Parte Zaharreko bizilagunen salaketei bide emanez ekin genion auzoan egiten diren legez kanpoko edo baimenik gabeko obren aurrean Udal Gobernuak, zehazki Hirigintza sailak, erakutsi duen pasibotasunarekin amaitzeko bideari. Batzordeetan gaia eztabaidatu eta auziaren bueltan Nekane Arzallus zinegotziari argibideak eskatzeaz harago, EH Bilduren Udal taldetik txosten juridiko bat eskatu genuen udaleko zerbitzu juridikoetan egoeraz ebatzi bat eman zezan.
Urriaren 3an jaso genuen txostenak ez zuen zalantzarako tartetik utzi, auzoko bizilagunei zein EH Bilduri arrazoia emanez: Hirigintza saila ezin da inhibitu salatzen diren legez kanpoko obren aurrean aktak itxi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari igorriz. Aste batzuk lehenago zentzu berean mintzatu zen Arartekoa bera. Tarte honetan, ez bata ez bestea ez ditu kontutan hartu Eneko Goiaren Udal Gobernuak.
Txosten juridikoak idatziz jaso zuenez, txostena egin zen egunean oraindik Udalak salaketak eta aktak Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen jarraitzen zuen, nahiz eta Aldundiak berak behin eta berriz jakinarazi zion EAJ-PSEren Udal Gobernuari hark ez zuela horretarako eskumenik. Gure kezka honakoa da: horretarako babes juridikorik ez duen udal-jarduketa baten bidez, hirigintzako arau-hauste jakin batzuk preskribatu direla erabaki behar izatea eta hori arau-hausleentzat onuragarria izatea.
Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi ordezkariak baieztatu zigun, EH Bilduren udal-taldeak eskatutako txosten juridikoa jaso aurretik ere, desadostasunak zeudela Gipuzkoako Kultura departamentuak eta udal Hirigintza Zuzendaritzak beren eskumenen eta erantzukizunen inguruan egiten zuten interpretazioan, eta horregatik txostena eskatu zietela Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoei.
EH Bilduren iritziz «harrigarria» da Udal Gobernuak erabaki izana beste erakunde bateko zerbitzu juridikoei egitea kontsulta, eta ez Udaleko zerbitzu juridikoei. «Ez dute arazorik beste erakunde batzuetara jotzeko ea inork arrazoia ematen dien egin nahi duten horretan, hau da, beren betebeharra ez betetzean», adierazi du Ricardo Burutaranek.
Batzordeetara gaia eraman genuen arren, azalpenak ez ziren nahikoak izan, beraz, kontrol mozio bidez baimenik gabeko obren salaketak eztabaidatu ditugu igaro berri den azaroko Osoko Bilkuran, hilaren 21ean. Ekimenaren hiru puntuak aho batez onartu dira eta behingoz espero dugu Udal Gobernu honek bere ardurak eta erantzukizunak bere gain hartzea eta beste aldera ez begiratzea, orain arte egin duen bezala. Albiste ona da auzoarentzat eta tinko lan egin duten bizilagunentzat. Orain, EH Bilduren ardura izango da hartutako konpromisoa betetzen dela bermatzea.
Zenbat inhibizio espediente: 12 edo 42?
Ricardo Burutaran zinegotziak bere interbentzioan azaldu zuenez, bidea gorabeheratsua izan da, eta gogora ekarri du EH Bilduk eskatutako informazioa ez dela datu fidagarriekin erantzun izan. «Inhibizioak eragindako zenbat espediente dauden galdegin genuen, eta batzordeetan hamabi zirela esan zitzaigun arren, 42 dira gutxienez. Eta hau ez da akats soila, izugarria da halako aldea egotea ematen den datuaren eta errealitatearen artean. Era berean, espedienteak eskuratu nahi genituela adierazi genuen, baina gaur gaurkoz ez dugu ezer jaso», salatu du. Hau esanda, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia astelehenerako egitera konprometitu zen eta guk horrela dela bermatuko dugu. «Horregatik aurkeztu ditugu ekimenak batzordeetan zein Osoko Bilkuran, ez delako behar bezala informazioa ematen ezta eskatzen den guztia ere», kritikatu du Burutaranek.
EH Bilduren zinegotziak Udalbatzan gogoratu zuenez, legez kanpoko edo lizentziarik gabeko obra baten berri izan bezain pronto, lanak gelditzeko agindua eman behar du Udal Gobernuak. «Eta horrela adierazi eta eskatu nahi dut ziur aski udaletxe honetatik ez oso urrun egon daitekeelako egoera honetan dagoen proiekturen bat. Eta Hirigintza zinegotziak txosten juridikoa bere gain hartu eta bertan jasotako dagoena bete egingo duela esan duenez, ulertuko dugu udaletxetik oso gertu horrelako kasu bat balego, gelditu egingo duela. Esan dituenak hitz hutsak lirateke bestela», erantsi du.
Hauek dira EH Bilduren kontrol mozioak jasotzen dituen hiru puntuak eta aho batez onartu direnak:
1. Udalaren Osoko Bilkurak udal-gobernuari eskatzen dio atzerapen gehiagorik gabe izapidetu ditzala Parte Zaharreko legez kanpoko obren salaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 220. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez, eta erabaki dezala ezkutuko obrak berehala etetea eta dagozkion espedienteak ireki eta izapidetzea, urratutako hirigintza-legezkotasuna berrezar dadin.
2. Era berean, Hirigintza Jasangarriko Zuzendaritzari eskatzen dio espediente horietako bakoitzean interesdun gisa pertsonatzen diren pertsonei edo erakundeei ematen zaizkien jarduketei buruzko informazio osoa eman dezala.
3. Bestalde, udal-gobernuari eskatzen dio, Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordean eskatutakoaren ildotik, eman diezagula eskatutako informazioa, eta, zehazkiago, Parte Zaharrean legez kanpo egiten diren obren salaketen zerrenda xehatua, bai eta udal-teknikarien oniritzia jaso gabe eremu horretan etenda edo artxibatuta dauden egikaritze-aginduena ere.