AKTUALITATEA


| 2026-01-09 12:51:00

Ostatu erabilerak eta turismo establezimenduak arautzeko Udal Gobernuak iragarpen berri bat egin duen honetan, komeni da zehaztea ez gaudela neurri berri baten aurrean, horrela ulertuarazi nahi izan den arren. Izan ere, urtarrileko osoko bilkura honetan onartuko dena duela bi urte abiatutako prozesua da; hau da, Donostiako ostatuak mugatzeko HAPO aldaketaren behin betiko onarpena.

Orduan, 2023ko martxoan, Gobernuak neurria iragarri eta indarrean sartu zen gaur egun ezagutzen dugun luzamendua edo moratoria. Eta neurria ezinbesteko tresna den arren, EH Bilduk orduan esan zuena berresten du orain ere. Erabakia ez zuen EAJ-PSEren Udal Gobernuak bere kabuz hartu egoeraren larritasunarekin konbentzituta zegoelako, baizik eta eragileek, herritarrek eta EH Bildutik egindako presioaren ondorioz. Ordurako, inkesta ofizialek ere ez zuten zalantzarako tarterik uzten: modu nabarian jasotzen zuten donostiarren gehiengoek egoerarekiko zuten kezka.

Bai EAJk baita PSEk ere urte luzez arazoa ukatu ez ezik, sustatu duten turismo ereduari egiten zitzaizkion kritikak eta ekarpenak gutxietsi dituzte eta turismoaren industria elikatu dute politika espezifikoekin. Orain, ondorioak pairatzen ari gara.

Neurria berandu dator kaltea egina dagoenean iritsi delako, eta hankamotz gelditzen da. EH Bildutik, orduan eta orain, anbiziotsuagoak izatera dei egiten dugu. EH Bildurentzat beharrezkoa da erregulazioan jasotako edozein salbuespen ezabatzea, besteak beste, eremu saturatuetan hotel berriak irekitzeko aukera ematen dutenak. Izan ere, «ondarea babesteko» egiten dela argudiatzea eufemismo hutsa da. Elizak, komentuak edo villa historikoak hotel nola bilakatu diren ikusi dugu azken urteetan. Azkena, Satrustegi Dorrea. Eta bidean dira Mariaren Bihotza, Maria Inmaculada eta Pio X. Denak Grosen. Arreta berezia jarri beharko genioke, halaber, Ategorrietan gertatzen ari denari. Gaur gaurkoz, halaber, Antiguan, Parte Zaharra-Erdialdean eta Grosen ezik, gainontzeko edozein eremutan hotelak eraiki daitezkeela gogorarazi nahi dugu.

Denbora tarte honetan moratoria indarrean egon da baina ez dira jasota dauden betekizunak: lizentzia berri gehiago eman dira, eskaera tramitatzen ari zirenez aparte. Satrustegi Dorrea da adibidea hotelen kasuan, eta Amara auzoan, Osasunaren kalean, funts putre bati emandako lizentziak etxebizitza turistikoen kasuan.

Kontrolerako mekanismo propioak ezarri behar dira eta araudia betearazi. Hori da gaur gaurkoz dugun gabezietako bat borondaterik ez dagoelako. Zentzu horretan, gogoratzekoa da iragan irailean espainiar Gobernuaren Etxebizitza sailak berak identifikatu zituela legez kanpoko 138 pisu turistiko.

Ontzat ematen dugu onarpena, jakina, orain arte egin duguna mantenduz, baina berehala beste neurri batzuk hartu behar dira, eraginkorragoak izango direnak, eta zorroztasunez betearazi: hotel gehiago ezin dira baimendu hiri osoan, eta horretarako salbuespenak desagertuko dira. Gaur egun hirian daude pisu turistikoen kopurua ezin da inondik inora ontzat eman eta, hala, kopuru hau modu progresiboan gutxitzen joateko lizentzien iraungitzea eskatzen dugu.

Ezin bistaz galdu: Donostiak etxebizitza larrialdia du, herritarrok berebiziko arazoak ditugu etxebizitza duin baterako sarbidea izateko eta hiria eremu tentsionatua deklaratua dago