AKTUALITATEA


| 2025-04-29 09:18:00

Donostiako Gizarte Ekintzako langileek, 130 inguru, otsailean abiatu zituzten lanuzteak eta greba egunak lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Gaur eta bihar, adibidez, greba egunak dituzte. Hasieratik, mobilizazio dinamikek saileko langileen babes zabala jaso dute; izan ere, mahaigaineratutako eskari eta aldarrikapenak ez dira berriak, sailaren saturazio salaketa berria ez den bezala. Are, 2017an jada antzeman zen departamentuko langileen osasunerako arriskua handia zela, gehiegizko lan-kargaren ondorioz. Tamalez, geroztik egoerak ez du hobera egin, eta gizarte zerbitzuetako eskaria asko igo den bitartean, plantillaren zabalpena ez da hurbildu ere egiten eskariaren igoerara.

Zentzu horretan, langileek adierazten dute dituzten baliabideekin «zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko eskubideak ezin direla bermatu»; kasu askotan, zerbitzuetara herritarrek egindako deiek ez dute erantzunik jasotzen, hitzordua izateko asteak itxaron behar izaten dira, laguntza ekonomikoak jasotzeko atzerapenak, haurtzaroko kasuei behar duten jarraipena emateko ezintasuna... Langileek pairatzen duten lan-karga gehiegizko honek inpaktu zuzena du Gizarte Zerbitzuetara jotzen duen edozein herritarrek jasotzen duen arretan, eta egoera kezkagarria da oso.

Hala adierazi du gaur prentsaurrean Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak. Iragan apirilaren 10ean batzordeetan egoeraz galdegin zitzaion EH Bildutik zinegotzi delegatuari, Gizarte Ekintzako langileen ordezkaritza bat bertan zegoela. Orain, urrats bat gehiago emango dugu, irtenbidea erdiesteko helburuaz. Hala, bihar, hilak 30, izango den Osoko Bilkuran kontrol mozioa defendatuko dugu.

Hernandok gogora ekarri duenez, besteak beste, egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea eskatu dute langileek, neurriak hartu ahal izateko: baliabide material gehiago ezartzea, profesionalen araberako ratioa murriztea, kudeaketak pertsonen beharrei lehentasuna ematea eta arlo guztietako lantaldeak handitzea, hain zuzen ere. «Eskari hauek Donostia bezalako hiri zahartu batean eta bizi dugun ziurgabetasun handiko egoeraren testuinguruan irakurri behar direla uste dugu, non behar sozioekonomikoak ugariak diren eta gizarte politikek paper protagonista hartu behar duten. Gizarte zerbitzuak jada donostiarrok gehien erabiltzen ditugun udal-zerbitzu publikoak bilakatu dira, eta horrek, ongizatean neurriko inbertsioak zein berrantolaketak egitea eskatzen du», ohartarazi du.

Zenbakietara ekarriaz, azken urteetan sailaren eskaria %21 igo da eta joera oso goranzkoa da herritarrei dagokienean. Horregatik, saila nabarmen indartu behar da, eta horretarako plan plurianual bat egitea proposatzen dugu, 2026ean plantilla handituz, eta hurrengo 2 urteetan gehiago handituz (plan plurianuala edo legegintzaldia amaitu bitarteko plana litzateke).

Hori horrela, gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzeko erabakiak hartu behar dira, eta gizarte zerbitzuetako langileak zaindu. Norabide horretan, epe motzeko zein epe luzera begirako neurriak konbinatu behar direla uste dugu. Epe ertain edo luzeari dagokionean, zinegotzi delegatuak hartua du 2026ra begira Gizarte Ekintzako kontratazioak lehenesteko konpromisoa; era berean, langileek osatua eta zinegotzioi aurkeztua digute Gizarte Ekintzan egin beharreko hobekuntzen zerrenda. Ondorioz, epe ertainera begirako plantillaren zabalpena eta berrantolaketak langileekin batera diseinatutako eta hausnartutako oinarri adostuak behar dituela uste dugu.

Epe motzari dagokionean, berriz, langileen lan-karga arinduko duen kontratazioa ezinbestekoa da, are gehiago uda berehala iritsiko dela kontuan hartuz. Kontrataziorako formulak posible dira gaur-gaurkoz, ekonomikoki eta juridikoki horretarako aukerak badaude; honek, jakina, ongizatea lehenesteko erabakia hartzea suposatuko luke.

Gauzak honela, hiru dira biharko kontrol mozioan jaso ditugun eskariak. Lehenik, Udal Gobernuari eskatzen diogu Gizarte Ekintzako baliabide profesionalak urgentziaz handitu ditzala, aurtengo berehalako beharrei erantzuteko. Bigarrenik, Gizarte Ekintzako profesionalen oporrak ordezkatu ditzala, lana gehiago pilatu ez dadin eta atentzioa gehiago saturatu ez dadin. Izan ere jakin badakigu oporrak ez direla ordezkatzen eta langileak oso oso gaindituta daudela (arrisku psikosozial altua, baja eta mugikortasun altua). Egoera honetan oporrak behar-beharrezkoak dituzte; atsedenerako eskubideak bateragarria behar luke jada gainezka dagoen zerbitzu hau gehiago ez tentsionatzearekin. Eta hirugarrenik, EAJ eta PSEren Udal Gobernuari eskatzen diogu kontrataziorako eta berrantolaketarako urte anitzeko plana osatu dezala, horretarako, langileekin negoziazio mahaia sortuz eta 2026an plantilla handitzeko lan eskaintza abiatuz.

EH Bildutik oinarrizkoa ikusten dugu langileekin batera negoziatu eta diseinatu dezala plantillaren zabalpena eta sailean egin beharreko berrantolaketa.