EAJren eta PSEren Gobernu honek turismoa gobernatzeko azaldu duen utzikeriak EH Bildutik onartezintzat jotzen dugun egoera batera ekarri gaitu; etsipenean ez gara eroriko, ordea, ezer gutxi egin daitekeela ez dugu barneratuko, uste baitugu egoerari buelta emateko benetako borondate politikoa badago egin daitekeela, posible dela. EH Bilduk bere eskua luzatzen du berriz ere, azken urteotan eta modu progresiboan, kezkgarria den abiaduran gainera, herritarrei itzultzeko bai Donostiak galdu duen idiosinkrasia baita ongizatea ere.
Egungo egoerarekiko erantzukizun eta konpromiso horretatik abiatuta azaltzen da duela gutxi EH Bildutik aurkeztu dugun neurri-sorta berria: bost jarraibideren baitan gainean jarduteko, 37 proposamen egingarri planteatu ditugu. Donostiak muga bat du, eta politika publikoek auzotarrak subjektu aktibo bihurtu behar dituzte erabakiak hartzeko orduan, eta lehengoratzeko eta murrizteko neurriak hartu behar dituzte.
Horretarako, aurreratu genuen bezala, hiriko eta hiri-markako sustapen turistiko oro etetea planteatzen dugu, donostiarren ongizatea eta egunerokotasuna eta auzoetako biztanleen bizi-kalitatea bermatzen ez diren bitartean. 2023an, Insausti alkatea Turismoko zinegotzi zela, lau donostiarretik hiruk ez zuten bideragarria ikusten turismoa haztea, eta % 77k adierazi zuten ez zela beharrezkoa bisitari gehiago erakartzea.
Pertzepzioa ez da aldatu, sustatzen diren politikak ere aldatu ez diren bezala, nahiz eta Udal Gobernu honek kontrakoa esan bere diskurtsoetan, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak asteazken honetan prentsaurrekoan adierazi duenez.
«Turismoaren sustapena eta hiri-markaren sustapen oro aldi baterako etetea proposatzen dugu, Donostiako herritarren eguneroko bizitza eta bizi-kalitatea bermatzen ez diren bitartean. Eta ez du balio esateak, argudiatu digutenez, Donostiak ohiko sustapen-kanpainak egiteari utzi diola, turismo-sustapena askotariko bitartekoekin egiten baita, eta are gutxiago kanpaina horiek beste erakunde batzuek egin ditzaten uzten bada».
Sustapena bertan behera uzteko, neurri hauek hartu behar dira: hurbileko beste erakunde batzuek ere, hala nola Basquetourrek edo Pasaiako Portu Agintaritzak, hiriaren sustapena geldiaraziko dutela bermatzea, eta sektore pribatuak (bidaia-agentziak, turismo-enpresak, bidaia-aldizkariak eta -blogak, plataformak...) hiriaren sustapena eteteko erabakia errespeta dezan lan egitea.
Beste adibide batzuk ere ezin ditugu ahaztu, hala nola 2030ean Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izateko Donostiaren hautagaitza. «Sustapena, nahiz eta ‘segmentatua’ izan, promozioa izaten jarraitzen du. Nolanahi ere -gaineratu du-, egiten den sustapenak ez du ezer edo gutxi du ‘segmentatua’ izatetik». Beste horrenbeste esan genezake Donostiak FITUR bezalako azoketan parte hartu izanaz edo Pintxoaren Institutuak berriki Bartzelonan Donostiako Pintxoaren Gida aurkeztu izanaz: «Pintxoa ez da janaria bakarrik, funtsezko motor turistikoa da», adierazi zuen Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, eta «helmugaren berezitasuna proiektatu eta balioa ematen duten ekimenak bultzatzen jarraitzearen garrantzia» nabarmendu zuen.
Four Seasons eta sustapenerako aurrekontua
Eta EAJko Turismo ordezkariak EH Bilduk turismoa gobernatzeko egin dituen proposamenei komunikabide batean emandako erantzuna, hots, «Donostian turismoaren sustapena gelditu dela» esatea izan bada ere, errealitatea bestelakoa da. Kasualitatea al da Four Seasons luxuzko hotel kateak Donostia begiz jota izatea? Bere kontseilari delegatuak esan du publikoki ‘zoragarria’ izango litzatekeela gure hirian hotel irekitzea.
Astebete besterik ez da igaro hirian beste ‘bost izar’ bat ireki zenetik, Arte Ederren zinematografo zaharrean dagoen Hilton hotela, hain zuzen. Egoera honek kezkatu egiten gaitu, eta horregatik galdetuko diogu horri buruz datorren astelehenean, hilak 13, egingo diren batzordeetan Hirigintzako ordezkariari. «Jar al daiteke Four Seasons hotel katea Donostiako Udalarekin harremanetan, hedabide batek iragarritako balizko asmo hori gauzatzeko?». EH Bildutik ere Udal Gobernuari eskatuko diogu hotel-establezimendu berri honen balizko irekieraren inguruan iritzia eman dezala. «Nola jokatu nahi duen» jakin nahi dugu.
San Sebastian Turismoren aurtengo aurrekontua eta Turismo ordezkari delegatuaren hitzak ez dira bateragarriak, ezta sinesgarria ere alkateak bere politika turistikoen inguruan duen diskurtsoa. Gobernu honek uko egin dio turismoa gobernatzeari eta industriari egiten utzi dio.
Alde horretatik, EAJko ordezkariari ere interpelazioa egingo diogu, argitzeko ea Gobernu honek sustapenerako SS Turismoren 2026ko aurrekontuak egokitzeko asmoa duen.
Ormazabalek gogorarazi duenez, 2023-2027 Turismo Planak jasotzen du dagoeneko sustapen eredua birplanteatzeko beharra, helburua ez baita «bisitari kopurua handitzen jarraitzea». Baina, aldi berean, turismoak eskain ditzakeen aukerak aprobetxatu nahi dira, eta hori «publiko estrategiko batzuei zuzenduz» egin nahi da. Horretarako beharrezkoa da «sustapen masibotik aldentzea, publikoak segmentatzea eta merkatu estrategikoak aukeratzea». Hau da, turismoaren sustapena egon badago.
«Lehentasuna ez da bisitari-kopurua, kalitatea baizik». Hala jasotzen du Planak, eta jarraian baieztapen hau ere egiten du: «Egia da, bestalde, ez dagoela kalitatezko turismorik helmugako espazio publikoa ondo araututa ez badago eta hiriaren nortasuna finkatzen ez bada». Eta EH Bildu ados dago baieztapen horrekin, noski, guztiz logikoa delako. Baina, errealitatea honakoa da: turismoak hazten jarraitzen du gure hirian, eta, ondorioz, baita sortzen dituen arazoak eta eragozpenak ere. Eta hori horrela da turismo-jarduera ez dagoelako behar bezala araututa.
Horregatik, turismoaren sustapena eta hiri-markaren sustapena bertan behera uzteko eskatzen dugu, behin-behinean behintzat, donostiarren bizi-kalitatea bermatuta dagoela ziurtatu arte. 2023 Estrategia Bulegoaren azken iritzi inkestak (2024) argi dio: donostiarren % 82k uste du turismoa ez dela gehiago hazi behar.