AKTUALITATEA


| 2026-02-20 11:28:00

Etxebizitzara sarbidea Donostiak duen arazo larrienetakoa da eta herritarren kezka nagusia. Hala berresten dute inkesta eta datu ofizialek. Testuinguru honetan, eta gehiengoaren arazo horri arduraz helduta, EH Bildu konprometituta ari da instituzio guztietan herri honek bizi duen etxebizitza larrialdiari irtenbide bat emateko borondate osoz.

Iaz, Donostiako etxebizitzaren egoeraren inguruko diagnostiko bat egin genuen eta, horretan oinarrituta, Etxebizitza Plan Integrala aurkeztu genuen. Ondorioa argia izan zen: azken urteetan egindakoak ez du arazoa konpondu, areagotu baizik. Etxe berriak eraiki dira eskaintza gehiago izatean prezioak jaitsiko zirelakoan, baina eraiki diren etxebizitza sustapen berrietan etxebizitza libreen eraikuntza lehenetsi da babestuen aurrean.

Datu batek ongi baino hobeto laburbiltzen du hori: 1986tik 2025era Donostian etxebizitza kopuruak % 46 gora egin duen bitartean, gaur egun dauden etxebizitza guztietatik % 4 soilik da babestua modu iraunkorrean. Horri gehitu behar zaio etxeen prezioek urtetik urtera gora egin dutela etengabe. Gaur egun, Donostiak inoizko preziorik garestiena du: 6.107 euro metro karratua.

Udalgintzatik eragin behar dugu, eskura ditugun tresna eta neurriak aplikatuz. Hala, aipatutako plan integrala Osoko Bilkuraren udalbatzara eraman genuen Pleno monografiko bat deituz. Bertan, 21 neurri zehatz jaso genituen. Horietatik, gogoratuko dugu, PSEk bederatzi babestu zituen bitartean, EAJk ezezkoa eman zien neurri guztiei.

Bien bitartean, HAPO berriaren aldaketa impasse batean dagoelarik, eta indarrean dagoena (2010) oinarri hartuta, honi aldaketa puntualak eginez ari da jarduten Udal Gobernua. «Eusko Jaurlaritza eta Udaletxearen arteko hitzarmenak eta elkarlana ondo ikusten ditugu, baina biak ala biak irtenbidea etxebizitza berriak eraikitzean dagoela diote, soluzio bakarra hori izango balitz bezala aurkeztuz. Are gehiago, eraikitzen den berri hori lur eremu naturaletan proposatzen dute, HAPOaren aurrerapenak gomendatutakoaren kontrara. Eta ez dute eraikitakoaren gainean egin daitezkeen interbentzioez hitz egiten».

Hala adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak, Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran zinegotziekin batera ostiral honetan hedabideekin egin duten gosari informatiboan.

EAJk eta alkateak azken hilabeteetan etxebizitza politikekiko eman duen «aldaketaz», albiste ona direla esan du, ordea, ohartarazi du zenbait arlotan motz edo erdizka gelditu direla. «Eraikitakoaren gainean etxebizitza berriak ateratzeko aukerari ateak irekitzeko prest dago baina horiek babestuak izatearen alde ez da agertu. Etxebizitza tasatuekin ere erdibidean geratu da, saltzeko diren etxebizitza tasatuak azalera-eskubidea saldu gabe egitea alboratu baitu, edota tasatuak alokairuan jartzea ere ez du kontenplatzen».

Eta honen aurrean, zer?

Donostian urgentziaz beste etxebizitza politika bat behar dugu, eta etxebizitza politika berri horrek, EH Bildutik proposatzen dugun ereduak, ezaugarri batzuk betetzen ditu.

- Kanpora baino, barrura hazteko aukerak baliatuz.

- Lur gehiago ez okupatuz egingo da. Horretarako, batetik, leku degradatuak biziberritu behar dira indarrean dagoen HAPO-an jasotzen diren proposamenak baliatuz eta, bestetik, eremu berriak gehituz.

- Erabilera mistoak bultzatuz.

- Auzoen arteko oreka bilatuz.

EH Bilduk uste du larrialdi bati erantzuteko etxebizitza politika berriek ausardia eta anbizioa behar dutela eduki, eta ezin direla erdizka gelditu, ezta norabide okerrean joan.

«Gure borondatea adierazten dugu aipatutako ezaugarrietan oinarritutako politika berrien inguruan adostasunak bilatzeko. Jaso ditugun hainbat neurri beste hirietan aplikatzen dira; are gehiago, HAPOaren aurrerapenean azaltzen dira EH Bildutik mahai gainean jarriko ditugun batzuk. Beste batzuk, ordea, proposamen erabat berriak dira. Gure hiriak aukera interesagarriak eskaintzen dizkigu, begirada aldatzea da kontua», esan du Izagirrek.

