AKTUALITATEA


| 2026-06-17 13:57:00

Turismo-jarduerak hazten jarraitzen duen bitartean, eta, ondorioz, baita horrek sortzen dituen eragozpen eta kalteak ere, PNV-PSE Udal Gobernuak berau kudeatu eta arautzeari uko egin dio beste behin. Bereziki azken hamarkadan gure hirian industria honek eragin dituen aldaketak ezin uka daitezke, hala nola gentrifikazio komertziala, bizitzaren garestitzea edo espazio publikoaren masifikazioa. Eta hauek, argi esan behar dugu, ez dira fenomeno atmosferiko baten ondorio izan, turismo-politika zehatz baten emaitza baizik.

Harriduraz eta kezkaz bizi dugu errealitateari behar den tamainan erantzuteko Udal Gobernu honek adierazi duen borondate eza. Utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatzen ari dela adierazi nahi dugu. ‘Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto’ lemapean jarduten jarraitzen dute.

EH Bildutik salatu nahi dugu gaurko egoerara ekarri gaituen turismo ereduari gorazarre egin eta ustezko ontasunak ospatu izan dituzten bitartean, modu sistematikoan ezkutatu egin dituztela honek donostiarrengan eragindako arazoak. Bizilagunen kezkei bizkarra emanda, egindako aldarrikapenei entzungor eginda ondoezak gainezka egin duen arte. Eta orduan, eta ez lehenago, hartu dute ‘kudeaketa’ banderatzat.

«Egungo Gobernuak beretzat hartu du turismoa arautzeko ekimenaren diskurtsoa. Ordea, aldarrikatzen dituzten neurri gehienak, guztiak ez esatearren, herri-presioaren ondorio izan dira. Gainera, neurri asko berandu iritsi dira, kaltea eginda zegoenean eta ondorioak itzulezinak zirenean. Horren froga da, adibidez, presio turistiko handiena jasaten ari diren auzoetako biztanle-galera», adierazi du Markel Ormazabal zinegotziak.

EAJ-k esaten duena ez dator bat egiten duenarekin: ezarri diren neurrien irismena hutsaren hurrengoa da. Horren froga da turismo-ostatuz gainezka deklaratutako auzoetan hotel berriak irekitzeko aukera ematen duten salbuespenak. Salatu izan dugu eta berriro diogu: salbuespenak hotel berriak irekitzeko neurrira egindako zirrikituak dira, modu deliberatuan eredu honekin amaitu nahi ez dutelako. Eredu hau elikatzen jarraitzeko interesak daudelako. Interes partikularrak.

Eta orain, turismoa hiri gisa aurre egin beharreko erronka nagusietako bat den honetan, EAJ-ren agenda politikotik desagertu da. Zergatik? Harrigarria. Zehazki, nola desagertu den agenda mediatiko eta politikotik Jon Insaustik alkatetza hartu duenetik. «Adibide bat jarriko dut. ‘Donostiarra Topera 2040’ ekimena aurkeztu berri digute, ustez hiriak bere etorkizuna prestatzeko estrategikoak diren esparruei buruz herritarrak hausnartzera gonbidatuz zazpi lan taldetan. Bada turismoa ez da inon ageri, eta Jon Insaustiren ahotan ez zen behin ere entzun».

Herritarrak sujeto aktibo egin

Egoerak kudeaketa exijitzen du, zorroztasuna, ardura eta konpromisoa. Eta udal Gobernu honek ez du ez bata ez bestea erakutsi. Kontrakoa: gauza bat esan eta bestea egin, herritarrak nahasiz.

EH Bildu prest dago egoerari aurre egiteko neurri zehatzekin, leheneratze politikak aplikatuz eta konpentsazio neurriak ezarriz, besteak beste. Turismoa gobernatzeko alternatiba egingarri bat eta herritarrekin konprometitua dena proposatzera gatoz.

Guztira, bost printzipio nagusitan jardutea proposatzen dugu, hala nola donostiarrak subjektu aktibotzat hartzea, politika publikoak planifikatzea haien koordinazio eta kohesio egokia bermatzeko, karga-ahalmena ezartzea, desazkundea eta leheneratze politikak definitzea, eta sektore turistikoaren mende ez dagoen ekonomia sustatzea.

Ormazabalek azaldu duenez, bost lan-ardatz horiek oinarria dira gero hainbat arlotan ekimenak eta politikak garatzeko, hala nola etxebizitza, gobernantza, ekonomia, merkataritza, ingurumena eta ongizatea, euskara eta gure kultura eta mugikortasuna ahaztu gabe.

«Egoera leheneratzen hasteko planteatzen dugun bide-orria da hau, hitzetatik ekintzetara igarotzeko eta donostiarrei, esaten denaren kontra, ez jasangarria eta ezta ere arduratsua ez den turismo-eredu baten ondorioz, egunerokotasunean galtzen joan den ongizate hori itzultzeko. Lehenengo urratsa, zalantzarik gabe, bizilagunak, gure herritarrak, erdigunean kokatzea da, subjektu aktibo izateko eta haien ahotsak politiketara txertatzeko tresnak emanez. EH Bildun turismoa gobernatzeko behar den anbizioa eta determinazioa dugu», amaitu du.

Zinegotziak iragarri duenez, uda honetan EH Bildu berriro kalera irtengo da bere proposamena sozializatzera eta parkekatzera. Konbenzituta gaude borondate politikoa badago, posible dela egoera aldatzea.