazioa eta estrategia elektoralista. Kutsu populista duten erabakiak atzera bota eta bai Euskal Herrian baita Donostian ere dugun kontsentsu zabalera itzultzeko eskatzen diogu alkateari.