AKTUALITATEA


| 2025-04-14 10:38:00

Jardunaldiak maiatzaren 12an eta 13an izango dira eta saio bakoitza gai jakin bat jorratzera bideratua izango da, zehazki turismoaren balizko itzulpen soziala eta ekonomikoa eta Donostiaren eta bere auzoen karga-ahalmena, hurrenez hurren. EH Bilduk antolatu dituen jardunaldiotan parte hartuko dute LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek, Deustu eta EHU/UPV unibertsitateetako ikerlariek, Zubiri-Manteo Institutuko Turismo departamentuak eta turismoan aditua den Casilda Cabrerizo Geografian doktoreak. Itzulpen zerbitzua egongo da mahai inguru guztietan.

Turismoaren jarduera eta honek hirian zein hiritarrengan dituen eraginei buruzko eztabaidak ezin du oporraldi denboraldien menpe egon. Hausnarketak iraunkorra behar du izan eta estrategikoa politika publikoetatik eragiteko. Maiz adierazi dugu EH Bildutik: indarrean dagoen ereduarekin amaitu, donostiarrak erdigunean jarri haien ongizatea bermatuz eta lehenetsiz eta azken urteotan kaltetuak izan diren auzoak konpentsatu.

Eta eredua ezbaian jartzeko ariketan kolektibo zein indibidualean, ohartu behar gara, eta onartu behar dugu, hiriaren garapena ardaztu duten ohiko desberdintasunei, hala nola zentro-periferia dialektika eta, batez ere, langile-auzoekiko utzikeria, orain turistifikazioak eragindakoak gehitu behar zaizkiela. Parte Zaharra, Gros, Erdialdea eta Antigua auzoak zuzenean ari dira pairatzen interes pribatua bizilagunen ongizatearen aurretik jartzen duen turismo-ereduaren ondorioak, baina hiri osoaren garapena da erabat baldintzatuta dagoena.

Turismoa jarduera ezegonkorra da, eta turismo-industria beste industria batzuk baino kalteberagoa. Izan ere, turismoa fenomeno globala denez, bere garapena mundu mailako prozesu, dinamika eta gertaeren mende dago. COVID-19ak eragindako osasun-krisiak agerian utzi zuen hori, esaterako. Turismoa bat-batean geratu zen, eta aurrerantzean horrelako geldialdiak gero eta ohikoagoak izango direla pentsatzeko arrazoi asko daude. Are gehiago, turismoak uzkurtzeko joera izango duela adierazten duten zantzu nabarmenak daude. Planeta finituan ezin da ekonomia eta hazkunde infiniturik planteatu, eta gauza bera gertatzen da hiriekin eta turismoarekin ere.

«Horiek horrela, hiri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da turismo-ereduari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea», adierazi du Markel Ormazabal zinegotziak astelehen honetan eskainitako agerraldi batean. Testuinguruak behartzen gaitu nagusi den eredua zalantzan jartzera eta eztabaidara eramatera. Eta horixe da, hain zuzen ere, gaur aurkezten dugun “Turismoa(k) birpentsatzen. Porque Donostia tiene un límite” jardunaldien helburua.

Analisira eramango ditugun gaiak

Lehenengo saioan, maiatzaren 12an, turismoaren itzulera sozialaz eta jardueraren bideragarritasunaz hausnartuko dugu.

Donostiako Udalaren arabera, turismoak hiriko barne produktu gordinaren % 13,9 hartzen du eta 15.000 lanpostu sortzen ditu. Hala ere, lau donostiarretik hiruk ez dute sentitzen beren bizi-kalitatea hobetu denik turismoaren ondorioz, eta herritarren % 72k uste du turismoak ez diela inoiz edo ia inoiz mesede egin. Turismoa lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da, eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen lagun dezake. «Baina, horretarako -erantsi du Ormazabalek-, ezinbestekoa da turismo-jardueraren garapen ekonomikoa zaintzea eta itzulera soziala bermatzea. Hau da, donostiar gehienen ustez egin ez dena. Izan ere, galdera ez da turismoak aberastasuna edo lana sortzen duen, baizik eta errenta hori nola banatzen den eta lan hori nolakoa den».

«Bestalde, COVID-19 pandemiak agerian utzi zuen turismoaren mendeko ekonomiak zein kalteberak diren. Donostiak historikoki Gipuzkoa osoak baino langabezia-tasa txikiagoa izan du. 2007tik, adibidez, gutxienez puntu bat beherago egon da. 2020ko martxoan, ordea, Donostiako langabezia-tasak hirukoiztu egin zuen Gipuzkoakoa edo EAEkoa. Eta aipatzekoa da gerora enplegu-galera handiagoa izan zela beste sektore batzuetan baino, turismoari lotutako hamar enplegutik bat bakarrik baitzen finkoa. Osasun-krisiak zalantzan jarri zuen turismoak epe luzerako jarduera ekonomiko bideragarriak ziurta ditzakeenik, eta, hala ere, errealitatea da gauza berera itzuli garela, are indar handiagoz».