1.- LUR GEHIAGO EZ OKUPATUZ

Barrura hazi behar dela esaten dugunean, zertaz ari gara? Besteak beste lur gehiago okupatu gabe egin behar dela defendatzen dugu. Jakin behar baita hiri bakoitzak bere mugak dituela eta lekua utzi behar zaiola naturari, gune berdeei eta basoei.

Eta ideia honi lotuta bi egitasmo zehatz ekarri ditugu. Alde batetik, Antondegi desklasifikatzea proposatzen dugu, HAPOaren aurrerapenak gomendatzen duen bezala. Eta, bestetik, Auditz-Akular babesteko eremu naturala izendatzea. EH Bildutik proposatzen dugu bertan egiten den hirigintza-garapen oro irisgarritasuna hobetzearen eta eremu naturala duintzearen mesedetan egitea. Hau da, edozein hirigintza-garapen irisgarritasuna hobetzera eta eremu naturala duintzera baldintzatuz.

Izagirreren hitzetan, Altzak jasandako neurriz kanpoko garapen urbanistikoak ezin du jarraitu, eta Auditz Akularrek bertakoentzat birika natural izaten jarraitu behar du. «Errespetatu beharreko eremua izan behar du. Auditz Akular balioan jarri behar dugu, naturarekiko sarbidea bermatuz. Erakargarriagoa, irisgarriagoa eta duinagoa izatea lortu behar dugu, bai Altzari eta baita Donostiari ere ekarpen bat egiteko».

2.- ERAIKITAKOAN INTERBENITU, LEKU DEGRADATUAK BALIATU ETA AUKERA BERRIAK PROBESTU

2.1 Beste erabilera duten etxebizitzak bizitzeko berreskuratu behar dira.

Estimazioen arabera, etxebizitzak berreskuratu daitezke dagokion erabilera emateko, bertan bizitzearena. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz alde batetik, eta bestetik, pisu turistikoak berreskuratu lizentzien iraungitzearen bidez, eta baita ere bizitzeko ez den beste erabilera dituztenak errekuperatuz. Politika espezifikoen bidez lanketa horretan sakontzera dei egiten dugu, irekitzen diren aukerak interesgarriak ez ezik, behar beharrezkoak baitira.

2.2 Etxebizitza berriak lortu dagoeneko existitzen diren eraikinetan esku hartuz eta sortzen diren etxebizitzak babestuak izatea lehenetsiz.

- Lokaletan.

- Segregazioetan.

- Altxaeretan.

- Bolumena gehituz.

- Eraikinen birgaitze integraletan.

2.3 Leku degradatuak eta aukera berriak. Indarrean dagoen HAPOan jasotako proposamenak dira honakoak:

- Villa Ereski.

- Añorga.

- Lorategi Hiria.

- Auditz-Akular.

- Txomin II.

- Antzieta-Trinkete-Portutxo.

- Apostolados.

- Sarroeta.

- Infernua.

- Illarra.

- Igara DV.

- Aldakoenea.

- Manteo.

2.4 Leku degradatuak eta aukera berriak. Honakoak HAPOan azaltzen ez direnak dira eta Udal Gobernuak onartzen dituenak.

- Loiolako kuartelak.

- Easo.

- Morlans.

- Intxaurrondoko Meteorologia Institutua (Aemet).

- Agustindarrak.

2.5 Leku degradatuak eta aukera berriak.

Honakoak HAPOan azaltzen ez diren garapenak dira eta EH Bildutik mahai gainean jartzen ditugun proposamen berriak dira.

- Txingurri.

- Miramongo parke teknologikoa.

- Igarako enpresa gunea.

- Infernua-Añorga (GI-20).

Hauetatik aparte, eta epe ertain-luzera begira, GI-20 errepidearen eraldaketak sortuko dituen aukerak ditugu.

Izagirrek azaldu duenez, eta zenbakietara ekarrita, indarrean dagoen HAPOan jasotako proposamenak (3.919), HAPOan azaltzen ez direnak, baina Udal Gobernuak onartzen dituenak (2.282) eta HAPOan azaldu ez eta EH Bilduren proposamen berriak direna (2.750) guztira, 8.271 etxebizitza berri dira. Kopuru honi GI-20 errepidearen eraldaketak ekarriko lituzkeenak gehitu behar zaizkio, baita ere, eta hemen dago gakoetako bat, eraikita dagoen hirian esku hartuz eta formula berriak aplikatuz lortuko liratekeenak merezi dute aipamen berezia, 5.000-7.000 etxebizitza inguru.

Garapen urbanistiko berri guztietan ezinbestekoak diren irizpide orokor hauek aplikatuko dira:

Etxebizitza babestuaren kopurua maximoetara eramango da.

Auzo biziak izatea da helburua. Horretarako, gune horietan zerbitzu eta ekipamenduetan dauden gabeziak zuzendu eta etorkizunean beharko direnak aurreikusi beharko dira. Besteak beste, halaber, jarduera ekonomikoak bertan ezartzea sustatu eta lagunduko da.

