AKTUALITATEA


| 2024-10-11 08:47:00

Ez dira berriak EH Bilduk Parte Zaharrean nahitaezko lizentziarik edo baimenik gabe egiten diren obren inguruan modu publikoan egin dituen salaketak eta Udal Gobernu honek duen jokabidea ere, ematen diren arau-hausteen berri izan arren. Orain, Udaletxeko Idazkaritza Juridikoaren txosten batek, talde honek eskatuta egin dena, EH Bildutik luzaroan defendatu duguna bermatzen du: Udalak, zehazki Hirigintza Jasangarriak, hasitako zehapen-prozedurak “inhibitzeko” ebazpenak ematen ditu, eta espedienteak Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen ditu. Aldi berean, foru-erakundeak artxibatu egiten ditu Udalak bidalitako espedienteak, hirigintza-arloko arau-hausteak ezagutzeko eskumenik ez duelako.

Udalak, gaur egun, modu berean jarduten jarraitzen du, nahiz eta jakin, eta hala jasotzen du txostenak, eskumenei “ezin zaiela uko egin” eta “jarduteko betebeharra” duela. Argi dago, beraz, derrigorrean dagozkion funtzioak alde batera utzi dituela.

Ricardo Burutaran zinegotziak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Udalak nola jokatzen duen azaldu eta txosten juridikoaren gakoak emateko.

Udalak, dagokion tituluak baimendu gabeko obra edo erabileren berri duenean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedatutakoaren arabera jardun behar du: obra edo erabilera horiek bertan behera uzteko agindua eman behar du, eta, legeztatu ahal badira, obra edo erabilera horiek legeztatzeko epea eman.

Ezinezkoa bada edo eskatu ez bada, erabilera eraisteko edo behin betiko uzteko agindua eman daiteke. Era berean, katalogatutako edo monumentu izendatutako ondasuna denean, eraitsitakoa berreraikitzeko betebeharra jasotzen du.

Txostenak gogorarazten du, Burutaranen hitzetan, baimen bikoitza dagokiola ondarearen arloan (GFA) eta hirigintzaren arloan (Udala). Beraz, Hirigintza Jasangarria ez da errespetatzen ari Parte Zaharreko eraikuntza-elementuekin bat egiten duen araubide juridiko bikoitza. “Aldundiak ondarea babesteko eskumen jakin batzuk dituenez, ez dira desagertzen hirigintza-arloko udal-eskumenak. Horregatik, Udalak jakiten badu obrak egin direla Udalari berari hirigintza-lizentziarik eskatu gabe, Udalak jardun beharko luke, exijituz”, dio txostenak, eta azpimarratzen du hirigintza-eskumenek indarrean jarraitzen dutela eta Udala hirigintza-araua betetzen ez denean jardutera behartzen dutela eskumenek.

Ezagutzen duen salaketa bakoitzaren ondoren behin eta berriz egindako “inhibizioaren” aurrean, Udalak akta eta salaketa GFAra bidaltzen ditu. Hala ere, zuzendaritza juridikoa irmoa da: Udalak badu salaketak izapidetzeko eta hirigintzaren legezkotasuna berrezartzea eskatzeko eskumena. Eta Arartekok duela gutxi igorritako ebazpena aipatuz, non Parte Zaharreko bizilagunei arrazoia eman dien, kontua ez da Udalak jardun ahal izatea bakarrik, baizik eta horretarako  betebeharra duela, eskumenak “ukaezinak” baitira.

Udalak, Burutaranek dioenez, salaketak eta aktak GFAra bidaltzen jarraitzen du, nahiz eta GFAk eskumenik ez duela jakinarazi dion. Zergatik tematzen da Udal Gobernua horretan?, galdegin du zinegotziak, eta gogorarazi du idazkaritza juridikoak berak ohartarazi duela hala jarduteak ez duela “estaldura juridikorik”.

EH Bilduren galderak eta txostenaren ondorioak

Txostena egiteko eskaeran, EH Bildutik bost galdera zehatz plazaratu ditugu. Lehenengoak Udalak jarraitu beharreko prozedura aipatzen du, eta jasota geratzen da, hirigintzaren arloa, obra klandestinoen gaineko udal-eskumenak ez direla indargabetzen kultura-ondasun bat delako. “Udalak jardun egin behar du”, laburbiltzen du, Foru Aldundiaren eskumen konkurrenteak alde batera utzita.

Hirigintza Jasangarriko ordezkariaren erantzukizun-mailari buruz, Lurzoruaren Legean obra edo erabilera klandestinoak etetea agintzeko xedatutakoa aplikatuz, txostenak jasotzen du berari dagokiola ebazpenak ematea, eta inhibizio-ebazpenek ez dutela doikuntzarik Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean.

Era berean, galdetu dugu ea espediente horiek artxibatu daitezkeen emandako berrezarpen-agindua betetzen ez den kasuetan, eta erantzuna ezetz da.

Txosten juridikoaren ondorioek ez dute zalantzarako tarterik uzten, eta herritarren zein EH Bilduren salaketak indartzen dituzte. 2/2006 Legeak jasotzen duen bezala, “titulu honetan araututako ahalmenak erabiltzeari ezin zaio uko egin, eta, horretarako, agintariak eta funtzionarioak behartuta daude ahal horiek erabiltzeko ezarritako prozedurak hastera eta izapidetzera, kasu bakoitzean aurreikusitako epeetan”.

Txosten hori Udal Gobernuaren eta gainerako taldeen esku ere badago, eta, orain, Hirigintza Jasangarriaren Sailari dagokio argitzea zergatik ekiten duen horrela. Ordezkariak ekainean Garapen Jasangarrirako Batzordean erabili zuen estrategia, EH Bilduren interpelazio baten eskariz, baloiak kanpora botatzea izan zen; orain egiaztatzen dugu bere eskumenekoa dena bere gain ez hartzeaz gain, defendatzen duenak ez duela oinarri juridikorik. “Irailean eskatu genuen txostena, gobernu-talde honen jokabideari buruzko zalantza argiak juridikoak genituelako. Orain, ohartarazitako guztiak berresten direla egiaztatu dugu”, gogorarazi du Burutaranek.

Nolanahi ere, hainbat gogoeta egitea komeni da orain. Estrategia edo jarduteko modua aldatzea planteatzen al du udal gobernu honek eta aipatu departamentuak? Zergatik jarduten du horrela Udalak Parte Zaharrean? Zerk bereizten du hiriko gainerako auzoetatik? Funtzioen utzikeria horrek auzoko bizilagunei kalte egiten diela ez dago zalantzarik. Orduan, nori egiten dio mesede?