AKTUALITATEA


| 2025-05-09 11:09:00

EH Bilduk eskatuta, iragan asteazkenean, maiatzak 7, Donostiako metroaren lanei jarraipena egiten dien batzorde ez-iraunkorra bildu zen, salatu beharra dugu, sei hilabeteko atzerapenarekin, izan ere bi hilero biltzeko derrigortasuna izan arren, azken deialdia azaroaren 6an izan zen. Utzikeria eta ardura falta daude atzean.

Mahai gainean jarri genituen Mirakontxa eta Easo kaleen arteko pasabideak izan dituen gainkostuak, bertan izandako arazoak, proiektuaren inguruan izan dugun informazio falta eta hamar urte luze hauetan herritarrei zein merkataritzari eragindako kalteak.

Tamalez, gardentasunez datuak eskuratzeko beste behin EH Bildutik egin ditugun ahaleginak ez ditu nahiko genituzkeen emaitzak izan. Gainkostuez galdetuta, ETStik helarazi zaigu batzorde ez-iraunkorra ez dela horretarako lekua, eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola. Hain zuzen, gogoratu behar dugu iragan martxoan galdera sorta erregistratu genuela EH Bildutik Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak idatziz erantzun zitzan. Eta gogoratu beharra dago baita ere ez zituela argibide guztiak eman. Horiek horrela, EH Bildutik iragartzera gatoz sailburuaren agerraldi eskaera erregistratu dugula ostiral honetan, maiatzak 9, azalpenak ahoz eman ditzan Eusko Legebiltzarrean. Eta oraingoan bai, dagokion arduragatik, eta hiritarrei zor zaien gardentasunagatik, eman dezala informazio guztia.

Berriro galdegingo diogu gainkostuez (hasiera batean 53,3 milioi euroan esleitu zen Mirakontxa-Easo, eta tarte horretan orain arte ziurtatutako obra 139,8 milioi eurokoa izan da, hau da, % 162,29ko igoera izan du momentuz), Mirakontxa-Easo tartean jazotako arazo larriez eta hamar urtetako lan hauek inguruko auzotar eta dendarien artean eragindako askotariko kalteez.

Obra amaitzear dagoen honetan, antza 2026an jarriko da martxan nahiz eta data ez duten iragarri, lanari jarraipen zehatza egiten ahalegindu gara EH Bildutik, hastapenetatik, Gasteizeko Legebiltzarrean zein Donostiako Udalean, konpromisoz eta arduraz, baina salatu behar dugu oso zaila izaten ari dela oztopoak eta gardentasun falta ohikoak direlako dilijentziaz kudeatu behar dutenen aldetik. Batzorde ez iraunkorraren azken bileran jasota erantzunak horren adibide dira.