Bertan bizi diren herritar eta bizilagunekin elkarlana bultzatuko da, eremu horretan dauden gabeziak identifikatzeko, proiektua partekatzeko eta bertakoen onarpena eta adostasuna bilatzeko.

3.- ERABILERA MISTOAK SUSTATU

Donostian jarduera ekonomikorako eta etxebizitzetarako eremuak bereizita eraiki izan dira. Hau da, alde batetik etxebizitzak egin dira, eta, bestetik, lanerako eremuak sortu dira. «Bada beste hiri aurreratuetan egiten hasi diren bezala -azaldu du Garbiñe Alkizak-, gure proposamena bi erabilera horiek uztartzea da, hau da, etxebizitzak enpresa guneetara eta parke teknologikoetara eramatea eta, jarduera ekonomikoa sustatzea dagoeneko etxebizitzak dauden tokietan».

Izan ere, egiaztatua baitago etxebizitzak soilik dauden espazioetan jarduera ekonomikoa garatu denean, auzune hauek biziagoak bilakatzen direla. Aldi berean, enpresak eta lantokiak soilik dauden eremuetan etxebizitzak eraikitzen direnean, eremu hauek biziberritu egiten dira. Hirigintza antolamendu berri honekin azpiegiturak, zerbitzuak eta ekipamenduak aurreikusi beharko liratekeela uste dugu.

Irizpide hau jarraituz egiten dugun proposamen zehatza Miramongo Parke teknologikoan eta Igarako gune enpresarialean etxebizitzak eraikitzea da.

4.- AUZOEN ARTEKO OREKA BERMATU

Donostian etxebizitzak eraikitzeko erakundeek jarraitu duten eredua oso estankoa izan da, eta desorekak sortu ditu, gainera: Ekialdeko auzoetan etxebizitza xumeagoak eraiki diren bitartean, mendebaldeko auzoetan beste etxebizitza mota bat sustatu da. Aldi berean, jarduera ekonomikoetarako eremu isolatuak egin dira, arlo bakoitza eremu desberdinetan eraikiz. Hiri ikuspegi batetik asimetriak ekarri ditu honek guztiak, bereziki ekipamenduei, zerbitzuei, gune berdeei eta aisialdiari dagokionean.

Donostiako auzoen artean dauden desorekak lausotze aldera lan egin behar dugula konbentzituta gaude EH Bildun eta dauden ezberdintasun horiek erronka gisa hartu. «Gauzak honela, EH Bildutik hiru ardatzen Donostiari erreparatzen diogu. Ardatzen diskurtsoa egiteak errazten digu eremu bakoitzari begirako diskurtsoa eta proposamenak garatzea, zentro-periferia dikotomia sinplistan erortzea saihestuz; izan ere, guk ez dugu auzoen arteko lehiarik nahi, ez diogu batari kendu nahi besteari emateko, soluzioak hori baino konplexuagoa eta egokituagoa izan behar baitu. Ulertzen dugu hiri eredu honek Donostiari bere osotasunean kalteak eragin dizkiola, eta kalte horiek eremuz-eremu zein diren aztertu ostean, eremu bakoitzeko bizilagunen bizitzak hobetuko dituzten proposamenak ditugu», erantsi du Alkizak.

Kostako ardatza. Hiriaren iruditegia osatzen duten paisaia asko eta asko ardatz honetan ditugu. Ordea, arreta hori jaso izan duen arren, ezin esan ardatz honetako herritarrak erdigunean egon direnik. Haien auzoetan arrotz, gentrifikazioaren kalteak eraginda bizi dira zerbitzuen galerarekin.

Urumeako ardatza. Ardatz hau urteetan ahaztuta egon den eremua da, ibaiaren inguruan dagoena. Auzo degradatu izan diren hauek, Loiola, Martutene eta Txomin, aukera egokia direla naturari espazio gehiago kendu gabe hiriak hazten jarrai dezan. Are, esan dezakegu jada demostratu dugula eremu honi merezi dion garrantzia emateko gai garela, auzotarren parte hartzea erdigunean kokatuz eta auzoari bigarren bizitza bat emanez. Zentzu horretan, Urumea auzo bizigarrien eredu izan daitekeela uste dugu: etxebizitza publiko eta sozialak, lanerako eta zerbitzuetarako guneak, aisialdia eta harremanetarako espazioak, gune naturalak eta herritarren parte hartzea.

Bariantearen ardatza, Donostia inguratzen duten auzoek osatuta, Altzatik Añorgara, errepide zahar batek zeharkatzen ditu gune hauek denak, haien arteko eta auzo barneko konexio naturalak zailduz. Bariantea eraldatuta irabaziko luketen espazioa aukera paregabea da auzoan beharrei erantzun ahal izateko.

Modu honetan, ardatzen logikak Donostiari bere osotasunean begiratzea ahalbidetzen digu, desorekak aitortu, eremu bakoitzeko kalte eta indarguneak identifikatu, eta horien araberako proposamenak garatuz.