Bigarren saioan, maiatzaren 13an, Donostiaren eta bere auzoen karga-turistikorako ahalmenaz eztabaidatuko dugu.

Turismoa donostiarren kezka nagusietako bat bihurtu da. Estrategia Bulegoak 2024an egindako Herritarren Pertzepzio Inkestan, turismoa lehen aldiz sartu da donostiarren kezka nagusien zerrendan, eta, gainera, hirugarren postuan. Eta hori berretsi zuen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) “Gune Irekiak” ikerketa-taldeak urte berean egindako azterlanak, donostiarren % 90ek kezka adierazi baitzuen kezkatuta zegoela turismoaren egoerarekin.

Turismoa ez da jarduera kaltegabea. Eragin handia du natura-ingurunean, tokiko ekonomietan eta harrera-komunitateetan. Eta inpaktuak baloratzeko eta jarduera kontrolatzeko neurririk hartzen ez denean, eragin hori batez ere kaltegarria izango da. Bestela esanda, donostiarrek turismoari buruz duten iritzia eta bizipena politika publiko arautzailerik ezaren ondorio da.

Gabezia hori estaltzeko ‘jasangarritasun’ adjektiboa erabiltzen da. Gaur dena da jasangarria, baita turismoa ere. Turismo jasangarria denon ahotan dago, baina jasangarritasunak mugak dakartza. Hau da, turismoak muga batzuk ditu, eta muga horiei karga-ahalmena edo harrera-gaitasuna esaten zaie. Turismo-kudeaketan eta -plangintzan modan dagoen kontzeptuetako bat da, baina baita gutxien aplikatzen dena ere, ez baita erraza helmuga turistiko baten karga-ahalmena operatibo bihurtzea. Ezer baino lehen, ez dagoelako karga-ahalmen bakarra, baizik eta bat baino gehiago (fisikoa, ingurumenekoa, psikologikoa, etab.), eta horietako bakoitzak tratamendu desberdina eskatzen duelako.

Egitaraua

Lehenengo egunak Okendoko kultur etxea hartuko du, 18:00etatik aurrera, eta turismoaren itzulera sozialaz eta ekonomikoaz hausnartzea du xede. Jardunaldiak Casilda Cabrerizo Geografian doktoreak eta Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasleak irekiko ditu. “La ciudad negocio. Turismo y movilización social en pugna” azterketaren egileak hitzaldia eskainiko du “Turismo urbano: la ciudad como mercancía para la visita” izenburupean.

Ostean, LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek hitza hartuko dute “Turismoaren ustezko itzulera soziala eta jardueraren bideragarritasuna Donostian” izenburua duen mahai inguruan.

Bigarren egunean, ordu berean eta San Jeronimo kaleko kripta agertoki gisa, Donostiaren eta bere auzoen karga-ahalmenaz arituko dira zenbait aditu. Horretarako gonbidatu ditugu Aurkene Alzua Sorzabal, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Nebrija-Telefonica Unibertsitateko Turismo Adimentsuaren katedra zuzendaria; Nekane Altzelai Uliondo, Manteo Zubiri BHI Institutuko Turismo irakaslea; eta Xavi Minguez Alcaide, EHU/UPV Unibertsitatean Gizarte Psikologia saileko irakaslea.

Saio guztietan itzulpen zerbitzua eskainiko da.

--
 

MAIATZAK 12 MAYO

18:00 Okendo Kultur Etxea (Gros)

Hitzaldia:

Turismo urbano: la ciudad como mercancía para la visita

  • Casilda Cabrerizo, geógrafa y profesora en la Universidad Carlos III de Madrid

Mahai-ingurua:

Turismoaren ustezko itzulera soziala eta jardueraren bideragarritasuna Donostian / Supuesto retorno social del turismo y viabilidad de la actividad en Donostia

Parte-hartzaileak:

LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT

 

MAIATZAK 13 MAYO

18:00 San Jeronimo kaleko Kripta (Parte Zaharra)

Solasaldia:

Donostiaren eta bere auzoen karga-turistikorako gaitasuna/Capacidad de carga turística de Donostia y sus barrios

Parte-hartzaileak:

  • Aurkene Alzua Sorzabal (Deusto Unibertsitatea eta Nebrija-Telefónica Turismo Adimentsuaren Katedra Zuzendaria)
  • Nekane Altzelai Uliondo (Manteo-Zubiri BHI turismoko irakaslea)
  • Xavi Minguez Alcaide (GizartePsikologia Saileko irakaslea, UPV/EHU)

Itzulpen zerbitzua egongo da